Gaur goizean aurkeztu du Barakaldo Antzokiak bere programazioa. Irailetik urtarrilera bitartean martxan egongo den egitarau horretan 31 ikuskizun sartzen dira, Blanca Portillo, Bob Pop, Tristán Ulloa edo Silvia de Pé bezalako artistez gozatu ahal izateko herriko antzokian. Halaxe adierazi dute gaur goizean Nerea Cantero Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gaztedia Arloko zinegotziak eta Ana López Asensio Barakaldo Antzokiko zuzendariak. Antzokian, gainera, bi emanaldi egongo dira jaietan: Rey Tuerto eta Bataklan Kabareti, 16 urtetik gorakoei zuzenduta.
Denboraldi honek badu, gainera, berrikuntza paregabe bat: ikuskizunak normaltasun osoz itzuliko dira, COVIDaren ziozko mugarik gabe. Jaietako egitaraua ere berreskuratuko da, bi emanaldi tarteko. Horietako lehena igandean izango da (hilak 10): El rey tuerto, Inextremis konpainia nafarraren eskutik. Fernando Bernuésen zuzendaritza eszenikoak komedia bat dakarkigu, umore beltzetik ere baduena. Eta, ostiralean (hilak 15), Asier Bilbao izango da izarra Bataklan Kabaret emanaldian. Zuzeneko musika, dantza, zirkua eta, batez ere, barreak Las Fellini, Anakoz, Yogurinha Borova edo Pingüistar bezalako artisten eskutik. Kasu honetan, aipatzekoa da 16 urtetik gorakoentzako ikuskizuna dela.
Irailetik urtarrilerako programazio berriari hasiera emateko Los días ajenos de Bob Pop izango dugu (irailak 24), bere egunerokoen eta beste batzuen egunerokoen bidez bere bizitzan zehar bidaiatzeko aukera emango digun bakarrizketa. Antzerkiarekin jarraituz, Tristán Ulloa eta Pablo Derqui aktore handiak iritsiko dira Barakaldora,True West lana erakusteko gainerako taldekideekin batera (urriaren 1a). Eduardo Mendoza idazleak egokitu du Sam Sheparden komedia beltz hau.
Komedian baina guztiz bestelako tonuan datorkigu Itsas Behera (urriaren 8a), Pez Limbo konpainia arabarraren eskutik. Iruñetik etorriko da La reina del Arga (urriaren 13a). Ikuskizun honetako protagonistak, Estefanía de Paz Asínek, interprete onenaren saria jaso du aurten FETEN azokan. Eta urriaren 22an Ron Lalá itzuliko da, Barakaldo Antzokiko ikusleen konpainia gustukoenetako bat. Villa y Marte lana dakarkigu, Marten bete-betean girotutako sainete musikala, Zarzuelaren erritmoan.
Azaroaren 26an El caballero incierto lana aurkeztuko da. Sari asko eta, batez ere, ikusleen txalo-zaparradak jaso ditu lan honek. Silvia de Pé aktoreak, Rosa Monteroren eleberri bateko pertsonai batean oinarritutako proiektu hau sortzean, isilarazitako emakumeak aldarrikatu nahi izan ditu. Abenduaren 2an Formol Laborategia etorriko da Álbum lanarekin, gazteriaren ez-erretratu gisa definitzen den horretan.
ANTZERKIA
Antzerki-urteari hasiera emateko, egungo ikuskizunen artean arrakasta handia lortu duen lan bat etorriko da. Urtarrilaren 21ean Silencio iritsiko da gurera, Juan Mayorgarena, Blanca Portillo handia eszenatokian dela. Hitzari eta antzerkiari egindako omenaldi bat, bere egileak RAE akademiara sartzean egin zuen diskurtsoan oinarrituta. Antzerkiei amaiera emateko, Titzina Teatroren Buho lana izango dugu, urtarrilaren 28an. Kataluniako konpainia antzerki garaikidearen erreferente bat da, besteak beste gaiak egungo errealitatearen ikerketa-lanetan oinarrituta jorratzen dituelako.
MUSIKA
Musikan, eta Ostiral Flamenkoak jaialdiak ekarriko dizkigun proposamenak ahaztu gabe, 9 lan izango ditugu. Urriaren 29an izango da lehena, telebistan arrakasta handia lortu duen La Banda de Late Motiv ezagunarekin. Andreu Buenafuente antenan egon zen denboraldietan zehar bere programan berarekin batera egon ziren aparteko musikari hauek errepaso bat egingo dute rock, R&B, soul eta beste musika-estilo batzuetako klasikoetan barrena.
Ondoren, Emilia y Pablo bikote txiletarra izango dugu. Madrilen bizi den bikote honek bikain uztartzen ditu arte eszenikoetan duen esperientzia eta folklore latinoamerikar eta flamenkoko nahasketa apartekoa. Euskal Herrira datoz Territorio de delirio aurkeztera, beren lehen albuma. 360 gradu zikloan ikusi ahalko den harribitxietako bat da. Bertan, aforo oso mugatua duten ikuskizun batzuetan, artistek eta ikusleek espazio epel eta hurbil batez gozatu ahal izango dute.
Ondoren, azaroaren 19an, Moisés P. Sánchez konpositore, produktore musikal, piano-jotzaile, inprobisatzaile eta moldatzailearen txanda izango da. Eta, abenduan, gospel saio bat izango da 22an, Mississippitik datorren Bridget Bazile sopranoaren eskutik. Hurrengo proposamen musikala Nafarroatik iritsiko da. Urtarrilaren 14an Petti abeslari eta gitarra-jotzaile bikaina izango dugu gurean, bere azken lana aurkezteko (Manipulazio Estrategiak), Etxeko Uzta bandarekin eta Cámara Et Incarnatus orkestrarekin batera. Bluesa, rocka eta folka uztartzen dituen ikuskizuna.
Proposamen musikalak urtarrilaren 19an amaituko dira, Margarida Mariño musikariak biolontxeloaren bidez soinuaren eta estetikaren mugak aztertuko dituelarik Abisal lanean. Galiziako musikariak txelo-jotzailearen prestakuntza klasikora ekarriko ditu elektronika edo jazza bezalako generoak.
DANTZA
Dantzan murgiltzeko, familia guztiarentzako emanaldi bat izango dugu urriaren 9an: Geometría, Roseland Musicalen eskutik. Dantza akrobatikoa eta dantza urbanoa, 3D proiekzioekin, dantzarien bidez gorpuzten diren hiruki, zirkulu eta karratua protagonista dituela. Antzezlan hau Dantzaldia jaialdiarekin eta La Fundición aretoarekin batera aurkeztuko da.
Eta, urriaren 15ean, Archipiélago de los desastres lanaren estreinaldia izango dugu gurean. Isabel Vázquez zuzendari eta koreografoak sinatzen duen ikuskizun handia, porrota artelan bihurtzeko gonbidapena luzatzen duena.
Talentuz eta entregaz beteta dator, era berean, Marta Alonso Tejada, Bailar Agora lanaren sortzaile eta interpretea. Azaroaren 5an iritsiko da Barakaldora, dantzan egitera animatzera, egungo egoera sozial eta pertsonalean kokatzeko.
Dantza garaikidetik ballet klasikora pasatuko gara, El cascanueces lanarekin (urtarrilaren 7a), Laura Alonsoren konpainiaren eskutik. Alicia Alonso mitikoaren alabak Kubatik dakarkigu maitagarrien istorio hau, balletaren bidez. The very last northern white rhino izango da dantza-proposamenetako izenburuetan azkena.
IKUSLE GUZTIENTZAKO IKUSKIZUNAK
Ezin ditugu ahaztu ikusle guztientzako bi ikuskizun. Urriaren 30ean, Lucas Escobedo konpainiaren Paüra emanaldia izango dugu. Zirkua, umorea eta zuzeneko musika, Valentziako Arte Eszenikoen Sarietan Zirkuko Ikuskizun Onenaren saria jaso duen proposamen ikaragarrian. Eta Barakaldo Antzokian ¡Coco! un poco loco musikala egongo da, film ezagunean oinarritutakoa. Azaroaren 13an aurkeztuko du Pekebaila Kids konpainiak.