Abadiñon, N-634 errepidetik Trañapadura industrialdera sartzeko zubia ordezteko lanak hasi dira

0

Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita dagoenak, N-634 errepidetik Abadiñon (Bizkaia) Trañapadura industrialdera sartzeko zubi bat eraikitzeko lanei ekin die. Hala egiaztatu ahal izan dute, bertatik bertara, Abadiñoko alkate Mikel Garaizabal Iturriagaetxebarriak eta Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Antonio Aiz Salazarrek, beren lantaldeekin egindako bileraren ondoren lanoi egindako bisitan.

Zubi berriak 20,20 metroko argia izango du, eta bateragarria izango da Sarria ibaia egokitzeko erabiliko den ibilgu-zabalerarekin, inguruneko uholde-arriskua murrizteko, sekzioa zabalduz. Obren aurrekontua 1,7M €-koa da (BEZa barne), eta lanak amaitzeko aurreikusitako epea 9 hilabetekoa da, hau da, 2023ko otsailera artekoa. Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du.

Bizkaiko udalerriko alkateak azpimarratu duenez, “erakundeen arteko lankidetzari esker, Abadiñorentzat funtsezkoa den eta denbora asko geldirik zeraman proiektua aktibatu ahal izan da. Obra honen bidez, uholdeei aurre egiteko segurtasuna indartuko dugu, baina, gainera, zubi berriak eta inguruko bideek Traña-Matienako hirigunetik trafiko astuna ateratzeko aukera emango digute”.  Mikel Garaizabal Iturriagaetxebarriak obrara egindako bisitan azaldu duenez, “eskari historiko horri erantzuten ari gatzaizkio, eta, aldi berean, industrialdeari sarbide hobeak emango dizkiogu”.

Horren harian, Antonio Aiz Salazarrek nabarmendu du “obra honekin Sarria ibaiaren gaineko zubi bat egokituko dugula uraren joana errazteko. Gaur egungoak ur askoko gertakarietan ur-lamina handitzea eragin baitezake. Lan hauekin, pertsonen eta inguruko jarduera ekonomikoaren segurtasuna areagotzea dugu helburu. Aldi berean, udalaren ahaleginari esker, sarbideak berritzen ditugu, eta hiri-ingurunea berritzen dugu lanen eremuan”.

Abadiñoko herrigunea Uholde Arrisku Handiko Eremuan (UAHE) dago (ES017-BIZ-9-1). Zubi hori Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean zehaztutako egiturazko neurrien artean dago.

Proiektuak helburu bikoitza du. Batetik, zubi berri bat sortzea, ur-goraldien emariak ibilgutik aise jario daitezen, eta, Sarria ibaiaren ibilgua handitzen denean, zubi berria eta ibilguaren zabalera berria bateragarriak izan daitezen.

Bestalde, Bizkaiko udalerriko poligono garrantzitsuenetakoaren irisgarritasun-arazoak konpontzeko baliatu da jarduketa, N-634 errepidetik industrialde horretarako sarbidea zuzenean berreskuratuz. Horretarako, zubiaz gain, errepidearen inguruko bide bat egokituko da, ibilgailuak Trañapadura enpresa-parkean sar daitezen errazteko.

Era berean, oraingo zubia eraistea aurreikusten da: industrialdeko enpresa baterako sarbidea zen, urgoraldien emariei eusteko edukiera nahikorik ez zuen, eta ur askoko sasoietan ur-laminaren altuera murriztea ahalbidetuko du.

Bi erakundeek sinatu zuten lankidetza-hitzarmenak zedarritutatakoari jarraiki, Abadiñoko Udalak URAren esku jarri zituen jarduketa gauzatzeko behar ziren lurrak, eta 1,2 M € ordainduko ditu, sarbideak eraikitzeko eta urbanizatzeko. Bestalde, Uraren Euskal Agentziak 2021etik 2022ra bitartean egungo zubia eraisteko lanen kostuaren 500.000 € ordainduko ditu, eta berak egingo ditu ibilguaren egokitzapena, zubi berria egitea, ordezkatu beharreko sarbideak berritzea eta eragindako zerbitzuak lehengoratzea.

Trañapadura industrialdera sartzeko zubia ordezteko lanak hasi ditu URAk / 0 URA acomete las obras para la sustitución del puente de acceso al polígono industrial de Trañapadura