Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak, Bentaberriko etorkizuneko geltokira egindako bisitaren ondoren azaldu duenez, “tarte horretan obrak amaitzea Donostiari eta bertako biztanleei ia 10.000 metro karratu itzultzea ahalbidetuko du. Hemendik aurrera, Antiguon eta Bentaberrin, sarbide berriek, igogailuak eta aireztapen-putzuek izango duten segurtasun-hesira mugatuko dira okupazioak, behin betiko zerbitzuan jarri arte”.
Arriola eta Pedro Marco sailburuordea gaur goizean sartu dira geltoki berrira, Bentaberriko kiroldegiaren ondoko kanoitik; izan ere, duela bi astetik, Snohetta norvegiar estudioaren sinadura daraman markesina ere badago bertan. Koral antzeko altzairu herdoilgaitzezko itsas egitura tridimentsional batean oinarriturik gauzatzen da, alde bietatik beira-xafla finez estalia, gaueko ordutegian led argien bitartez argiztatua.
Lugaritz eta Mirakontxa arteko tartea 2.140 metro da luze, eta 83 metroko sakonerara iristen da gehienez. Hondeatutako lurren guztizko bolumena 166.000 metro kubikokoa da. Hondeaketa lanak egiteko bi eraso-arrapala egin behar izan ziren: Pio Barojan, Mirakontxa-Easo tarteko lanekin partekatuta eta 473 metroko luzerarekin; eta Zarautz etorbidean, laburragoa, 188 metrokoa.
Bentaberriko geltokia, tarte horrek hartzen duen bakarra, erabat amaituta dago, bai obra zibilari, bai sarbide mekanizatuei (eskilerak eta igogailuak) dagokienez. Trenbideak eta katenariak eta aurrerago egingo diren instalazioen erremateak falta dira. Hauek bigarren zatiarekin batera egingo dira. Geltokian sartzeko, kiroldegiaren ondoan, Xalbador Bertsolaria kalean, dagoen ahoa (121 m) edo Bentaberri plazako kanoia (146 m) erabili behar dira.
“Bentaberriko egungo eszenatokia gainerako bi geltokietan zain duguna da. Beraz, 1. tartearen aurrerapenei 2. tartearen aurrerapenak gehitu behar zaizkie. Izan ere, hemendik gutxira, Morlanseko frontetik lan egiten duten hondeaketa-ekipoak Erdialdea-Kontxako geltokia egongo den puntura iritsiko dira”, azaldu du Arriola sailburuak.
Mirakontxa-Easo tartea
Hondartzaren aurrealdean 200 metro falta dira geltokira iristeko, motel bada ere seguru, eta errendimenduak oso onak dira: “Sei metroko tarteetan egingo dugu aurrera. Injekzioak dituen lursaila da, eta faseka zulatzen ari gara, Itsasertzetako Zuzendaritzak eta Cedexek onartutako proiektuan zehaztuta dagoen bezala; izan ere, bi erakunde horiek balioztatu dituzte hondeaketa- eta euste-metodoak”, Arriolaren esanetan.
Bitartean, Eason egongo den geltokian, talde teknikoak enkofratuak eramateko orga muntatzen ari dira, behin betiko hormigoizko egiturazko estaldura gauzatzeko. Gainazalean, Loiolako eta Xabier Zubiriko sarbide-kanoietako obrek aurrera jarraitzen dute, egikaritze-maila desberdinetan, eta, bestalde, hasi dira zerbitzuak desbideratzeko lanak, San Bartolome kaleko aireztazpena hondeatu aurretik.
Lugaritz-Easo lurpeko trenbide-saihesbidea Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak bultzatutako proiektua da. Gaur egun Amarako geltokiak dakarren zaku-hondoa kentzea du helburu, eta horrek bidaiatzeko denborak nabarmen hobetzea ekarriko du, eta, aldi berean, garraiobide berri bat eskainiko du soilik autobusaren edo turismo partikularraren mende dauden Unibertsitateetarako, Antiguorako eta erdigunerako.
Ibilbide berria 4,2 kilometro da luze, Lugaritzeko geltokian hasten da eta lurpetik doan Morlanseko tartean amaitzen da. Proiektuak hiru geltoki berri aurreikusten ditu: Bentaberri-Antiguo, Erdialdea-Kontxa eta oraingoa ordezkatuko duen Easo.