Beatriz Artolazabal da EAE-k Danimarkara Barnahus etxe bat in situ ezagutzeko eta bertako arduradunekin batzeko egin duen bidaiaren buru

0
Naestved Dinamarca 22-06-2022 Beatriz Artolazabal encabeza la expedición vasca a Dinamarca para conocer in situ una casa Barnahus y reunirse con sus responsables /// Beatriz Artolazabal da EAE-k Danimarkara Barnahus etxe bat in situ ezagutzeko eta bertako arduradunekin batzeko egin duen bidaiaren buru © MITXI

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua da gaur EAEtik Danimarkara, zehazki, Naestved udalerrira, bidaia egitera doan espedizioko buru; helburua da Barnahus etxe baten kudeaketan inplikatuta dauden eragileekin batzea eta Danimarkako eredua nola dabilen aurrez aurre ezagutzea.

Barnahus proiektua Islandian sortu zen, sexu-abusuen edo indarkeriaren beste edozein adierazpenen biktima diren adingabeei arreta integrala emateko; hala, laguntza psikosoziala, mediko-forentsea, poliziala eta judiziala ematen zaie, ahalik eta modurik hurbilenean eta adeitsuenean eta ahalik eta trauma gutxien eragiteko moduan. Islandiatik abiatuta, Europako beste herrialde batzuk, nagusiki iparraldekoak eta ekialdekoak, haien Barnahus etxeak zabaltzen hasi ziren, baina Danimarkako eredua da EAEko proiektuari gehien hurbiltzen zaiona.

EAEn, Artolazabalen saila lanean ari da, iazko urte-amaieratik, Barnahus eredua ezartzeko eta Vitoria-Gasteizen etxe pilotu bat zabaltzeko. Horretarako, Save The Childrenekin eta talde gidari batekin dihardu elkarlanean; talde hori tartean diren eremu guztietako ordezkariek eratzen dute. Taldeak, dagoeneko, lan-bilera ugari egin ditu, eta, orain, Danimarkara joango da, informazioa eskuratzeko eta Danimarkako kidekoekin esperientziak partekatzeko.

“Haur eta nerabeen eskubideak defendatzeko jarduketa-ardatzetako bat Barnahus proiektu pilotua da; esperientzia pilotu gisa garatuko dugu Araban”, esan du sailburuak. Artolazabalek, era berean, Eusko Jaurlaritzaren asmoa epe ertain-luzera lurralde historiko bakoitzean gutxienez Barnhaus bat izatea dela esan du.

Hori horrela, Naestved-eko espedizioa Artolazabal sailburuak berak eta Irune Muguruza Familia eta Haurren zuzendariak eratzen dute, bai eta haren taldeko beste pertsona batzuek ere.

Arreta judizialaren ordezkari Carmen Cotelo Arabako fiskal nagusia bera eta Sara Mallen magistratua dira, bai eta Fernando Álvarez talde psikosozial judizialeko koordinatzailea ere.

Arreta soziosanitarioari dagokionez, Danimarkara honako hauek bidaiatu dute: Nuria Alday Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundekoa; Karmele Díaz Basurtoko Ospitaleko Pediatriako arduraduna, eta Ignacia Arruabarrena Psikologiako katedraduna eta haurrak babesteko espezializatua. Hezkuntzaren arloari dagokionez, Beatriz Ugarte, Berritzegune Nagusikoak parte hartuko du. Azkenik, arlo polizialeko ordezkaria ere egongo da Carlos San Emeterio, Arabako Ertzaintzako Etxeko Indarkeriaren eta Haurren taldeko arduraduna.

Artolazabal sailburuaren iritziz, oso garrantzitsua da sailen arteko eta erakundeen arteko talde tekniko horren koordinazioa eta taldeko lana. “Talde gidari hori haur edo gazteen sexu-abusuen kasuetan esku hartu behar duten zenbait sistematako profesionalek eratzen dute. Bidaia honetan, informazio ugari jasoko dugu, eta dagoeneko Barnahus etxeetan esperientzia duten beste profesional batzuekin partekatu ahalko ditugu zenbait kontu. Helburua da ekarpen horiek jasotzea eta EAEko gaitasunen errealitatera egokitzea eta dagoeneko zehazten ari garen baterako protokoloetan sartzea”.

Programa osoa

EAEko ordezkaritzak Naestvedera bidaiatu du, eta bi egunetan zehar hainbat ekintza izango ditu, besteak beste, udalerriko Barnahus etxera bisita egitea eta programako arreta-arloetako arduradunekin elkarrizketa ugari egitea.

Bidaiaren helburua da ahalik eta informazio zehatzena eskuratzea eta eredua EAEn ezartzeko egon daitezkeen zalantzak argitzea. Hori horrela, bihar iritziak partekatu ahalko dituzte Merete Bonde Jorgensen psikologoarekin eta Ongizateko Batzorde Nazionaleko kontsultorearekin, Daniel Gottrup Naestvedeko erkidegoko Haurrak Babesteko Zerbitzuko buruarekin eta Kim Risom Rasmussen Barnehus Sjaelland-eko manager nagusiarekin; azken hori izango da etxera arratsaldean egingo den bisitaren anfitrioia.

Osteguneko programa hasteko, topaketa bat izango da Rune Dahl Nilsson, inspektore-buruarekin eta Rasmus Brink-Frendrup eta Stine Stenbaek, komisarioekin– eta Susanne Bluhm fiskalarekin, Era berean, jardunaldian Ellen Mosgaard pediatrarekin, Kathrine Galster eta Mette Nice erizainekin, Katrin Samimi psikologoarekin, Tine Hartig gizarte-langilearekin eta Trine Berger Barnahus zuzendari operatiboarekin bilera egitea aurreikusten da.