Osakidetzak jarraitzen du lanbide-garapena ordaintzeko prozesuan urratsak ematen. Gobernu Kontseiluaren ondoko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak iragarri du datorren astelehenean, ekainaren 27an, eskakizunak betetzen dituztenek 2019, 2020 eta 2021 ekitaldietako aparteko deialdiei dagokien lanbide-garapena kobratzeko eskatu ahal izateko epea zabalduko dela. Intraneten eta Osakidetzako web-orriaren bidez eskatu ahalko dute, eta epea uztailaren 22ra arte egongo da zabalik. Sailburuak esan du ordainketa “ahalik eta lasterren” egingo dela, eta, betiere, urtea amaitu aurretik.
Osasuneko Sailburuak esan du urrats hori Osakidetzak sindikatuekin adostutako akordioarekin duen konpromisoa betetzen ari delako beste erakusgarri bat dela. Gogorarazi du, era berean, oraindik Osakidetzako Zuzendaritzaren eta sindikatuen artean lanbide-garapeneko eredu berrirako prozedura diseinatzear dagoela, 2022koa deitu ahal izateko. Ziur nago, konpromisoa irmoa dela ikusita, bi aldeek akordioa beteko dela bermatuz eta osasun-zerbitzuen kudeaketa hobetzeko eta profesionalak motibatzeko jardungo dutela”, esan du Sailburuak.
URRATSAK
-
- Ogasun Sailak 318,4 milioi euro bideratu zituen Osakidetzara, 2019, 2020 eta 2021 ekitaldietako aparteko deialdiei dagokien lanbide-karrera ordaintzeko prozedura hasteko (maiatzaren 10a)
-
- Ordainketa egiteko, aste honetan bertan, ostiralean, hilaren 24an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpena argitaratuko da; haren bidez, eskabidea egiteko eskakizunak eta prozedura ezartzen dira.
-
- Datorren astelehenetik aurrera, ekainaren 27tik aurrera, egongo da zabalik eskabidea egiteko epea. Intraneten bidez edo Osakidetzako web-orriaren bidez egin ahalko da. Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 27an hasi eta 2022ko uztailaren 22an amaituko da.
-
- Eskabideen epea itxi eta erreklamazio guztiak aztertu eta ebatzi ondoren, Osakidetzak nominan ordainduko du aparteko deialdi honi dagokion lanbide-garapena.
ESKAKIZUNAK
Honako eskakizun hauek ezartzen dira, deialdiak berak sartzeko eskatzen dituen baldintzak betetzen badira:
-
- Osakidetzan plaza jabetzan duten langile finkoek egiaztatu beharko dute Osakidetzan zerbitzuak benetan ematen dituztela, aitorpena lortu nahi den kategorian, zerbitzu aktiboan edo senideak zaintzeko eszedentzian, genero-indarkeriagatik edo zerbitzu berezietan, gutxienez urtebetez, eskaera egiteko epea hasi aurreko azken 3 urteetan.
-
- Osakidetzan plaza jabetzan ez duten langile finkoek egiaztatu beharko dute Osakidetzan zerbitzuak benetan ematen dituztela, aitorpena lortu nahi den kategorian, zerbitzu aktiboan edo senideak zaintzeko eszedentzian, genero-indarkeriagatik edo zerbitzu berezietan, eskaera egiteko epea hasi aurreko 3 urteetan.
-
- Osakidetzan lan-harreman finkorik ez duten langileek gutxienez hiru urte eman behar izan dituzte Osakidetzan lanean, deialdiko eskaera-epea hasi aurreko bost urteetan.