Eusko Jaurlaritzak osasun lankidetza programa bat martxan jarri du Ginea Bissaun

0
PRUEBA
  • Medikuntzako eta erizaintzako profesionalak gineabissautar profesionalekin arituko dira elkarlanean
  • Programa Osasun Sailaren, Osakidetzaren, eLankidetzaren, Ginea Bissauko Osasun Publikoko Ministerioren eta AIDA elkartearen kolaborazioaren emaitza da
  • Helburua da Simão Mendes Ospitale Nazionaleko asistentzia-kalitatea hobetzea eta langileen prestakuntza sendotzea

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailekoa, eta AIDA Ayuda, Intercambio y Desarrollo elkarteak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Ginea Bissauko osasun sistema publikoaren kalitatea eta eraginkortasuna sendotzeko. Hitzarmena Euskadik osasun lankidetzan duen ibilbidearen emaitza da, baita Eusko Jaurlaritzak 2030 Agendak ezartzen dituen erronka globalen arabera bultzatu nahi dituen ildo estrategikoena ere.

Osasun Globaleko Ginea Bissau – Euskadi lankidetzako programak aurreikusten du osasun arloko profesional talde batek, aldi oro, laguntzea herrialdeko erreferentziazko ospitaleko medikuntza, kirurgia eta amatasun arloetan. Halaber, diagnostikorako zerbitzuak (laborategia eta erradiologia) eta ospitaleko kudeaketa sendotu nahi dira. Horrez gain, hautatutako paziente batzuk, batez ere pediatrikoak, Euskadira eramateko aukera jasotzen da.

Programak Ginea Bissauko Osasun Publikoko Ministerioren oniritzia du, eta Eusko Jaurlaritzak harekin ulermen memorandum bat sinatu zuen 2022ko martxoaren 8an.

Osasun Globala Ginea Bissau-Euskadi

Ginea Bissau Mendebaldeko Afrikan dago eta 1,97 milioi biztanle ditu, horietatik bi heren baino gehiago pobrezian bizi da. Munduko Bankuaren arabera, bizi-itxaropena 58 urtekoa da, eta ez du herritar zaurgarrienen beharrei erantzuteko osasun sistemarik.

Lankidetza sanitarioko programak Afrikako herrialdeko osasun sistema indartzen lagunduko du, eta, horretarako, Simão Mendes Ospitale Nazionalari lagunduko dio; herrialdeko handiena da eta 720 ospitalizazio ohe ditu. Ekimen horren bidez, langileei etengabeko prestakuntza emango zaie. Horretarako, gineabissautar profesionalei lagunduko zaie eguneroko lanean; protokoloak eta zirkuituak hobetuko dira; diagnostikoa eta tratamendua erraztuko dira, eta egoera ahulenean dauden pertsonei arreta berezia eskainiko zaie.

Lehenengo urtean, barne medikuntzako bi espezialistek eta erizain batek osatutako talde iraunkor bat herrialdean egongo da. Gainera, uztailetik aurrera, modu kateatuan, Osakidetzako hiru profesionalen txandakako ekipoak (kirurgia, erizaintza, anestesia, ginekologia edo laborategiko espezialistak, besteak beste) ordezkatuko dira profesional gineabissautarrei laguntzeko eta prestatzeko.

Ospitalean langileak etengabe egongo direla ziurtatzeko, txandakako taldeetan parte hartzen duten profesionalak, gutxienez, hilabete bat egon beharko dira Ginea Bissaun, eta bidaiatu aurretik prestakuntza jasoko dute. Programan parte hartzeko edo informazioa jasotzeko interesa dutenek formulario bat bete ahalko dute www.elankidetza.euskadi.eus webgunean.

Erakundeen arteko koordinazioa

Ekimen hau 2030 Agendaren lehentasunen euskal programaren proiektu adierazgarri bat da, eta Eusko Jaurlaritzak politiken koherentziaren eta garapenenerako lankidetzaren erantzukidetasunaren alde egindako apustuari erantzuten dio, Jaurlaritzako beste sailetan eta askotariko eragileekin.

Programaren finantzaketa partekatua da hiru erakunde sustatzaileen artean: Osakidetzak ekimenean parte hartzen duten hiru osasun profesionalen lanaren kostua ordainduko du ( 222.693 euro, gutxi gorabehera); Osasun Sailak bere gain hartzen du Euskadira ebakuatutako pazienteen esku-hartzeen eta osasun arretaren kostua (238.410 euro, gutxi gorabehera), eta eLankidetzak 500.000 euroko ekarpena egingo du, besteak beste, ekipamendu profesionala osatzeko, programa kudeatzeko, desplazamenduetarako edo material mediko eta sendagaiak erosteko.

Bestalde, AIDA elkarteak koordinatuko ditu programan mediku-kirurgikoak ez diren alderdiak, eta Euskadira datozen pazienteen egonaldia. 2007tik Ginea Bissaun dagoen GGKE bat da, Simão Mendes Ospitale Nazionalaren kudeaketan parte hartzen duena eta pertsona pobreei tratamendua jasotzeko aukera ematen diena.

Euskal osasun lankidetza

Osasun Globaleko Ginea Bissau-Euskadi programa aurretik osasun lankidetzaren arloan izandako hainbat esperientziaren emaitza da. 2020ko udan, Osasun Sailak, Osakidetzak eta eLankidetzak, Mugarik Gabeko Medikuekin batera, osasun lankidetzako lehen esperientzia bat egin zuten, Peruko Osasun Ministerioak pandemiak sortutako egoera larriaren aurrean egindako eskaerari erantzunez. Horrela, euskal osasun talde bat Perura joan zen covid-19aren aukako borrokan bizitako ezagutzak eta esperientzia partekatzeko.

Esperientzia horri gehitu behar zaio Eusko Jaurlaritzak 1997tik duen konpromisoa Hegoaldeko herrialdeetako adingabeei osasun-laguntza eskaintzen eta Osakidetzako osasun profesionalen partaidetza Larrialdiei Aurre Egiteko eta Laguntzeko Espainiako Talde Teknikoan. Pobretutako herrialdeetako hondamendi naturalek eragindako larrialdiei 72 ordu baino gutxiagotan erantzuten saiatzen den taldea da.

Osasun lankidetzaren aldeko apustua instituzionalizatze aldera, 2021eko ekainean, Osasun Sailak, Osakidetzak eta eLankidetzak jarduera protokolo orokor bat sinatu zuten. Bertan ezartzen da pobretutako herrialdeetako biztanleen beharrei erantzungo dieten eta osasun estaldura unibertsalari lagunduko dioten proiektuak gauzatzeko lankidetza esparrua.

Ikus-entzunezko materiala IREKIAN (Gotzone Sagardui, Osasuneko sailburuarena, Paul Ortega, eLankidetzako zuzendariarena eta kooperanteena)