Uda iristear dagoenean, Ertzaintzak, udaltzaingoekin elkarlanean, gidarien prebentziozko alkohol eta droga kontrolak indartuko ditu. Kontrol horiek, zehazki, ekainaren 20tik 23ra bitartean, uztailaren 1etik 3ra bitartean eta abuztuko asteburu guztietan egingo dituzte, bai eta abuztuaren 8tik 14ra bitartean aste osoan eta abuztuaren 25ean ere.
Bide Segurtasunari buruzko Legeak eta Zirkulazio Araudi Orokorrak jasotzen dutenez, agintaritzak edo agintaritzaren agenteek prebentziozko alkoholemia-kontrol bat egitea eskatzen badiote gidari bati, gidari horrek nahitaez egin beharko du kontrola. Gidariak proba egiteari uko egiten badio, bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzi ahal izango zaio eta 1.000 euroko isuna jarri ahal izango zaio.
Sonia Díaz de Corcuera, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera, “alkoholaren eta drogen kontsumoa da hildakoak eta zauritu larriak eragiten dituzten istripuetan errepikatzen den faktoreetako bat, abiadura desegokiarekin eta arreta-galtzeekin batera. Horregatik, funtsezkoa da, ibilgailu bat gidatu behar dugunean era horretako portaerei aurrea hartzea”.
Alkoholemia-kontrola
Joan den martxoaren 21etik, adingabeek ezin dute gidatu botatako aireko edo odoleko alkohol-tasa 0tik gorakoa bada.
Alkoholemia-kontroletan airea botatzea eskatzen duten bi proba egiten dira, eta proba batetik bestera gutxienez 10 minutu utzi behar dira.
Errore-tarteak aplikatu ondoren:
-
- Botatako airean 0,25 miligramo alkohol baino gutxiago agertzen bada (0,15 miligramo gidari profesionalentzat eta gidabaimenarekin 2 urte baino gutxiagoko antzinatasuna dutenentzat), gidariak bere bidean jarraitu ahal izango du.
-
- Botatako airean 0,25 (edo 0,15) miligramo alkohol baino gehiago eta 0,60 baino gutxiago agertzen bada, gidariak arau-hauste administratiboa egingo du. 0,60 baino gehiago agertzen bada, berriz, bide-segurtasunaren aurkako delitutzat joko da.
-
- Agenteek alkohola edan izanaren zantzu nabariak antzematen badituzte, eta gidatzeko garaian eragina badute, gidariari bide-segurtasunaren aurkako delitua egoitziko zaio, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.
Probaren emaitza positiboa bada, berriro egin ahal izango da proba –interesdunak eskatuta edo epaileak aginduta–, emaitzak alderatze aldera. Osasun-langileek egingo dute bigarren proba hori eta, ahal dela, odol-analisiaren bidez (behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik).
Probari uko egiten bazaio edo proba positiboa bada, ibilgailua ibilgetuko da, salbu eta beste pertsona batek gida badezake, betiere beste pertsona horrek proba egin eta negatibo ematen badu.
Proban emaitza positiboa emanez gero, arau-hauste administratibo oso larritzat joko da, eta 500 euroko zehapena ezarriko da eta gidabaimeneko 4 puntu kenduko dira emaitza 0,50 mg/l-koa edo txikiagoa bada, eta 0,50 mg/l-koa baino handiagoa eta 0,60 mg/l-koa edo txikiagoa bada, 1.000 euroko zehapena jarriko da eta 6 puntu kenduko dira.
Droga-kontrola
Droga-kontrolaren prozedura antzekoa da, baina zenbait berezitasun ditu. Proba egiteko listu-lagin bat erabiltzen da, eta gailu baimendu batean aztertzen da lagina. Probaren emaitza positiboa bada, laborategiko analisi batean berretsi beharko da positibo hori.
Positibo ematea arau-hauste oso larria da, eta 500 eurotik 1.000 eurora arteko isuna eta 6 puntu kentzea ekar dezake.
Medikuaren aginduz botikak hartu badira, Trafikoko Lurralde Bulegoaren salaketaren eta laborategiko emaitzaren jakinarazpena jaso, eta 20 egun naturaleko epea izango da alegazioak aurkezteko.
Kontrol horiek trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urterako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan daude.