Lourdes Verdes-Montenegro eta Julia Guiomar ikerlariek jaso dute 2022ko Emakume Teknologoentzako Ada Byron Saria

0

Deustuko Unibertsitateko Donostiako egoitzan banatu dira gaur Emakume Teknologoarentzako Ada Byron sariak. Sariaren IX. edizio honetan hauek izan dira sarituak: Lourdes Verdes Montenegro, senior kategorian, eta Julia Guiomar Niso, gazteen kategorian. Ada Byron sariak babesle ditu Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea, Bizkaiko Foru Aldundia, Danobatgroup eta Microsoft, eta laguntzaile ditu baita ere Innobasque eta Basque HealthCluster. Sariak emakumeek zientziaren eta teknologiaren esparruan egiten duten lana begien bistan jarri nahi du eta I+G esparruko emakumeen bokazioak sustatu.

Lourdes Verdes-Montenegro Zientzia Fisikoetako doktorea da, Granadako Unibertsitatean. Haren ikerketa ibilbideak, funtsean, galaxien bilakaeraren maiztasun anitzeko azterketa du ardatz, eta arreta berezia jartzen du behaketa irrati-astronomikoetan. 1998an, CSICeko zientzialari titular plaza bat lortu zuen, Galaxietako Izarrarteko Inguruneari lotuta eta ikerrildo hori jarri zuen abian IAA-CSICen (gaur egun Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa). 2003an, galaxia isolatuen lagin bat eraiki eta karakterizatzeko beharra identifikatu zuen eta horretarako AMIGO (galaxia isolatuetako izarrarteko ingurunearen azterketa) diziplina anitzeko ikertaldea osatu zuen. Horrela, nazioarteko ikerrildo berri bat sortu zuen. 2011n, irrati-astronomiaren erronka nagusian sartu zen: Square Kilometre Array (SKA) eraikitzea, munduko irrati-teleskopiorik handiena. Espainiak SKAn duen parte hartze zientifiko eta teknologikoa koordinatzen duen planeta mailako proiektu batean parte hartzeak aukera bikaina eman dio Afrikan profesionalak prestatzen laguntzeko eta STEM bokazioak sustatzeko.

Lourdes Verde-Montenegrok argi ditu sariaren helburuak: “emakume teknologo izanik, gure betebeharra da Ada Byronek bere garaian ikusi zuen aukera aprobetxatzea, ordenagailuak elkarlanerako tresna gisa erabiltzea, zientzia irekiaren printzipioei jarraituta”. Horretarako azpimarratu du “azpiegitura zientifiko handien, esate baterako, SKAko Behatokiaren, betebeharra dela printzipio horietan oinarritzea Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko, helburu horiek giza eskubideak eta planetarenak baitituzte ardatz”.

Bestalde, Ada Byron sariaren gazteen kategoria irabazi du Julia Guiomar Nisok. Julia Telekomunikazio Ingeniaritzan lizentziaduna da Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko ETSITen eta Ingeniaritza Biomedikoko doktorea, unibertsitate bereko Teknologia Biomedikoko Zentroan. Garunaren dinamika du ikergai nagusi eta, esparru horretan, elektrofisiologiaren arloan lan egiten du. Ikerketa proiektu garrantzitsu askoren buru izan da; horien artean aipatzekoak dira Alzheimer gaixotasunaren markatzaile goiztiarren azterketa, garuneko seinale elektromagnetikoetatik abiatuta; HERMES proiektua, garuneko konektibitatea aztertzen duena, datu neurofisiologikoetatik abiatuta; eta Brainstorm, garuneko seinaleen ingurukoa. Guiomarrek, eremu klinikoan, gaixotasun neurologikoak ere aztertzen ditu, esate baterako, epilepsia edo Alzheimerra. Haren ikerketaren kalitatea zenbait sarik aintzatetsi dute dagoeneko, horien artean, Axa Posdoctor fellowship Grant (2017) edo Lewis Reford Fellows Travel Award (2015). Berriki Espainiako Gazte Akademiako kide izendatu dute. Saridunak azpimarratzen du “zientzia irekia, erreproduzigarria eta elkarlanekoa lortzeko lan egin behar dela, inor atzean gera ez dadin”.

Epaimahaiak 117 hautagaitza jaso eta aztertu ditu sari nagusirako. Sari hori 3.000 eurokoa da. Bestalde, gazteen kategoriaren saria 1.000 eurokoa da eta aurten 37 hautagaitza aurkeztu dira bertara. Hautagaietan hainbat ezaugarri aztertu dira: ekoizpen zientifiko zabala, nazioarteko izaera eta esperientzia, edo herritarren bizi kalitatea hobetzera bideratutako ikerketa aplikaturako bokazioa. Era berean, eta bereziki Ada Byron Gaztea sarirako hautagaien artean, nabarmentzekoa da multimedia plataformek edo sare sozialek zabalkunde zientifikorako hartu duten protagonismo berezia.