Farmakoekiko desentikortzea: bigarren aukera bat

0

2021ean formalki eratu zen Medikamentuak Desentikortzeko Unitatea Alergia Zerbitzuaren barruan. Jarduera hori aspalditik egiten zen zerbitzuan, baina, iaz, estandarizatu egin ziren prozedurak eta administrazio-jarraibideak, eta bi pertsona izendatu ziren prozedura horien arduradun: Javier Sánchez de Vicente eta Aritza Segurola doktoreak.

Medikamentuekiko desentikortzea –medikamentuekiko tolerantzia-indukzioa ere esaten zaio– paziente bati alergia dion sendagaia modu seguruan ematean datza. Alergista/immunologo batek egin behar du, eta erreakzio posibleak tratatzeko ingurune egoki batean. Paziente alergiko batek medikamentu bat hartzen du immunitate-sistema «engainatuz», hura onar dezan.

Iaz, desentikortzeen kopuruak gora egin zuen modu esponentzialean. Guztira 115 desentikortze-ziklo egin ziren 33 paziente onkologikotan. Ziklo guztietan lortu zen farmakoak ematen amaitzea, inongo kasutan erreakzio larririk izan gabe.

Farmakoekiko desentikortzeak funtsezko bi abantaila dakartza: 1. Pazientea lehen tratamendu-lerroko farmakoarekin mantentzea, sendatzeko/bizirauteko aukerak handitzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko. 2. Arrakasta terapeutikoa izateko aukera txikiagoa duten eta, gainera, kostu ekonomiko handiagoa duten bigarren tratamendu-lerroak saihestea, kostu handiagoa baitakarte.

Laburbilduz, 2021ean egindako 115 ospitaleratzetan, lehen tratamendu-lerro onkologikoak ondorio kaltegarri larririk gabe ematea lortu zen.  Gainera, estandarizazio- eta espertizazio-prozesua kontuan hartuta, prozedura horiek guztiak, sintoma bereziki larriak zituen paziente baten bi ziklotan izan ezik, eguneko ospitalean egin ziren, ZIUn egin beharrean –azken horretan egiten ziren aurretik desentikortzeak–. Horrek ZIUko oheen okupazioa murriztea dakar, are gehiago pandemiaren egungo egoeran.

Gertakari horien ondorioz, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea izan da medikamentuekiko desentikortze gehien egin dituen Osakidetzaren zentroa. Guztiak modu estandarizatuan, protokolo errepikatuekin eta aurretiazko azterlanek baliozkotuta.

Ekimenak Eskertze 2022 aintzatespena lortu du Segurtasun Klinikoaren, Egokitzapenaren eta Ebidentziaren erronkan.