Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasle batek Adecco Espainia zuzenduko du hilabete batez

0

Bilboko Ingeniaritza Eskolan ingeniaritza ikasketak egin dituen eta Industria Teknologiako masterreko ikaslea den Mikel Mendibe Adecco Espainiako CEO izendatu dute hilabete batez. 30 egunez, 22 urteko gazte honek Iker Barricat Espainiako Adecco taldeko egungo zuzendari nagusiari lagunduko dio bere lanaldian. Gainera, haren agenda partekatuz, hainbat eskualdetara bidaiatuko du, bilera eta bisita komertzialetara joango da, nazioarteko konferentzietan aktiboki parte hartuko du, zuzendaritza batzordeko kideen aurrean aurkezpenak prestatu eta egingo ditu eta 2.400 pertsonatik gorako talde bat kudeatuko du.

Horrela, Mendibek “lan merkaturako zeharkako hurbilpen bat egingo du eta horrek bere lan etorkizunean hautagai hobea izateko esperientzia eta beharrezko konpetentziak emango dizkio”, azaldu du Adecco Espainiak. “Izan ere –gehitu du–, proiektu honek trebetasun oso garrantzitsuak garatzea bultzatzen du: lidergoa, komunikatzeko gaitasuna, taldearen kudeaketa eta estresaren kontrola, besteak beste”.

Espainian “CEO hilabete batez” deialdian izena eman zuten 3.000 partehartzaileren artetik hautatu dute Mendibe –prozesua ekainaren 3an amaitu zen–. Aurten, hautaketa prozesuak aurrez aurreko probak zein birtualak izan ditu: bideo elkarrizketetatik hasita assessment batera, tartean «Riders of History» proba eginda –Adecco taldearen ebaluazio birtualeko tresna propio bat, gamifikazioan oinarritua–.

Parte hartu duten gazte guztietatik hiru «final handian» izan dira: Ana Buiza, Carla Cabrera eta Mikel Mendibe bera. Giza baliabideetako adituekin elkarrizketa batzuk eta Adecco Espainiako egungo zuzendari nagusi Iker Barricatekin beste bat egin ondoren, Mikel Mendibe hilabete batez Adeccoko CEO izateko hautatua izan da, final oso lehiatuan.

Orain, Mikelek Adecco Espainiako CEO gisa lan egingo du 30 egunez. Horrez gain, konpainiako munduko CEO bihurtu eta Denis Machuel taldeko kontseilari ordezkari orokor berriaren eskuineko eskua izateko aukera edukiko du. Horretarako, mundu osoan izendatu diren 47 hautagaietatik 10 onenetako bat izateko lan egin beharko du. Lortzen badu, uda honetan egingo den bootcamp-era joateko aukera izango du; bertatik aterako da hilabete batez Adeccoko munduko zuzendari izango dena.

“Ilusioz egiten diot aurre aurrean dudan erronkari, adierazi du ingeniari honek; ikasteko, hazteko eta bizitzeko ametsetako aukera paregabea da. Hilabete bat izango naiz Adecco Espainia-ren CEO den Iker Barricat-en shadowing-a egiten; batzarretara joaten, erabakietan parte hartzen eta Fortune 500-eko enpresa baten kudeaketa nola egiten den ikasten. Guztiei gomendatzen diot hurrengo edizioan parte hartzea, ziur nago ez direla damutuko”.

Zornotzako ingeniaria

Mikel 22 urteko gazte zornotzar bat da. Euskal Herriko Unibertsitatean ingeniaritza ikasketak eta Industria Teknologiako masterra egin ditu gazte honek eta curriculum bikaina du: iaz Espainiako Bikaintasun Akademikoaren Elkarteak Industria Teknologien Ingeniaritzako herrialdeko gradudun onena izendatu zuen. Halaber, dagoeneko 2019-2020rako IKASIKER ikerkuntzarako bikaintasun beka jaso du eta Eibarko 2021eko Climathon irabazi du.

Adecco taldean izango duen «CEO hilabete batez” esperientziaren bidez helburu handiak lortu nahi ditu Mikelek: «Aukera hau eraldatzailea izatea espero dut. Adeccon arrasto txikitxo bat uztea espero dut, eta Adeccok nigan arrasto “handixkoa” uztea. Ematen ari zaizkidan aukera sinestezin hau ahalik eta gehien aprobetxatzeko eta ikasi, hazi, eraldatu eta eboluzionatzeko asmo sendoa daukat».

«Digitalizazioa, 4.0 industria, errealitate bihurtu diren etorkizunak dira eta etorkizun jasangarri horren sorreran parte hartu ahal izateak ilusio handi-handia egiten dit», esan du gazte honek.

Iker Barricat Adeccoko zuzendari nagusiak honako hau azpimarratu du Mendiberen hautaketari buruz: «Hautaketa prozesu honek gure herrialdeko gazteek duten talentu bikainaren balioa azpimarratzen du urtero. Urtetik urtera zailagoa da milaka hautagairen artean aukeratzea, baina Mikel potentzial handiko gaztea da; bere gaitasun analitikoa, sormenezko pentsamendua eta etorkizunaren ikuspegi humanista gailendu dira. Horregatik guztiagatik izan da gaur gure zortzigarren edizioaren irabazlea. Ziur gaude bere potentzialari eta datorren hilabetean biziko duen esperientziari esker Mikel etorkizunean sortzen zaion edozein lan erronkari aurre egiteko gai izango dela. Niretzat eta Adecco Espainiako talde osoarentzat gazteen talenturik onenaz gozatu eta ikasi ahal izateko aukera paregabea da».