Iñigo Urkulluk amaiera eman dio Elkargik antolatutako XXXII. Enpresa Topaketari
Iñigo Urkullu Lehendakariak amaiera eman dio Elkargik bere Bazkideen Batzar Nagusia dela eta antolatu duen XXXII. enpresa-topaketari Egungo Ekonomia bere Eraldaketaren aurrean . Bertan, Lehendakariak berriz elkartu izanaren sentsazioarekin parte hartu du, bi urte eta erdi oso zailak izan ondoren, eta tokiko arazo larriak eragin dituzten krisiak pairatzen jarraitzen dugun honetan.
Errealitate horren aurrean, ELKARGIk izandako jarrera eta emandako erantzuna aitortu nahi izan ditu Urkulluk. “Eusko Jaurlaritza eta ELKARGI bidaide izan gara, helburu bera erdietsiz: une zail hauetan gure ekoizpen-sareari laguntzea. Ahaleginak, baliabideak eta erantzukizuna batzeko urteak izan dira”, azpimarratu du.
Lehendakariak adierazi du egoera kritiko horiek “hurbildu gaituztela, eta ulertarazi digutela estrategia bat partekatu behar dugula”, egonkortasuna eta ekintzarako plangintza uztartuko dituen jarduera-etorkizun batean.
Eraldaketaren une honetan, Lehendakariak erronkak etorkizuneko aukera bihurtzearen alde egin du. “Eusakdiren eraldaketan aurrera egin nahi dugu”, adierazi du. Hala, nabarmendu du, enpresekin eta ekosistema zientifiko-teknologikoarekin lankidetzan, Euskadik 2030erako dituen erronkak finkatu direla, eta abian jarri direla Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana 2030, Industria eta Nazioartekotze Plan Estrategikoa, Berpiztu Programa, enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa integrala (600 milioi euro aurten), Euskadi Next edo trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren programa. Gainera, hiru foru-aldundiekin lankidetzan, martxoan 530 milioi euroko inbertsio-plan estrategiko bat onartu zen.
Donostiako Kursaal jauregian egindako ekitaldian, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazu izan dira.