MartxUp! 2022 programan ideiak eta proiektuak aurkezteko epea ireki da uztailaren 27a arte. Donostiar gazteen ideiak landu eta horiek garatzen laguntzeko helburua du ekimenak; gazteak hiriko gizarte, kultura eta ekonomian era aktiboan ekitera bultzatzeko.
Parte hartzeko eskaera www.martxup.eus orrialdean aurkeztu behar da. Deialdian 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteek parte hartu ahal dute banaka nahiz taldeka. Proiektuak hautatuak izanez gero, bi eta lau pertsona arteko taldetan landu beharko dira. Parte hartu ahal izateko, taldekideetako batek, gutxienez, donostiarra izan beharko du.
Jarduera eremua askea izango da, eta ez da esparru jakin batera mugatuko, betiere proiektu baztertzaileak eta diskriminatzaileak ez badira .Aurkeztu ahal izango dira dauden fasean daudela: zirriborro, garapen edo inplementazioa. Hori bai, proiektuek bi ezaugarri bete beharko dituzte: hein handienean Donostian izango dute garapen eremua eta Donostia edo hiritarren onurarako zuzenduak izango dira.
MartxUp!-eko epaimahaiak proiektuen balorazioan kontuan hartzen dituen irizpideak dira bideragarritasuna, originaltasuna eta berrikuntza eta zehaztapen maila.
Formazioa
Garapen fasea prozesuaren fase garrantzitsuena da; izan ere, proiektu bakoitzaren zehazte eta lanketa sakonago bat egin eta proiektu-kideek proiektuaren erronken araberako formazioa jasoko dute, proiektua berauek aurrera eraman ahal izateko. Proiektuen garapena eta prototipoak berariazko ikuskapen teknikopean sortuko dira garapen fasean. Fase hau bost tailer desberdinetan banatuko da, eta MartxUP programan parte hartzen ari diren gazteak bertan egoteaz gain, Donostiako gainerako gazteei ere zabalduko zaie bertan parte hartzeko aukera.
Fase honen helburu nagusia proiektuak zehaztu, akzio plan bat burutu eta saretze prozesua hastea da, proiektua abian jarriz.
Garapen fasea urria eta abendua bitartean izango da. Aldi hori amaitu ondoren, aurkezpen aldia izango da.