“Europako berrikuntza-politika anbiziotsu bat taxutuz trantsizio berde eta digital bikoitza azkartzeko” lelopean, Vanguard Initiative Europako eskualdeen sareak -Eusko Jaurlaritza sareko kide da sortu zenetik- berrikuntza-politikei buruzko urteroko konferentzia egin du Bruselan ekainaren 14an, eta bertan izan dira Europako Batzordeko eskualde- eta berrikuntza-politiken arduradunak.
Ekitaldian izan da baita ere Cristina Oyón, SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun zuzendaria, zeinak Europako Batzordearen esku-hartzeei buruzko solasaldian parte hartu baitu Muriel Attané (Teknologi Zentroen Europako Elkarteko zuzendari exekutiboa) eta Zeljo Pazin (“Factories of the Future”, EFFRA, Europako Ikerketa Elkarteko zuzendari exekutiboa) adituekin batera.
Konferentzian zehar aurkeztu da energian intentsiboak diren Europako enpresen deskarbonizaziorako ibilbide-orri teknologikoa, enpresa horien jarduerak sortzen baitu Europako berotegi efektuko gas emisioen % 17. Oyónek esan bezala, ibilbide-orri hau, Batzordeak joan den apirilean argitaratu zuena, “Basque Net Zero Industrial Super Cluster” garatzen ari den analisiaren barruan kokatzen da, eta analisi horren helburua da energian intentsiboak diren euskal enpresen trantsizio energetikoa bultzatzea, energia arloko euskal ekosistemaren garapen teknologikorako aukera-iturri gisa.
Konferentzian eztabaidagai hartu da eskualdeek Europako berrikuntza-politiken ezarpenean duten garrantzia, bai eta politika horiek ETEei hurbiltzeko betetzen duten eginkizuna, eta bereziki nabarmendu da eskualde arteko lankidetza beharrezkoa dela hurbilketa hori eraginkortasunez egiteko.