Akuikulturak, zenbait adituren arabera antzinako praktika izan arren, gorakada bat izan du gaur egun, erauzketako merkataritza-arrantzaren alternatiba gisa duen potentziala dela eta, ustiapen-maila altuan edo gehiegizko ustiapenean baitago lehen hori. Hala ere, uretako animalia-espezieen laborantzak ingurumenean ere eragina du, eta ekosistemak kutsa ditzake. Hain zuzen ere, sektorea ziztu bizian industrializatu da azken hamarkadetan. Oro har, 40 urtean, arrainaren % 5 hornitzetik ekoizpenaren % 46 izatera igaro da, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) 2018. urteari buruz emandako azken datuen arabera.
Sektorearen iraunkortasuna bermatze aldera, AZTI zentro teknologikoa, BRTA aliantzako kidea, LIFE AQUAPEF proiektu europarraren buru da 2018tik. Proiektu horren helburua teknologiak garatzea da, akuikulturako produktuek Mediterraneoan duten ingurumen-inpaktua kalkulatu, egiaztatu eta jakinarazteko, betiere Produktuaren Ingurumen Aztarnaren Europako metodologiarekin bat etorriz.
“EB metodologia bat garatzen ari da edozein produktu edo zerbitzuren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko: produktuaren ingurumen-aztarna. AQUAPEF, hain zuzen ere, sektoreari esparru arautzaile berri hori aplikatzeko erraztasunak emateko sortu zen, tresna erraz baten bidez, akuikulturagileek beren produktuen ingurumen-inpaktua kalkulatu eta egiaztatu ahal izan dezaten”, Saioa Ramos AZTIko Prozesu Eraginkor eta Iraunkorren arloko ikertzaileak eta proiektuaren arduradunak ziurtatu duenez. Tresna, ordea, ez da inpaktua kalkulatzera mugatuko, baizik eta inpaktuaren kausak eta jatorriak identifikatzeko aukera ere emango du, ingurumen-irizpideetan oinarritutako erabakiak errazago har daitezen.
Proiektu honetan garrantzi handia duen hirugarren helburu bat komunikazio-mekanismo eraginkorragoak gaitzea da, bai sektorea osatzen duten enpresen artean, bai ekoizleen eta azken kontsumitzailearen artean. Horrela, bada, hainbat hedapen-sistema aztertzen ari dira, Ramosek adierazi bezala, “jasangarritasun-baldintza hobeak dituzten akuikulturako produktuen posizionamendua hobetzeko. Elikagaien eta edarien jasangarritasun-maila kuantifikatzera, hobetzera eta jakinaraztera bideratutako ekimenak gauzatu behar dira, ekoizpen iraunkorragoa eta kontsumo arduratsuagoa sustatzeko”.
Proiektuko kide diren akuikultura-enpresetako hiruk (Culmar espainiarra eta Skironis eta Forkys greziarrak) urraburu- eta lupia-ekoizpenean baliozkotu dute garapena. Horiez eta zentro teknologikoaz gain, HCMR Greziako zentro teknologikoak, Lovainako Unibertsitateak (Belgika) eta INGENET softwarea garatzen duen Espainiako enpresak ere parte hartuko dute.
SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.