Euskadik 25 pertsonari bermatu die hiltzeko laguntza medikoa, duela urtebetetik eustanasia arautzen duen legea indarrean sartu zenetik

0

Euskadik 25 pertsonari bermatu die hiltzeko laguntza medikoa, duela urtebete Eustanasia arautzen duen Legea (martxoaren 24ko 3/2022 Legea) indarrean sartu zenetik. Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuaren iritziz, legearen aplikazioa azkarra, eraginkorra eta eredugarria izan da Euskadin eskatzaileentzat eta hura egiten duten profesionalentzat”.

Euskadik, guztira, 71 eskaera jaso ditu, eta 25 eutanasia-prozedura egin ditu. Bestalde, 22 pertsona hil egin dira eutanasia egin aurretik eta 6 eskaerari uko egin zaie. Gainerakoak prozesuaren une desberdinetan dauden eskaerak dira.

Eutanasiaren eskatzaileek 64 urte dituzte, batez beste; 89 urte ditu nagusienak eta 37 gazteenak. Gainera, eskaeren % 69 etxetik egin dira, % 26 ospitaletik eta % 5 egoitza soziosanitariotik. Nabarmendu behar da Euskadin lehen eskaeratik eutanasiara arteko prozeduraren batez besteko denbora 45 egunekoa dela eta eutanasiaren 4 prozesutan organo-ematea izan dela.

Hori horrela, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak honako hau esan du: “abian jarri zenetik, Euskadin beste urrats bat gehiago eman da, hala erabakitzen dutenen alferrikako mina eta sufrimendua saihesteko”. Gogorarazi du, era berean, “eutanasia eskubide bat” dela, “ez betebehar bat”.

Nabarmentzekoa da hura abian jarri zenetik legeak harrera “positiboa” izan duela osasun-eremuko profesionalen aldetik. 5.000 profesionalek baino gehiagok prestakuntza jaso dute lehen urte honetan, hiltzeko laguntza emateko prozeduren, jarduketa-protokoloen eta jardunbide egokien eskuliburuaren inguruan. Gehienak Osakidetzako profesionalak izan dira, baina eremu soziosanitarioko profesionalek ere parte hartu dute.

Bestalde, prestazio hori bermatzeko orduan kontzientzia-eragozpenari dagokionez, Osakidetzako pertsonal fakultatiboaren % 2,5 baino ez dago Euskadiko erregistro ofizialean kontzientzia-eragozle gisa erregistratuta. Kontzientzia-eragozpenak eutanasiaren eskabideen tramitazioan izan duen eragina gutxienekoa izan da. Euskadin, kontzientzia-eragozpena ez da arazo, Eutanasiaren Legea ezartzeko.

Honako webgune honetan duzu eutanasiaren prestazioari buruzko informazio guztia: https://www.euskadi.eus/eutanasia-zure-zalantzak-argituko-ditugu/web01-a2inform/eu/