Garamendi: «Estatutua ez eguneratzeak eta transferentziak ez betetzeak ekar dezake Estatuak okupatzea gure eskumen esparrua»

0
PRUEBA

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak Gernikako Estatutua eguneratzearen eta sakontzearen eta egiteke dauden transferentziak gauzatzearen “beharra” azpimarratu du. Olatz Garamendik adierazi duenez, “Estatutua ez eguneratzeak eta egiteke dauden gaien eskualdaketa ez burutzeak ekar dezake Estatuak okupatzea gure eskumen esparrua”.

Garamendik ETB-1eko ‘Egun on Euskadi’ saioan egindako elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok. Bertan, autogobernua defendatu du Euskadiren garapenerako tresna gisa, eta Espainiako Estatuaren bultzada birzentralizatzailea salatu du. Moncloan Voxekin PPren balizko gobernu batek arrisku hori areagotuko lukeen galdetuta, Sailburuak adierazi du azken urteetan ere “sumatu dut areagotu egin dela birzentralizatzeko joera hori”. Adibide gisa, Estatuko lege higatzaileak edo euskal legeen judizializaziora jotzea aipatu ditu.

Egiteke dauden transferentziei buruzko negoziazioaren egoerari buruz, Sailburuak ziurtatu du ez dagoela inolako aurrerapenik aspalditik, eta Espainiako Gobernuak ez diela erantzun Eusko Jaurlaritzak bidalitako transferentzia proposamenei. «Onartezina da erantzun ere ez egitea, Gernikako Estatutuaz, lege organiko batez eta dagozkigun gaien transferentziak betetzeaz ari gara», adierazi du.

Garamendik jakinarazi du gaur bertan beste transferentzia proposamen bat bidali diola Lurralde Politikako Ministerioari, Itsas Salbamenduarena, hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzaren ekimenez bidalitako bosgarren proposamena da. Espainiako Gobernuaren proposamenik jasotzen ez zuenez, proaktiboa izatea, urte hasieran proposamenak egitea eta Moncloara bidaltzea erabaki zuen. Orain arte, Itsas Salbamenduaz gain, Meteorologia, Itsasertzaren Kudeaketa, Zinematografia Babesteko Funtsa eta Immigrazioa transferitzeko proposamenak bidali ditu.

Sailburuak ez du erantzunik jaso Espainiako Gobernutik, eta ziurtatu du ez dagoela aitzakiarik ez justifikaziorik atzerapen eta erantzun falta horretarako, “zorretan daude Eusko Jaurlaritzarekin eta euskal gizartearekin”. Garamendik ziurtatu du ez duela atzera egingo, eta egiteko dauden gai guztien proposamenak egiten jarraituko duela, Espainiako Gobernuari bidaltzeko. “Dagozkigun eskumen guztiak jarriko ditugu mahai gainean, negoziazioan bidea irekitzeko eta guztia prest uzteko”, zehaztu du.

Eusko Jaurlaritzak Europan duen papera ere jaso du Garamendik. Urkulluren gobernuaren bokazio europar zalea gogoratu ondoren, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak Euskadiren presentzia eskatu du euskal gaiak eta interesak erabakitzen diren foroetan, eta Ecofin jarri du adibidetzat, gai fiskalak direnean, edo segurtasun eta justizia gaiekin lotutako beste foro batzuk direnean. “Eskudunak garen foro eta gaietan, bertan egon behar dugu. Nor gu baino hobeto gure jarrera eta interesak azaldu eta defendatzeko?”, galdetu du. Euskadik nazioarteko beste foro batzuetan parte hartzea ere defendatu du eta, testuinguru horretan, “autogobernuaz hitz egiten dugunean, ez dugu bakarrik Estatuari begira egon behar, iparrera ere begiratu behar dugu” adierazi du.