Osakidetzak profil profesional berriak sartuko ditu lehen mailako arretan, euskal herritarren aho-hortzetako arreta areagotzeko

0

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak, Rosa Pérez Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera, agerraldia izan du gaur eguerdian Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, Lehen Mailako Arretaren egoeraz hitz egiteko. Sailburuak argitu du osasun-zentroetako osasun-arreta modu hurbilean eta kalitatezkoan bermatuta dagoela. Irisgarritasunarekin, tresneriarekin, lehen mailako arretako maletatxoen aldeko apustuarekin eta Osakidetzako aho-hortzetako arretan profil profesional eta kolektibo sozial berriak sartzearekin lotutako inbertsio eta informazioa zehaztu ditu.

Bere hitzaldian, Lehen Mailako Arreta egoera zailera eraman duten arrazoiak aztertu ditu, eta Osasun Sailak eta Osakidetzak 2019az geroztik abian jarritako neurriak zerrendatu ditu, urte horretan onartu baitzen Lehen Mailako Arreta indartzeko Plana.

PLANTILLA INDARTZEKO NEURRIAK

    • Osakidetza lan-merkatuan dagoen profesional oro kontratatzen ari da, osasun-zentroetan herritarrei arreta eskaintzeko.

 

    • Medikuntza espezializatuko prestakuntza-eskaintzan, irakaskuntza-gaitasun gorena eskaini da Euskadin, hau da, Familiako Medikuntzako 109 lanpostu.

 

    • Familia-medikuntzako eta pediatriako mediku egoiliar guztiek, erresidentziako azken urtea amaitzen dutenean, kontratu-proposamen bat dute mahaian.

 

    • Lan Eskaintza Publiko bat deitzerakoan, defizita duten bi espezialitate lehenetsi dira plantilla egonkorra sortzeko. Asteburu honetan bertan, Familiako Medikuntzako 332 plaza eta Pediatriako 62 plaza modu egonkorrean betetzeko azterketak egin dira.

 

    • Egiturazko 196 plaza berri sortu dira 3 urtean.

 

PROFIL BERRIEN ALDEKO APUSTUA (AHO-HORTZEN OSASUNA)

Lehen mailako arretan sartzen ari diren profil berriek osasun orokorra hobeto zaintzea eragiten dute, lan-kargak murrizten dituztelako eta prebentzioa laguntzen dutelako. Azken batean, kalitate eta zerbitzu hobea eskaintzen dute.

    • Osakidetzaren lehen mailako arretako fisioterapia-zerbitzua urte honen amaieran egongo da Euskadin, bizkarreko eta sorbaldako minaren patologiari heltzeko.

 

    • Lehen Mailako Arretako farmazialariek polimedikatutako pazienteen segurtasuna zainduko dute, familiako medikuntzako taldeari lagunduz edo aholkatuz, eta sendagaien hornikuntzarik ezaren aurrean alternatibak eskainiz, pazienteen tratamenduaren jarraitutasuna bermatzeko.

 

    • Sailburuak iragarri du Osakidetza aho-hortzen osasunari lotutako profil berriak sartzeko lanean ari dela, zerbitzu-zorroa eta arreta hori eskainiko zaien kolektiboak zabalduko baitira.

 

Duela 32 urtetik, Euskadik PADIa du, 7 eta 15 urte bitarteko haurren osasun-programa. Asmoa da 0-5 urte bitarteko biztanleria sartzea. Halaber, aho-hortzen osasunaren prestazio publikoan kolektibo berriak sartzeko lanean ari dira: haurdun dauden emakumeak, adimen-desgaitasuna duten pertsonak, gaixotasun neuromuskularra duten pertsonak eta buruko eta lepoko paziente onkologikoak. Aurten, profil eta kolektibo berri horiek osasun publikoan sartzeko prozesua nolakoa izango den zehaztuko da.

INBERTSIOAK

Sailburuak Lehen Mailako Arretan egiten ari diren inbertsio-motei buruzko informazioa eman du, urtean 30 milioi eurotik gorakoak.

«Handitzea, berritzea edo ekipamendu berriak: obrak egiten ari dira Gasteizko Alde Zaharrean, Aretxabaletan, Bergaran, Oionen, Guardian, Altzan, Ordizian, Zaldibarren, Boluetan, Zuazon edo Zallan.

Tresneria Lehen Mailako Arreta asistentzia-maila erabakigarriagoa izateko eta pazienteei erantzun azkarra eta eraginkorra emateko. Horrela, ekografoak, pulsioximetroak, espirometroak, tentsiometroak, elektrokardiografoak eta abar erosi dira.

Irisgarritasuna: azterlan sakon bat egin da Euskadiko osasun-zentroen egoera aztertzeko, irisgarritasunari dagokionez. Sarrerak erraztu nahi dira eskailerak kenduz, barandak jarriz edo igogailuak jarriz.

Maletin digitala. Osakidetzak sustatutako berrikuntza da, etxez etxeko bisitak, gero eta gehiago egiten direnak, erabakigarriagoak izan daitezen. Tresna eramangarriak dituen maletatxo bat diseinatzen ari dira, profesionalei beharrezko tresna guztiak eskaintzeko.

BESTELAKO ANTOLAKETA-NEURRIAK

Osakidetzak urteak daramatza Lehen Mailako Arretan lan egiten duten profil profesional guztien talde-lana sustatzen. Lortu nahi dena da estamentu bakoitzak bere gaitasunari dagokion beharra ebaztea, bai eta taldeak esleitutako zereginari dagokiona ere, eta behar denean, hurrengo mailara eskalatzea.

Eskema horretan eta gero eta zahartuago eta kronikotasun handiagoa duen gizarte honetan, prebentzioari edo zaintzari lotutako profilek balio handiagoa hartzen dute. Horrek guztiak eskatzen du erizaintzak bere ahalmen guztiak garatzea, prestakuntza akademikoak ahalbidetzen dizkionak.

Bestalde, arreta modernizatzeko eta teknologia berrietara egokitzeko lanean jarraitzen da. Sailburuak Osasun Karpeta izendatu du, baita bideo-deien bidez egindako kontsultak ere. Modalitate hori Arabako Errioxa ESIn hedatuko da lehenik, eta, gero, Osakidetzaren sare osoa zabalduko da pixkanaka.