EAEko auzoak berroneratzeko politika indartu egin da Next Generation Europako Funtsetatik datozen 16,7 milioi eurorekin

0

EAEk indartu egin du auzoak biziberritzeko politika, Next Generation Europako Funtsen lehen sortaren Estatuko banaketatik datozen 16,7 milioi eurori esker. Pandemiak eragindako kalte ekonomiko eta sozialak konpontzeko Suspertze Planaren parte dira funts horiek. Euskal Autonomia Erkidegoa laguntza horiek jasoko duen lehen autonomia-erkidegoa da, arlo horretan proiektu aurreratuak dituelako auzoetako hiri-berroneratze lanetan aurrera egiteko –Bilboko Otxarkoagan, Durangoko Aramotzen, Eibarko Txontan eta Lasarte-Oriako Basaundi Bailaran-. Funtsen banaketa dagoeneko egin da auzo bakoitzerako, eta orain hasiko dira horiek eskuratzeko administrazio-izapideak.

Zenbateko hori erabiliko da lau udalei auzo kalteberetako hiri-berroneratze integraleko proiektuak finantzatzeko emandako zuzeneko dirulaguntzak areagotzeko. Proiektu horiek dagoeneko abian daude eta helburu dute guztira 1.500 lagun baino gehiagoren bizi-kalitatea hobetzea. Pertsona horiek 65 ataritan banatutako 740 etxebizitzakoak dira. Proiektu horien bidez, asmoa da, bizitegi-eraikinak birgaituta eta ingurune osoa berrurbanizatuta irisgarritasuna eta energia-efizientzia hobetzea ez ezik, haien egoera sozialari ere aurre egitea, bulego teknikoen eta auzoko hurbiltasuneko bulegoen bidez, informazioa emateko, obrak eta laguntzak kudeatzeko eta prestakuntza eta enpleguko tokiko planak bultzatzeko, haien suspertze ekonomikoa helburu dela.

Zehazki, Europako Funtsetatik datorren inbertsioa bideratuko da birgaitzearen xede diren etxebizitza eta eraikinen energia-efizientzia hobetzera. Horiek energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa % 45 baino gehiago murriztu beharko dute kasu jakin batzuetan, eta % 60, oro har, kasuen arabera.

Otxarkoaga

Bilboko Otxarkoaga auzoa berroneratzeko proiektuak 16 ataritan (bost bloketan) banatutako 240 etxebizitzari eragiten die, eta 6,56 milioi euro gehituko dizkie Eusko Jaurlaritzak ematen dituen 3,55 milioiei eta Udalaren 997.139 euroei. Partikularrek 1,17 milioi inbertituko dituzte. Proiektu honen jarduketa integrala honetan datza: lehen aipatutako jarduketez gainera, hiru ataritan etxebizitzak handitzea, merkataritza-eraikin bat berreskuratzea jarduera soziokulturalak hartzeko, eta haren estalkian plaka fotovoltaikoak jartzea, eta energia-autokontsumorako komunitate bat eratzea.

Aramotz

Durangoko Aramotz auzoa berroneratzeko proiektuan, 16 ataritan banatutako 128 etxebizitzak hartuko dute parte. Proiektu horrek Europako Funtsetatik datozen 3,66 milioi euro gehiago izango ditu birgaitze-lanak egiteko. Zenbateko hori EAEko 3,4 milioiko dirulaguntzari gehituko zaio, eta Udaletik bertatik datorren 1,08 milioiri. Jabeek, berriz, 2,86 milioi euro inbertituko dituzte. Hiri-berroneratzeak badu berezitasun bat: errekasto kanalizatu baten desbideratzea hartzen du. Errekasto hori lurperatu gabe igarotzen da bizitegi-eraikinen barrualdean.

Txonta

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Eibarko Udalari emandako 1,8 milioi euroko dirulaguntzari —Udalak beste 2,45 milioi euroko ekarpena egiten du— 2,15 milioi euro gehitzen zaizkio Txonta auzoa birgaitzeko proiekturako, Next Funtsetatik. Funts horiek 16 ataritan banatutako 75* etxebizitza hartzen ditu. Proiektua nabarmentzen da irisgarritasuna hobetzeko igogailu publiko bat eraikitzeagatik eta industria-aurriak eraisteagatik. Horrek espazioa berrantolatzea eskatzen du. Jabeek 734.868 euro jarriko dituzte esku-hartzerako.

Basaundi Bailara

Azkenik, Lasarte-Oriako Basaundi Bailara auzoa berroneratzeko proiektuari dagokionez, 4,38 milioi euro gehituko zaizkio Eusko Jaurlaritzak emandako 3,3 milioi euroko dirulaguntzari. Proiektuak 16 ataritan banatutako 151 etxebizitzari eragiten die, eta bizitegi-eraikinak urbanizatzeko eta birgaitzeko obrak barne hartzen ditu, irisgarritasunerako eta energia-efizientziarako hobekuntzak sartuta. Udalak 1,93 milioi inbertituko ditu, eta jabeek 3,33 milioi.

* Txontako proiektua 221 etxebizitzatara hedatzen da, baina Next Funtsak horietako 75etara mugatuko dira, horiek betetzen baitituzte daten inguruan eta energia aurrezteko portzentaien inguruan funts hauen irizpideak.