Lehendakaria Bermeoko gudari eta milizianoei eta Juan Azkarateri, azken itsas-gudariari, bere 100. urtebetetzean egindako omenaldian izan da

0

    • Iñigo Urkulluk belaunaldi oso baten konpromisoa onartu du, eta gaur egun balore demokratikoekin konpromisoa hartzea Euskadiko bizikidetzarekin konprometitzea dela adierazi du

 

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Lucia Arieta-Araunabeñarekin batera, Bermeon izan da, herriko gudarien eta milizianoen eta Juan Azkarate itsas-gudariaren omenezko ekitaldian, 100 urte bete dituelako, herriko Udalak berak antolatutako omenaldian.

Harrera egin diete José Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak eta Aritz Abaroa alkateak. Udaletxeko sarrerako arkuetan, Juan Azkarate protagonista omendua zuten zain, Euskadiko Itsas Armada Laguntzailearen azken itsas-gudaria; Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria; Josu Erkoreka, lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburua eta udalerriko gudarien eta milizianoen senideak.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, lehenik eta behin, Juan Azkarateri zorionak eman dizkio bere 100. urtebetetzean, eta adierazi du berak ordezkatzen dituela Bermeoko herritar, gudari eta miliziano guztiak eta “faxismoaren aurrean gobernu demokratiko baten alde, bakearen, giza eskubideen eta askatasunaren alde borrokatu ziren pertsona guztiak. Belaunaldi oso baten konpromisoa aitortu du, harro egoteko modukoa baita guztiontzat, eta gaineratu du gure memoria kolektiboaren parte direla.

Gamiz-Fikan ere egin zuen bezala, esan du gaur bezalako ekitaldiak egiterakoan, oroimenezkoak eta omenezkoak,  “betebehar instituzional eta sozial bat betetzen dugu, betebehar politiko eta etiko bat: gerra bidegabea bizi izan zutenen egia eta duintasuna itzultzea”.

Urkullu lehendakariak nabarmendu du memoriaren beharra dagoela gaur egungo gizartean, “demokrazia galtzen dugunean gal dezakegun guztia ulertzeko”, eta gaineratu du “harro sentitzen gara, egoera txarrenean ere bizikidetza demokratikoa defendatu zuten pertsonen ahaleginaz”.

Egun, oraindik ere, gizarte bezala printzipio demokratiko eta giza eskubideen defentsan konprometitzeko dugun beharraz hitz egin du Urkulluk “gaur egun balio demokratikoekin konpromisoa hartzea gure herriaren bizikidetzarekin konprometitzea” dela adieraziz.

Juan Pardo, Euzkadiko Guda Itsas Armada Laguntzailean espezializatutako ikertzailea, eta Matxitxako Elkartea bezalako pertsonen lana goraipatu eta eskertu du bere hitzaldian, “itsasoko gudarien oroimena ahanzturan erori ez dadin” egindako lan eskergagatik.

Aritz Abaroak, Bermeoko alkateak, bere hitzaldian gudari eta miliziano bermeotarren konpromisoa gogoratu eta aitortzeko betebehar instituzionalean sakondu du, hain zuzen ere, hori da gaurkoa bezalako ekitaldi bat egitearen zentzua, bere esanetan; “azpimarragarria da guztiak, ideologia politiko desberdinen gainetik, helburu amankomunek elkartu zituztela: herriaren defentsak, legalki eratutako instituzioen defentsak eta herritarren askatasunaren defentsak… hau da, demokraziaren defentsak”

Gaurko ekitaldia ikurrinaren igoerarekin hasi da, Bermeoko txistulariek Eusko Abendako ereserkia jo duten bitartean. Ondoren, Iñigo Urkullu Lehendakariak, Aritz Abaroa Bermeoko alkateak eta Juan Azkaratek plaka bat aurkitu dute, Bermeoko gudarien eta milizianoen omenez. Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeko kideek ohorezko aurreskua dantzatu dute. Plaka agerian, Bermeoko alkate Aritz Abaroak, Matxitxako Elkarteko zuzendari Xabier Olabeagak eta Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburu Josu Erkorekak oroigarriak eman dizkiote Juan Azkarateri. Alkate eta Lehendakariaren hitzak entzun ondoren, Bermeoko Abesbatzak ‘Eusko Gudariak’ abestuz amaitu du ekitaldia.