Bilboko Udalak errealitate birtual eta areagotuko proiektu bat ezarriko du, Artxanda aisialdirako gune natural bat izan dadila sustatzeko

0

 

Artxandako Aktibazio Planaren barruan, Bilboko Udalak, datozen hilabeteetan, errealitate birtual eta areagotuko proiektu bat ezarriko du, Artxanda aisialdirako gune natural bat izan dadila sustatzeko.

Proiektuan, aplikazio digital bat garatuko da eta beharrezkoak diren elementu gehigarriak kokatuko dira, Bilboko eta Bizkaiko bizilagunek eta bisitan datozenek euren gailu mugikorretan erabiltzeko.

Aurreikusten den inbertsioa 309.100 eurokoa da (BEZ barne). Lanak adjudikatzen direnean, sei hilabeteko epean burutuko dira.

Errealitate birtual eta areagotua Artxandako erlaitzaren erdigunean kokatuko da. Zehazki, proiektuak lau ingurune bereizten ditu. Beraietan, errealitate birtual eta areagotuko teknologietan oinarritutako jarduerak egingo dira:

    • Hatz-markaren parkea.

 

    • Begiratokiko pasealekua.

 

    • San Roke bidea eta lehengoratutako Burdin Hesia.

 

    • Pikotamedi.

 

Erabiltzaileek agertoki horietan egon behar dute eta aplikazio mugikorra deskargatuta eduki behar dute esperientziaz gozatzeko.

EDUKIA ETA MURGILTZE-ESPERIENTZIA

Kokaleku bakoitzerako, gai zehatz bat definituko da:

    • Hatz-markaren parkean: ‘Artxanda denboran zehar’. Aurreko erabilerei buruzko azalpenak eta irudiak edukiko ditu. Artxandako leku nabarmenei buruzko pasadizoak eta Bilboko historiari lotutako gertakari esanguratsuak edukiko ditu.

 

    • Begiratokiko pasealekua: ‘Bilbo denboran zehar’. Aurreko erabileren azalpenak eta irudiak edukiko ditu. Bilboren historian esanguratsuak diren gertakariak eta pasadizoak. Azpigaiak garatu ahalko dira (arkitektura, azpiegiturak, gizarte-garapena, industria, …), informazioa modu erraz eta irisgarrian antolatzeko.

 

    • San Roke bidea eta lehengoratutako Burdin Hesia. Bilboko Burdin Hesiari buruzko azalpenak eta irudiak edukiko ditu. Modu osagarrian, gai kulturaletako gidak aurkeztuko dira (literatura, antzerkia, artea, musika, …), ibilbidean definitzen den aroan, aurreko aroan eta ondokoan kokatuak.

 

    • Pikotamedi: Orientazioko ginkana, kokaleku batzuk hurrengoekin lotzen dituzten erronkekin, esperientzia jolasa izan dadin.

 

Jardueretako publiko objektiboa zabala izatea nahi genuke: bai umeak (eskolaren testuinguruan nahiz familian), bai helduak (kultur eta aisia eskaintzaren barruan), bai bertokoa, bai kanpokoa. Horregatik, eduki osoa Estatuko hizkuntza koofizial guztietan aurkeztuko da, baita ingelesez, frantsesez eta alemanez ere, bai ahozko lokuzioetan, bai idatziz.

Guztiengana iristeko eta esperientzia ahalik eta pertsonalizatuena izateko, edukia modu erakargarrian aurkeztuko zaie publiko mota guztiei, zailtasun maila ezberdinetako esperientziekin, adin eta ezaugarri guztietako erabiltzaileei egokituak.

Ibilbideen garapena presentziala, sekuentziala eta koherentea izango da. Horrela, edukia ordenaturik erakutsiko da, eta amaierara iristeko ibilbidea oso-osorik egin beharko da.

Gainera, ez dira izango erabilera bakarreko esperientziak. Izan ere, zenbait modulu, maila, jarduera eta abarren bitartez proposatuko da behin baino gehiagotan egin ahal izatea, eduki berriarekin bakoitzean. Zenbait teknologia ezarriko dira ibilbideetako bakoitzean, esperientzia bakoitza originala eta dinamikoa izan dadin.

Berreraikuntza birtualek xehetasun maila handia izango dute, eta irudi grafikoa kalitate handikoa izango da. Aplikazioan jasotako edukiak eta haren itxurak memoria historikoaren eta ondare kulturalaren legeak errespetatuko dituzte une oro.