FHIMASA: “4.0 industriak eta digitalizazioak eraikuntza-arloan presentzia izateko lan egiten dugu, sektore erakargarriagoa eta berritzaileagoa izan dadin”

0

Construcciones FHIMASAk, duela gutxi 55 urte bete dituen enpresak, aurrera pauso bat eman nahi du eraikuntzaren sektorean eboluzionatzeko. Izan ere, “ez da sektore oso berritzaile edo teknologikoa”, Rubén Fernández Luna konpainiako negozio- eta berrikuntza- garapeneko zuzendariak azpimarratu duenez. 2018an hasitako plan estrategikoan oinarrituta, berrikuntza, digitalizazioa eta 4.0 industria funtsezko esparruak dira egoitza Bilbon duen enpresaren hiru negozio-arloetan: obra zibila, eraikuntza eta mantentze-zerbitzuak (oinezkoentzako espazioak eta edateko uraren hornidura-sistemak). Gaur egun, 220 langile inguru ditu. 

Hirugarren arlo horrekin zerikusia duen proiektu batek, uraren hornikuntza-sistemen optimizazioarekin lotuta, CEBEK Destino 2030 Helburu Saria jaso du duela gutxi. Sari horrek 2030 Agendaren helburuak bultzatzeko proiektuak egiten dituzten Bizkaiko ETEak saritzen ditu. Saritutako proiektua Bilboko Udalarentzat egin da, Rubén Fernández Lunak azaldu duenez: “duela 12 urte SCADA sistema oinarri zuen proiektu bat hasi genuen, ur-sarearen tele-kontrolerako, 500 kilometro baino gehiago dituena. Iaz, sistema hori IoT plataforma bihurtzea proposatu genion Bilboko Udalari. Orain, askoz indartsuagoa da, eta, batez ere, irekiagoa, seguruagoa, partekatuagoa. Hasiera batean, uraren berezko azpiegitura kontrolatzea zen asmoa: deposituak, iturriak… eta, azkenean, hainbat zerbitzu gehitu dira: lorezaintza, saneamendua, ekaitz-depositua, bainu publikoak… Sistema berritzaile bat sortu dugu, plataforma ireki bat, eta horrek aukera ematen die udal zerbitzuei datu guztiak partekatzeko. Adibidez, lorezaintzan, parterre bakoitzak behar duen ur zehatza kontrolatzen da, eta hainbat parametroren arabera erabakitzen da ureztatzea: hezetasun-sentsoreak, plubiometroak, eguraldiaren iragarpena (Aemet). Horrela, ur asko aurrezten da”. 

Eraikuntzaren sektoreari dagokionez, FHIMASAk, Euskadiko Eraikuntzaren Klusterraren laguntzarekin, Eraikune, REHASERV partzuergoa sortu berri du. Partzuergo hori bere alorrean erreferenteak diren lau enpresak osatzen dute (FHIMASA, VICONSA, KARBI eta i-INGENIA), bi eraikuntza-enpresa, birgaitze-enpresa bat eta ingeniaritza bat. “Gure  industria-esperientzia  batu dugu (denon artean 130 urtetik gora) eraikinak birgaitzeko proiektuei arrakastaz ekiteko”. Giltza eskuko zerbitzuak eskaintzen dute: diseinua,  etxebizitzaren birgaitzea eta serbitizazioa. Horrela, zerbitzu hori bere bezeroen behar guztietara egokitzen da, izan ere, “kalitate eta berme handia eskaintzeko konpromisua dugu”. 

Proiektuak birgaitzeko Europako laguntzak maximizatzea du helburu, eta “bikaintasun teknikoan oinarritzen da, BIM metodologiaren eskutik. Metodologia horrek eraikinetako kostuen ziklo osoa jasotzen du, eta birgaitze mota bat bermatzen du, non, barneko bizi-kalitatea hobetzen den, inbertsioren kostua gutxituz (laguntzei esker), eta etorkizuneko ustiapena hobetzen den (energia aurreztearen ondorioz). Partzuergoa osatzen duten enpresa guztiak erreferenteak dira beren esparruan, eta helburua da zerbitzu egoki eta bermeduna eskaintzea, gure bezeroekiko leialtasuna eta harremana lortze aldera, eraikuntza-industriaren paradigma aldatzeko xedearekin”. 

FHIMASAk datozen urteetarako duen helburu nagusietako bat bere zerbitzuak eta ‘know-how’-a ezagutaraztea da: “Sektorearekiko interesa piztu nahi dugu jendean, eta obran oinarritutako sektore bat baina gehiago dela ikusarazi, erakargarriagoa eginez. Orain, esku artean dugun ideiarik garrantzitsuena egoitza berri bat eraikitzea da. Smart Operation Centre izeneko zentro handi bat egin nahi dugu, gure eskaintza guztiaren eredu izango dena. Showroom arlo garrantzitsu bat egongo da, gure zerbitzuak oso modu bisualean aurkeztu ahal izateko, adibidez, errealitate areagotuaren bidez. Gainera, eskaintzen ditugun birgaitze energetikorako soluzio guztiak eraikinean egongo dira: BIM, biki digitalak, errealitate areagotua, eguzki-panel fotovoltaikoak, euri-uraren berraprobetxamendua… Eta dena sentsorizatuta eta digitalizatuta”, adierazi du negozio- eta berrikuntza-garapeneko zuzendariak. 

SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.