Lortutako emaitzen arabera, gazteen % 67 Euskadin oinarrizko errenta bat ezartzearen alde dago; % 13,2, aldiz, aurka dago, eta % 19,8, berriz, ez da posizionatzen. “Oinarrizko errentak, herritar guztiei baldintzarik gabe ordaindutako diru-esleipen publikoak, onura ugari ditu gaur egun dauzkagun baldintzapeko sorospenekin alderatuta (esaterako, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta), eta gazteek oso modu positiboan baloratu dituzte gehienak. Zehazki, ikasleen % 78,4 ados dago oinarrizko errentaren izaera indibidualarekin, % 73,8 errenta hori erreforma fiskal progresibo eta birbanatzaile baten bidez finantzatzearen alde dago, eta % 69 bat dator haren izaera unibertsalarekin”, zehaztu du Ángel Elias, ikerketaren egile eta UPV/EHUko irakasleak.
Ángel Elías, UPV/EHUko Lan Harremanetako irakasleak GAZTEBI ikerketa-proiektuaren emaitzak aurkeztu ditu Bizkaia Aretoan. Txosten hori Ángel Elíasek berak, Maitane Arnosok (Zientzia Politikoan doktorea eta irakaslea UPV/EHUn), Itziar Guerendainek (doktoratu aurreko ikertzailea UPV/EHUn), Julen Bollainek (Mondragon Unibertsitateko doktorea) eta Lucía Pérezek (doktoratu aurreko ikertzailea UPV/EHUn) egindako ikerketa-proiektuaren emaitza da.
Elkarrizketatutako gazteen % 81ek uste du oinarrizko errentak beren bizi-baldintzak hobetuko lituzkeela. Halaber, % 70ek uste du oinarrizko errentak lan-merkatutik kanpo beste lan batzuk egitea ahalbidetuko lukeela (esaterako, zaintza-lana edo borondatezko lana), % 59k uste du aberastasunaren banaketa bidezkoagoa izango litzatekeela, eta % 54k uste du enplegu prekarioa eta laneko abusuak ezabatzen lagunduko lukeela.
“Horrela, oinarrizko errentak aukera ematen die urteetan trebatu diren gazteei beren ibilbideari balioa emateko eta hautatzeko askatasun handiagoarekin merkaturatzeko. Era berean, lan-prekarietateari eta aditu-ihesari aurre egiteko tresna da”, azaldu du Elíasek.
Alokatzeko edo argia ordaintzeko errenta
Dirua nola gastatuko luketen ere argi daukate. Unibertsitateko gazteen % 51k premia handiko gastuei aurre egiteko erabiliko luke (alokairua, argindarra edo elikadura-gastuak, esaterako), % 36k etorkizunerako aurreztuko luke, % 29k prestakuntza-prozesuan inbertituko luke, eta beste % 29k emantzipazio-aukerei buruz hitz egiten du.
Gazteek oinarrizko errenta beren bizi-baldintzak hobetzeko eta “bizitza libreagoa eta duinagoa” izan dadin ahalbidetzeko neurri gisa oso ondo baloratzen dutela adierazteaz gain, emaitzek erakusten dute “beharrezkoa” dela proposamen hori eremu publikoan eztabaidatzeko eta zabaltzeko espazioak irekitzea, “proposamen hori ezartzeak ekarriko lituzkeen aukerak eta erronkak sakon eztabaidatu ahal izateko”.
Informazio gehiago: https://www.ehu.eus/eu/web/lan-harreman-gizarte-langintza-fakultatea/gaztebi