Barakaldok 700.000 eurotik gorako inbertsioa egin du auzoetako argiak berritzeko

0

Berritzeko lanak kontratatu dira, besteak beste, honako hauetan jarduteko: Gurutzeta, San Bizente, Dolores Ibarruriko bidegorria, Mendia auzunea, Primero de Mayo auzunea, Argalario eta Loizaga auzunea. Gutxi gorabehera 600 argi berri jarriko dira eta, horrela, guztira 330.553 KWh-eko kontsumoa aurreztu ahal izango da.

Barakaldok jarraitzen du auzoak garatzen. Oraingoan, argiak berritzeko lanekin dabil. Izan ere, Udalak argiteria publikoa berritzeko lanak hasi ditu, besteak beste, honako auzo hauetan: Gurutzeta (Horacio Etxebarrieta, Telleria, Euskalduna eta Balejo kalea, eta Bakeako Zubia), San Bizente, Dolores Ibarruriko bidegorria, Loizaga auzunea, Primero de Mayo auzunea, Mendia auzunea eta Argalario. 700.000 eurotik gorako inbertsioa egingo da lan horietan eta, horri esker, gutxi gorabehera 600 argi berri jarriko dira. Udalak 330.553,70 kwh-eko energia aurrezpena izango du.

Iazko gerakinaren kontura ari dira egiten hobekuntza horiek, Amaia del Campo Barakaldoko alkatearen esanetan gerakin horren bidez Gizarte Ekintzaren partida handitu delako eta auzoen garapenean aurrera egin ahal izan delako. Auzokoek gehien eskatu duten hobekuntza, hain zuzen, auzoetako argiteria hobetzeari lotutakoa izan da, auzoetan instalazio zaharrak izanik energiaren kontsumo handia eragiten baitute.

Gaur egun, Udalaren kontsumo elektrikoaren % 65 Barakaldoko kanpoko argiteriarena da. Jon Andoni Uriak, Auzoetarako eta Hirirako Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak, azaldutakoaren arabera: «Argi asko zaharrak dira, eta alkatetzara iritsi ginenetik ahalegin handia egin dugu horiek pixkanaka berritzen, instalazio elektrikoak modernizatzen eta LED sistemara igarotzen, horrela askoz gutxiago kontsumituko dugulako, gutxiago kutsatuko dugulako eta, aldi berean, bonbillentzako iraunkortasun handiagoa lortuko dugulako».

Lanen bidez 568 argi LED sistemara aldatuko dira. Lanen bidez kaleetan argi hobea izateaz gainera Udalak energiaren kontsumoa murriztuko du: argi zaharrek gaur egun 413.314,80 kwh kontsumitzen dute baina argiak berritu ostean kontsumoa 82.761,10 kwh-ekoa izango da. Hau da, hobekuntza eginez, Barakaldok 330.553,70 KWh-eko energia-aurrezpena egingo du.

Datu zehatzagoak emateko, Gurutzeta auzoan 216.402 euroko inbertsioa egingo da, 100 argi berrituko dira. San Bizenten, parkeko argiak berrituko dira: 78 argi berri jarriko dira eta, horretarako, 155.000 euroko inbertsioa egingo da.  Loizaga auzunean 130.500 euroko inbertsioa egingo da: 193 argi berrituko dira. Eta bidegorrian 137.506,48 euroko inbertsioa egingo da: 134 argi berrituko dira.

Bestalde, lanei esker, aldaketak izango dituzten auzo horietako herritarren bizi-kalitatea hobetu ahal izango da; esate baterako, potentzia handitu eta itzalaldiak murriztu ahal izango dira Primero de Mayo auzunean (18.000 euro), edo Argalario aldean lehen aldiz argiteria-sistema jarriko da (23.000 euro). Zinegotziaren esanetan: «Inguru horietako herritarrekin hartu genuen konpromisoa da». Argiztapenaren uniformetasuna ere hobetuko da Mendia auzunean: 18.000 euroko inbertsioa egingo da argi-puntuak jartzeko.

HIRIKO KUTXA ELEKTRIKOEN HOBEKUNTZA
Gogoratu behar da Barakaldoko Udalak milioi 1 euroko inbertsioa egin duela hiriko kutxa elektrikoak berritzeko. Lan horiek auzoka ari dira egiten. Hiriko 168 kutxa elektriko berrikusi dira, eta horiek behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren lanak ari dira egiten.