Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko dirulaguntza emango dio Laudioko udalari, ZAP proiektuen barnean, herriko Antzokiko lanak finantzatzeko

0

Gobernu Kontseiluak Laudioko Antzokia eraikitzeko lanak finantzatzeko dirulaguntza onartu du gaur. Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko dirulaguntza emango dio udalari Antzoki berriko lanak egiteko. Joan den astean aurkeztu zen Laudion Antzokia egiteko proiektua. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Arabako Diputatu Nagusi Ramiro Gonzalezek eta Laudioko alkatea Ander Añibarrok aurkeztu zuten proiektua.

Eusko Jaurlaritzarentzat Aiaraldea lehentasunezko jardun-eremu bat da (ZAP) eta plan horretako proiektuetako bat da Laudioko Antzokia. ZAP plana Berpiztu programaren barruan dago eta egoera ahulean dauden eskualdeak, kasu honetan Aiaraldea, Araban, bultzatzeko helburua du.

Lanek guztira 5,1 milioi euroko aurrekontua dute eta Eusko Jaurlaritzak 500.000 eurorekin lagunduko ditu antzokia eraikitzeko lanak. 100.000 euro banatuko dira aurten eta beste 400.000 euroak 2023an. Helburua Laudioko eta eskualdeko kultura, gizarte eta ekonomia jarduera bultzatzeko kulturarako eta sormenerako espazio berri bat sustatzea eta bultzatzea da.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik beste lau proiektu ere babesten dira Aiaraldeko lehentasunezko jardun-eremuan: bi Urduñan (Antiguako Ama Birjina eta harresia) eta beste bi Artziniegan (Artzeniegako monumentu-multzoa hobetzeko esku-hartzeak, zehazki Kultur Etxean eta Ortiz de Molinillo y Velasco dorrean).