Barakaldo herri-akusazio gisa aurkeztuko da laurogeita hamar urtetik gorako emakumearen hilketa-kasuan

0

Erasoen Aurkako Mahaia gaur goizean bildu da, gertakaria etxeko indarkeriagatiko inguruabar astungarriarekin tipifikatuta dagoela jakin ostean. Protokoloari jarraiki, hamabost minutuko gaitzespen-kontzentrazioa deitu da bihar, 12:00etan, Herriko Plazan, eta Udaletxeko balkoian puntu lila eta dolu-xingola jarriko dira.

Barakaldoko Udalak Erasoen Aurkako Mahaia deitu du gaur goizean, aste honetan ezagutu dugun adineko emakumearen hilketak etxeko indarkeriagatiko astungarria duela baieztatu baitute ikerketaren arduradunek. Horiek horrela, ezarritako protokoloari jarraiki, Udala herri-akusazio gisa aurkeztu da kasu horretan, eta udaletxean puntu lila eta dolu-xingola jarriko dira indarkeria matxista gaitzesteko. Horrez gain, kontzentrazio bat deitu da bihar, 12:00etan, Herriko Plazan.

Erasoen Aurkako Mahaia hiriko elkarte feministek, emakume-taldeek, LGTBIQ+ kolektiboak, Udaltzaingoaren arduradunak, Emakumeen Arloko Berdintasun teknikariak eta Udaleko alderdi politikoek osatzen dute. Era berean, Erasoen Aurkako Mahaiak adierazpen instituzional bat onetsi du, biktimaren familiari babesa adierazteko eta udalerrian jasan dugun indarkeria matxista kasu hau irmotasun osoz gaitzesteko. Gainera, gogorarazten da indarkeria matxistak giza eskubideen urraketa larria dakarrela, eta lehen mailako arazo sozial bat dela, indarkeria hori jasaten duten emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboaren duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurka egiten baitu.

Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei arreta emateko telefonoak:

  • Berdintasun Ministerioa: 016
  • Emakumeen Arloa: 010 – 944 78 94 35
  • Udaltzaingoa: 944 38 01 00