“ARTE POP” izango da 2022ko Bilboko Aste Nagusiaren irudia

0

ARTE POP” izango da 2022ko Aste Nagusiaren irudia, Bilboko Udalak urteroko kartel-lehiaketan emandako ebazpenaren ondorioz. Urtero bezala, kartel horren bidez herritarrak eta bisitariak Bilboko Aste Nagusiaz gozatzera eta parte hartzera gonbidatu gura ditu.

Irudi ofiziala Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak aurkeztu du gaur goizean prentsaurrekoan, epaimahai espezializatuarekin batera.

MAXIMILIANO COSATTI-ren aurkeztu duen obra izan da bozkatuena (sei lan finalisten botoen % 31,81ekin). Urtasunek esan duenez, “kopuru hori ez da txikikeria bat”. Aurten, lehiaketak parte-hartzearen errekorra gainditu du: 338 lan aurkeztu dira guztira, 2019ko edizioan baino % 39 gehiago.

Gainera, proposamen gehienak Bilbotik eta Bizkaitik iritsi diren arren, lehiaketan aurkeztu diren diseinuak leku askotatik iritsi dira, lehiaketa aberastuz. Batzuk beste euskal lurralde batzuetatik heldu dira (Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa); Estatutik (Bartzelona, Valentzia, Galizia, Zaragoza, Burgos, Kadiz, Madril, Kantabria), baita beste herrialde batzuetatik ere (Argentina, Kolonbia, Txile, Peru, Portugal, Maroko, Austria, Bielorrusia).

Modu berean, nabarmendu dute euren lanak aurkeztu dituzten pertsonen % 52ak loturak dituela diseinuarekin, publizitatearekin edo arte ederrekin.

ASTE NAGUSIAREN AZKEN XEHETASUNAK

Lehiaketa inflexio-puntu bihurtu da Aste Nagusirako atzera-kontaketan. Aurten, jaiak abuztuaren 20tik 28ra ospatuko ditugu. Bederatzi egunotan, Bizkaiko hiriburua musikaz, folklorez, antzerkiz, su artifizialez eta adin eta gustu guztientzako doako jarduerez beteko da. Hain zuzen ere, eginkizun horretan dago murgildurik jaietako lantaldea.

Espero dugu, gutxienez, aurreko edizioetako arrakasta errepikatzea edo, ahal bada, gainditzea. Guk geure aldetik jo eta ke jarraituko dugu lanean, antolatu ditugun doako jarduera guztiak zehazteko. Horien bidez, gure kaleak alaitasunez eta kolorez bete gura ditugu”, aurreratu du Itziar Urtasun zinegotziak aurkezpenean.

Modu berean, parte hartu duten pertsona guztiei euren ahalegina, asmamena, sormena eta Aste Nagusiak bilbotar guztientzat duen esanahia irudi bakar batean biltzeko inbertitu duten denbora eskertu dizkie. “Estilo artistiko askotako eta kalitate handiko obrak aztertu ditugu. Ez da erraza izan”, nabarmendu du.

Itziar Urtasunek, aurkezpena amaitzeko, adierazi du nahi lukeela “kartel hau bilbotar gehienen gustukoa izatea eta, batez ere, denok ikustea eta atsegin izatea nola irudikatzen dituen Bilbo eta bertako jaiak”. Eta gogoratu du uriaren ezaugarrietako batzuk direla «abegikorra, inklusiboa, baloreduna eta askotarikoa» izatea.

BOZKETA-SISTEMA MISTOA: HERRI BOZKETAK, % 66

Ekainaren 8tik 15era (eguaztena), herritarrek sei kartel finalisten artean bozkatu dute, modu presentzialean, Abandoko barrutiko udaltegian (Barrainkua kalean), udal web-orriaren bidez eta Bilboko Udalaren lankide diren komunikabideen bidez.

Edizio honetan, beste behin ere, Bilboko Udalak bere helburua mantendu du, alegia, kartel irabazlearen aukeraketan herritarren parte-hartzea bultzatzea: herritarren bozkari % 66ko balioa eman dio eta epaimahai espezializatuaren bozkari % 33.

Oraingo honetan, epaimahaiak bederatzi kide izan ditu. Haietako bost diseinu grafikoaren eta komunikazioaren munduari lotuta daude: Alicia Fernández, Rekalde Aretoko zuzendaria; Mario Paniego, BilbaoArte Fundazioko teknikari profesionala; Olga Zulueta, BilbaoCentro Merkatari Elkartearen zuzendari artistikoa; José Félix Ruiz, Bizkaiko Publizitate Agentzien Elkartearen presidentea, eta Luis López, EL CORREOko kazetaria. Horiez gain, Lurdes Luque Bilboko Konpartsen ordezkaria, eta Udalbatzaren hiru ordezkari egon dira epaimahaian: Itziar Urtasun Jaietako zinegotzia eta Jai Batzordearen burua, eta Asier Abaunza eta Xabier Jimenez zinegotziak..

SARE SOZIALAK:

#AsteNagusia2022