Doinu, talde eta bakarlari berriak sortzeko helburuz dator Arkupehotsak

0
Gaurtik uztailaren 15a bitartean irekita izango da Arkupehotsak egitasmoa, musika talde zein bakarlari berriei zuzenduta. Gaur aurkeztu dute egitasmo berritua Sanagustin Kulturgunean, Aitor Bengoetxea Kulturazeko kideak, Eneritz Albizu Udal kultur batzordeburuak eta Tomas Lizarazu Bulego taldeko abeslariak.Egitasmo berirtuak hiru giltzarri izango ditu, sortu, ikasi eta plazaratzea.

Arkupehotsak berriz abian da. Lau edizio arrakastatsuren ostean, egoera berrira egokituta eta «arnasa emanda» aurkeztu dute gaurkoan. Aurtengoan formatu berria estreinatuko da eta plaza eskaintzeaz gain, oholtza atzeko lana jarriko da balioan. Hala, «sortu, ikasi, plazaratu» izango dira giltzarri.  16 eta 25 urte bitarteko talde edo musikariei zuzenduta dago ekimena eta gaurtik uztailaren 15era bitartean izango da izena emateko epea.

Eneritz Albizu kulutra batzordeburuak Kulturazek egiten duen lana eskertu nahi izan die: «Asmoak ekintza bihurtzeagatik» eskertu ditu. «Oholtza atzean dagoenari garrantzia eman nahi zaio formatu berri honetan. Zikloa oholtza gainean bukatzen bada ere, eginkizun asko dago horra iritsi bitartean», azaldu du. Soreasuko Dinamoa sormen gune publikoan hitzaren, gorputzaren, irudiaren eta soinuaren eremuak daudela gogorarazi du: «Eremu bakoitzak proiektu ardatz bat du eta soinuarenean Arkupehotsak izango da». Aurreratu duenez, udazkenerako bukatuta eta abian izango da Soinuaren eremua.

Bengoetxeak 6 musikari edo taldek hartuko dutela proiektuan parte zehaztu du.» Sortu, soinuaren eremuan musika sortzeko baliabideak izango dituzte; ikasi, talde bakoitzak musikari profesional bat izango du bidelagun elkarrekin ikasteko;  eta plazaratu oholtza honetara igoko dira, bidelagun izan duten musikariarekin batera».

Tomas Lizarazu izango da talde edo bakarlari horietako baten bidelaguna. «Ilusioa egiten dit proiektu honetan hasi berrien bidelaguna izateak. Beharrezkoa da musikari berrien proiektuetan nahastea edo parte hartzea eta gazte zein taldeentzat aukera ezin hobea da». Bulego ere Arkupehotsakeko parte izan zela gogoratu du: «Arkupehotsaken baitan hementxe eman genuen gure lehenengotariko kontzertua. Bultzada izan zen guretzat eta gogotsu nago dene ikasteko eta emateko».

Sortzaile berriei jardunerako tresnak eskaintzea, inguruko sortzaileak balioan jartzea eta belaunaldi berriei plaza bat ematea dira proiektuaren helburuak

 

Ezaugarriak

  • 16 eta 25 urte bitarteko musikari gazteei zuzendutako ekimena da.
  • Irekita dago izen-ematea, uztailaren 15a arte
  • Sei musikari edo musika talde izango dira aukeratuak esperientzia oso hau bizitzeko.
  • Talde bakoitzak egonaldia egingo du Dinamoa sormen guneko Soinuaren Eremuan, bi asteburuz lotarako lekua eta otorduekin
  • Hiru jardun landuko dituzte:
    • Talde/musikariaren entseguak zuzenekoa prestatzeko.
    • Formazio teknikoa zein artiskoa.
    • Kolaborazioa musikari ezagun/erreferentzial batekin prestaketan eta kontzertuan.
  • Hileko azken igandean emanaldia eskainiko dute Sanagustin kulturguneko arkupeko eszenatokian eta musikari ezagunaren kolaborazioa izango dute.
  • Komunikazio eta promozio berezia egingo zaie musikari edo musika talde hauei.
  • Amaieran, 2023ko maiatzean, ekitaldi berezi bat egingo da musikari eta talde guztien lana balioan jarri eta edizioari itxiera emateko.

Eman izena