Omenaldia gudariei eta milizianoei Bilboren defentsaren 85. urteurrenean

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Datorren igandean, ekainak 19, gudariei eta milizianoei omenaldia egingo zaie Bilbon, hiriaren defentsaren 85. urteurrenean. Eusko Jaurlaritza eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua eta Bilboko Udala elkarlanean ari dira erakunde historikoekin, alderdiekin, fundazioekin eta elkarteekin, Gerra Zibileko gudulariak gogoratzeko urteroko hitzordu honetan.

Oraingo honetan, Gogorak hiriaren defentsan hil ziren gudarien eta milizianoen senideak bertaratzea eta parte hartzea sustatu du. Pertsona hauek, Begoñako hilerriko hobi komunetik berreskuratutako gudularien senitartekoak izateko zantzuak dituzten senitartekoak dira. Horrela, goizean zehar, hobi komun horretatik berreskuratu eta identifikazio-txapak zituzten bost gudari eta milizianoetako hiruren senideek hartuko dute hitza.

Arantza Ugarte Lopetegi, Ignacio Lopetegiren iloba, San Andres batailoiko gudaria (STV), Moyua Plazan izango da, Agirre lehendakariaren estatuaren ondoan.

Artxandan hitza hartuko dute: Fernanda La Hera, Fernando La Hera Urrutiaren alaba, eta Begoña Guerra Crespo, Ramón Cresporen iloba, biak Jean Jaures batailoiko milizianoak ‘UGT sindikatuari atxikita

Aurreikuspenen arabera, Bilboren defentsan hil eta euren gorpuzkiak non dauden ez dakiten gudularien beste senide batzuk ere joango dira bertara. Horiek guztiak Gogorarekin harremanetan jarri ziren azken hilabeteetan Begoñako hilerrian hobitik ateratako gudarien eta milizianoen gorpuzkiak identifikatzeko egindako deialdiari erantzunez.

Egitaraua

Igandeko egitaraua 9:30ean hasiko da, Moyua Plazan, Carlton Hotelaren ondoan, Jose Antonio Agirre lehendakariaren estatuaren aurrean. Eusko Jaurlaritzaren lehenengo egoitza izan zenaren ondoan, hitza hartuko dute: Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Juan Mari Aburto, Bilboko alkateak, Aitor Miñambres ikertzaileak eta Arantza Ugarte Lopetegik, Ignacio Lopetegi San Andres batailoiko (STV) gudariaren ilobak.

Puntu honetan, lore eskaintza eta ohorezko aurreskua egingo dira 36ko belaunaldia omenduz. Gainera, Garaizarko Matxorriak abesbatzak kantatuko du, gudari eta milizianoen birsorkuntza bat egongo da, ‘Frente de Euzkadi’ taldearen eskutik eta Artxandako batailari buruzko testu historikoak irakurriko dira.

Bilboko hirigunetik oinezko bidea egin ostean, 11: 15ean, Artxandan, kasino zaharraren ondoan dagoen lubaki zaharberrituan bisita gidatua egingo da.

Jarraian, 12:30ak aldera, Aterpe 1936-‘La Huella’ eskulturaren ondoan, omenaldia eta aintzatespena egingo zaie Bilboko defentsan borrokatu zuten gudari eta milizianoei eta Euskadiko askatasunaren, demokraziaren eta autogobernuaren alde Artxandako batailan desagertutakoen familiei

Elkarte historikoek, fundazio, sindikatu eta alderdi historikoek adostutako manifestu bat irakurtzeaz gain, honako hauek hartuko dute hitza: Fernanda La Herak, Fernando La Hera Urrutiaren alabak, eta Begoña Guerra Crespok, Ramón Cresporen ilobak

Leku enblematiko honetan, «Frentes de Euzkadi», «Lubakikoak» eta «Burdin Hesia» birsortze taldeek hartuko dute parte, eta musika izango dute lagun: Santutxuko Txalaparta Eskola, Udal Musika Eskolako harizko duoa, Garaizarko Matsorriak abesbatza eta Ibon Coteronek albokarekin jotako garaiko doinuekin.

Senideen bilaketa

Gogora Institutuak 1937ko ekainean, Artxanda inguruan hil eta euren gorpuzkia berreskuratu ez duten gudari eta milizianoen familiekin harremanetan jartzen jarraitzen du. Helburua Begoñako hilerriko hobi komunetik berreskuratutako gorpuzkiak identifikatzea da; izan ere, txapa identifikatzailea zeramaten borrokalarien bost familiak aurkitu ondoren, eta identifikazio genetikoaren faltan, beste 37 gorpuzki geratzen dira identifikatzeko.

Gogora Institutuarekin harremanetan jartzeko, idatzi edo deitu:

Gogora.memoriahistorikoa1 @euskadi.eus | 944032845

Hurrengo estekan Gerra Zibilean hildako gudarien eta milizianoen zerrenda ikus daiteke:

https://www.gogora.euskadi.eus/aa82-aplikazi/es/contenidos/recurso_tecnico/gogora_aplik/eu_def/index.html?cm=6