Bilboko Udalak Infobilbao udal informazio-buletinaren ale berezi bat argitaratu du

0

Bilboko Udalak Infobilbao udal informazio-buletinaren ale berezi bat argitaratu du, baita zazpi hizkuntzatan egindako eskuorriak ere, Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan bizi diren pertsonen artean “Zubirik 2025 Plana” ezagutzera emateko. Plan honen helburua auzo horietako bizi-kalitatea hobetzea da, gizarte, hirigintza, merkataritza, hezkuntza eta lan arloetako ekintzak zein osasunari, mugikortasunari eta berdintasunari lotutakoak abian jarriz.

Zehazkiago esanda, Udalak “Zubirik 2025 Planari” buruzko Infobilbao buletin bereziaren 9.000 ale argitaratu ditu guztira, euskaraz eta gaztelaniaz, eta ohi bezala banatuko dira, etxebizitzetako postontzietan sartuta eta Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako udal zentro eta ekipamenduen sarearen bidez.

Gainera, Bilboko Udalak 10.000 eskuorri plazaratu ditu, euskaraz, gaztelaniaz, arabieraz, txineraz, ingelesez, errumanieraz eta frantsesez, auzo horietan bizi diren hizkuntza-komunitate nagusienetako pertsonei “Zubirik 2025 Planaren” berri emateko. Eskuorri hauek 50 erakunde soziokultural eta auzo-elkarteren bitartez banatuko dira.

“Zubirik 2025 Planari” buruzko Infobilbao udal informazio-buletina zein zazpi hizkuntzatan argitaratutako eskuorriak PDF formatuan deskarga daitezke bilbao.eus udal webgunean edo Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako Udal Bulegoaren orrian, eta azken honetan, programatutako neurri bakoitzaren unean uneko egoeraren jarraipena egin ahal izango da.

“Zubirik 2025 Planak” guztira 7,3 milioi euro inbertitzea aurreikusi du Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Horretarako, 36 jarduera egingo dira hainbat eremutan: eremu sozialean, hirigintzan, osasunean, mugikortasunean, merkataritzan, hezkuntzan, prestakuntzaren arloan, lanekoan eta berdintasunean.

“Zubirik 2025 Planean” aurreikusitako 36 jarduerak diseinatu eta identifikatzeko hiru auzoetako 10 pertsonak hartu dute parte, eta 450 bizilagunen iritziak eta ekarpenak hartu dira kontuan, elkarrizketa pertsonalen, eztabaida-taldeen, galdeketen eta jardueren bidez.

Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako Saila buru dela, “Zubirik 2025 Plana” bat dator 2019-2023 Agintaldiko Planarekin, Bilboko Balioen Agiriarekin (Bilbao Balioen Hiria) eta 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuekin, dator Bilbok Kulturarteko Hirien Estatuko Sareko (RECI) kide gisa hartutako konpromisoarekin lerrokatuta dago, berdintasuna, errespetua eta bizikidetzaren eta elkarreraginaren aldeko ekimen positiboak sustatzeko.