Salva Industrial, okindegi eta gozogintzarako labeen Europako 10 fabrikatzaile handienetako bat

0

Salva Industrial okindegi eta gozogintzako lantegietarako labeen Europako 10 fabrikatzaile handienetako bat da. Lezon kokatutako enpresa honek atzerrian saltzen du bere produktuen % 70. Enpresa horrek SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren laguntza bat jaso du. Duela hiru urtetik, SPRIk Basque Cybersecurity Centre (BCSC) zentroaren laguntza du zibersegurtasunaren euskal ekosistema bultzatzeko eta, ondorioz, baita ere laguntza ekonomikoak banatzen dituen programa honetarako.

Enpresa hau 1943an sortu zen, Jaime eta Juan Llordes anaien ekimenez. Mundu Gerraren garai nahasi hartan erabaki zuten Donostian labe bat fabrikatzea, okin bati saldu eta trukean urte osorako ogia izateko. Handik urte batzuetara, egun Lezon duen egoitzara eraman zuten Hornos Eléctricos Salva, eta okindegi zein gozogintzarako labeen fabrikazioan zentratu ziren, gero Estatu osoan saltzeko.

70eko hamarkadan ekin zioten nazioartekotze-prozesuari, filial komertzialak irekiz atzerrian. Frantzia, Ekialde Ertain, Erresuma Batu eta Mexikoko merkatuetan sartu ziren, gaur egungo % 70eko nazioartekotze-kuotara iritsi arte. 80ko hamarkadan hartu zuen enpresak gaur egun duen izena: Salva Industrial.

Supermerkatuak, hotelak nahiz okin artisauak dira konpainiaren bezeroak. “Okindegi eta gozogintzako lantegietarako labeak eta makineria fabrikatzen ditugu. Gai gara lantegi oso bat muntatzeko” dio David Llordesek, Europako 10 labe fabrikatzaile handienen artean kokatzen den enpresaren zuzendari nagusiak. “Ez daukagu lehiakide esanguratsurik ez Euskadin eta ez Espainian”.

Enpresa-taldeak bere baitan biltzen ditu industria arloko lau enpresa: “bi Gipuzkoan daude, labeetan eta hotz-sistemetan espezializatuak, Bartzelonakoa makinerian zentratzen da, eta enpresa elektroniko batean ere parte hartzen dugu”. 160 langileko plantilla du, eta aurtengo fakturazioa 40 milioi euroraino iritsi da, aise gainditu dituelarik pandemiagatiko krisi ekonomikoan fakturatutako 26 milioiak.

Hirugarren belaunaldia

Konpainia familiaren hirugarren belaunaldira iritsi da. “Profesionalki kudeatutako familia-enpresa bat da”. Bost kontinenteetako 100dik gora herrialdetan saltzen du, Espainia, Frantzia, Australia, Mexiko eta Ekialde Ertaina direlarik bere merkatu garrantzitsuenak. “Portzentajeari erreparatuz, Australiara gehien esportatzen duen enpresa gipuzkoarra gara”. Harro daude euren sustraiak Gipuzkoan izateaz eta “gure erantzukizun sozial korporatiboaz. Hirugarren sektoreko enpresetako 50 pertsona enplegatzen ditugu, uste dugulako hala egin behar dugula”.

Salva enpresak teknologia propioa du. “I+G guztia geurea da, 75 urte daramatzagu berritzen”. Izan ere, departamendu espezifiko bat dauka berrikuntza eta garapenerako, 15 langilerekin. Negozioaren % 2,5 bideratzen da I+G-ra.

Antzinako labe bat.

SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren bidez jasotako laguntzarekin hobekuntza globalak egin dituzte euren segurtasun sistematikan. “Nazioarteko enpresa bat gara eta segurtasunak zinez kezkatzen gaitu. Gainera, arazoak izan ditugu hackerrekin, nortasun-ordezteekin, eta kopiatu ere egin gaituzte. Eta ez hemen bakarrik, gertatu zaigu baita ere atzerrian”. Zibersegurtasuneko programa garatuta eta ezarrita dago jadanik.

Enpresa honek bere plan estrategikoan jaso duen erronketako bat da mundu mailako erreferente bihurtzea okindegi eta gozogintza sektoreetan “labeen egosketa kalitateagatik. Hori funtsezkoa da gure sektorean, hots, bero gozoa deitzen dena”. Konpainiak labe modular bat garatu du: “munduan gehien saltzen dena da, eta 7 izarreko hotelek erosi digute bere egosketa kalitateagatik”.

Beste helburuetako bat da Europako supermerkatuen sektorean garatzea eta “Ipar Amerikako merkatuan sartzea, horretarako behar diren ziurtapenekin (produktu askorentzat badauzkagu jadanik). Merkatu erraldoia da benetan”.