Tajo Group taldeak bikoiztu egin du automobilgintzako osagai plastikoetan eta multzoetan nahiz linea zurian izandako negozio-zifra

0

Tajo Group Mondragon Taldean integratutako kooperatiba bat da, eta bere balio-proposamenari jarraiki plastikozko osagaiak diseinatu eta fabrikatzen ditu teknologia desberdinekin, automobilgintza eta etxetresna elektrikoen sektorera bideratuta. Enpresa horrek SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren laguntza bat jaso du. Duela hiru urtetik, SPRIk Basque Cybersecurity Centre (BCSC) zentroaren laguntza du zibersegurtasunaren euskal ekosistema bultzatzeko eta, ondorioz, baita ere laguntza ekonomikoak banatzen dituen programa honetarako.

Azken 5 urteotan, Tajo Group enpresak bikoiztu egin du bere negozio-zifra, eta aurten 50 milioi euro baino gehiago irabaztea aurreikusten du. Horretarako, 400 pertsonako lantalde bat du lau produkzio-lantegitan. Oiartzunen dauka egoitza nagusia, eta baita zerbitzu zentralak ere. Horrez gain, bi lantegi ditu Polonian eta laugarren bat Txekian.

Konpainia hau 1963an jaio zen Errenterian (Gipuzkoa) trokelgintzako kooperatiba gisa. 1967an Oiartzunera eraman zuten enpresa, eta plastikoaren eraldaketara bideratu zuten euren jarduera. “Beti plastikoa ardatz harturik, gure jarduera merkatuko eskaeren arabera egokitu dugu: osagaiak fabrikatzea teknologia eta prozesu arloetako expertise-a baliatuz, produktuaren diseinua, multzo osoen hornikuntza, etab.” diote Juan Manuel Martín zuzendari nagusiak eta Oscar Pérez Negozio Garapeneko zuzendariak. “Gure presentzia dibertsifikatu dugu automobilgintzan eta linea zurietan, eta estrategia horri esker merkatuetako gorabeherak orekatu ahal izan ditugu, hori indargune garrantzitsua delarik garai zail hauetan” diote.

Teknologian oso zentratuta dagoelarik, Tajo Group-ek produktu-sorta zabala fabrikatzen du automobilgintzarako eta etxetresna elektrikoetarako. Ibilgailu barrurako osagai estetiko eta funtzionalak eskaintzen dizkiote merkatuari: aurreko panelak, eserlekuak eta maletategiak, ateak edo zutabeak. Kanpoalderako, berriz, osagai aerodinamikoak, hozte sistemarako elementuak, deflektoreak, isurkiak… Horiez gain, katalogoan dauzkate baita ere pieza isolatzaileak, zaratak nahiz bibrazioak xurgatzeko piezak, pisua murriztean oinarritutako osagai funtzional eta estrukturalak, funtzioen integrazio zerbitzuak, etab. Bestalde, linea zurien sektorerako eskaintzen dituzte hotz, garbiketa eta lehorketarako gailuak, aginte-panelak txertatzeko piezak, erretiluak, ateak, markoak…, eta baita ere lehorgailuetan uraren kondentsazioa biltzeko sistema oso bat, “horixe delarik gure produkturik konplexuena”. Bere lantegietatik 150.000 produktu baino gehiago ateratzen dira egunero.

“Bezeroari balioa eskaintzeko oinarritzat hartzen dugu teknologian, materialetan eta eraldaketa prozesuan dugun expertise-a, izan ere, gai gara neurrira eginiko produktu ugari fabrikatzeko modu lehiakorrean. Bezeroari laguntzen diogu prozesu osoan, hasi produktuen diseinutik eta serieko fabrikazio eta logistikaraino”.

Enpresa-bazkidea

Mondragon Taldeko kide bezala, “gure enpresa-bazkidea nabarmendu nahi dugu talde kooperatibo gisa, eta baita ere gure bezeroentzat daukagun balio garrantzitsuena: gure lantaldea eta proiektuarekin duten konpromisoa”.

Enpresaren fakturazioa asko hazi da azken urteotan, nahiz eta merkatuak garai zailak bizi dituen, eta hori gertatu da, neurri handi batean, laugarren lantegi bat ireki zutelako duela bi urte Polonian. “2022. urtean asmoa da 50 milioi euroko fakturazioa gainditzea, atzean utziz 2017ko 28 milioiak. Halere, plan estrategiko berriaren helburuetako bat da hazkunde moderatuagoa izatea, urtean 55 milioi euro ingurukoa”.

Exijentzia-maila handiko sektoreentzat lan egiten duenez, berrikuntza erabakigarria da Tajo Group taldearentzat, eta plan estrategiko berri horren beste helburu bat da irabazien % 2 baino gehiago I+G-n inbertitzea.

SPRI Taldeak zibersegurtasun industrialeko programaren bidez emandako laguntza bideratu da enpresa globalki babestera, “eta prozesu horri buru emateko, arestian eskuratu dugu Tisax ziurtagiria (Trusted Information Security Assessment eXchange), hots, automobilgintza industriarako informazioaren segurtasun estandar globala”.

Tajo Group taldearen estrategiak sei ardatz ditu. Lehena, pertsonak, “jarrera, konpromiso eta ezagutza onenak izateko asmoarekin”. Bigarrena, hedapen maila eta lehiakortasun posizionamendua finkatzea “inbertsio handiak egin ondoren”. Hirugarrena, bezeroen premia konplexuenak asetzea. Laugarren ardatza da eragiketen eta kudeaketaren bikaintasuna, “zeina oinarrizkoa baita gero eta gehiago eskatzen diren kalitatea eta lehiakortasuna eskaintzeko”. Bosgarrena, bere “aztarna” diseinatzen jarraitzea Europan. Eta, azkenik, egungo zein etorkizuneko aldaketa sozial eta teknologiko sakonek ekarriko dituzten dibertsifikazio-aukerak aprobetxatzea.