Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Juan Carlos Abascal Ermuako alkateak gaur aurkeztu dituzte Ermuako Izarra Centren Eusko Jaurlaritzak Miguel Ángel Blancoren oroimenez eta omenez egingo diren ekitaldien barruan antolatu dituen bi erakusketak, ETAk hil zuenetik 25 urte betetzen direnean. Bi erakusketak Ermuako Udalarekin lankidetzan antolatu dira, uztailean zehar Bizkaiko herri horretan egingo diren ekitaldi, erakusketa eta omenaldien sustatzailea baita.
Aurkezpenean izan dira ETAren hainbat biktima, Ertzaintzako agenteak eta Eibarko eta Ermuako gazteak, guztiak ere bi erakusketaren parte eta protagonista direnak. Horrez gainera, bertan izan dira beste agintari batzuen artean Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea, Jose Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordea, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria, Monika Hernando Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendaria eta Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria ere.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzetan, Miguel Ángel Blancori egiten zaion omenaldia ondokoak aintzat hartuta egin da “terrorismoaren biktimak erdigunean jarriz; bakearen defentsan eta terrorismoaren deslegitimazioan aitzindari izan ziren pertsona eta erakundeen konpromisoa balioetsiz; eta etorkizunari begira, euskal gazteen begiradaren bitartez”. Gazteak aipatu ditu hain zuzen Artolazabalek, “indarkeria adierazpen oro deslegitimatzeko eta ez errepikatzeko berme gisa”. Aurrean izan dituen gazteei zuzenduta, horrela mintzatu zaie: “etorkizun baketsua izateko bermerik onena zarete, printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan, eta giza eskubideen defentsa, berme eta egikaritze eraginkorrean oinarritutako Euskadi bat lortzeko bermea zarete”. Horren alde egiteko animatu ditu.
Bestalde, Josu Erkorekak adierazi du erakusketa horien bidez “Miguel Ángel Blancoren bahiketaren 48 orduetan bizi izandako larritasun pertsonala, familiak eta gizarteak bizi izandako larritasuna” sentitu ahal izango dugula. Gainera, “horrekin ETAren biktima guztiak ere gogoratzen ditugu, eta terrorismo-urteetan euskal gizarte osoa babesteko, polizia-eginkizun guztiz ezezagunetan, isilean eta modu anonimoan, aritu ziren agente guztien lana aitortzen dugu”, erantsi du.
Alde horretatik, lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak Jon Álvarez artista eta ertzainak egindako suontziaren erreplika bat ere erakutsi du. Lehendakariak Euskal Poliziaren Museoan inauguratutako “Hemen Gaude” gunean, “Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako biktimak oroitzeko lekuan” kokatuta dago. Alde horretatik, “haien aurka jo zuten ETAren aurkako borrokan abangoardia izateagatik, lanbide gisa gure eskubideak eta askatasunak defendatzea eta babestea aukeratu zutelako”, adierazi du. “Horregatik”, erantsi du, “ezin ditugu ahaztu, ez ditugu ahaztu behar”; izan ere, “gogoratzea berriz ez gertatzeko bermea da, etorkizunera itxaropenez begiratzeko gure betebeharra da”.
Artolazabalek gogora ekarri du Miguel Angel Blanco, terrorismoaren biktima eta proiektu totalitario baten biktima, egungo gizarteari “erreferentzialtasun etiko eta morala” ematen dion persona ere, eta gaineratu du, “herrialde bateko zuntz moralaren sendotasuna biktimekiko duen begirunearen arabera ere neurtzen da”.
Sailburuak, bere hitzaldiaren hasieran, gogora ekarri du Begoña Urroz Ibarrola, DRILL-en biktima, Donostian atentatu batean hil zela 62 urte betetzen diren egunean.
Gogora institutuaren erakusketa
Gogorak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, diseinatu duen erakusketa gaur irekiko da jendearentzat. Guztira 180 metro karratuko eremu bat hartzen du, hiru aretotan banatuta, eta Ermuako Izarra Centreko laugarren solairuan jarri da. Izenburua du “Miguel Ángel Blanco gogoan / Elkarbizitza eraikiz. Memoria para la convivencia«, eta bere helburua da Miguel Ángel Blancoren hilketaren bidegabekeria eta atentatu hark gizartean sortu zuen kondena eta gaitzespen aldarria islatzea. Horrela, atentatuari heltzen zaio gaur egunetik gogoratuta, baina begirada etorkizunean jarrita.
Horretarako, Gogorak ikus-entzunezko ibilbide bat diseinatu du, 12-15 minutuko bideoekin. Bideo bakoitza modu independentean ikus daiteke, baina erakusketaren ikuspegi bateratuak Euskadiren duela gutxiko historian barrenako bidaia egiteko aukera ematen du eta, gainera, gertatutakoaren gainean hausnarketa egitera eta horren memoria osatzera eta partekatzera gonbidatzen du horretarako gaitutako txoko batean, era horretara memoria eraikitzen laguntzeko.
Lehenik eta behin, protagonismo osoa eman zaie gertaera traumatiko hura bizi ez zuten baina euren herriko duela gutxiko historia euren familien eta programa hezitzaileen bidez ezagutu duten Ermuako eta Eibarko gazteei. Gazte horien gogoetak (“Gazteak, etorkizuna bakean eraikitzen. Construyendo el futuro en paz”) iragan traumatikoaren eta etorkizun itxaropentsuaren arteko, elkarbizitza baketsuaren aldeko, hari nagusia dira; izan ere, iraganean gertatu zena jakin nahi dutela aldarrikatzen dute etorkizunean hutsegite berberak ez egiteko eta giza eskubideen eta elkarbizitzaren aldeko apustua sendotzeko.
Bigarrenez, erakusketara hurbiltzen direnek, gaurtik aurrera, aurrez aurre ezagutu ahal izango dituzte ETAren biktimen familiartekoen lekukotasunak. Gobernuak Gogoraren ikus-entzunezko funtseko lekukotasunen laburpen bat prestatu du (“Biktimen memoria – Memoria de las víctimas”), Euskadin bizi izandako terrorismoa ikus-entzuleei terrorismo hura jasan zutenen begiradaren bidez hurbiltzeko. Gogoraren helburua da begirada ezinbestez gizatiartzea, terrorismoak eta indarkeriak Euskadin berekin ekarri zuenaren larritasunaren helmena ulertzeko.
Azkenik, hirugarren gunean Gogorak mugimendu bakezaleen historia erakutsiko du, hasi zenetik Euskadin indarkeria amaitu zenera artekoa (“Mugimendu bakezaleak Euskadin – Movimientos pacifistas en Euskadi”). Helburua da berariazko aitorpena egitea, egoerarik okerrenetan ere, indarkeriari eta zentzugabekeriari publikoki erantzuten jakin zuten pertsonei eta kolektiboei.
Erakusketa, azken batean, duela gutxiko iragana ahaztu gabe etorkizun adiskidetsua eraikitzen saiatzen ari den gizartearen isla da; duela gutxiko gure memoria, hain zuzen ere, memoriari buruzko politika publikoaren oinarrizko ardatzetako bat bihurtu duen gizartearen isla.
Ertzaintza Erakusketa
Ertzaintzak Ermuako Izarra Centren sortu duen gunea 100 metro karratuko eremu batean antolatutako ibilbide inguratzaile eta multisentsoriala da. Erakusketak bereizita baina, aldi berean, elkarren segidan dauden 6 gune ditu, eta osotasunean hartuta esperientzia berritzailea eta dinamikoa eskaintzen diote ikusleari; izan ere, ikus-entzunezko formatuak, esaldiak, poemak, aipuak eta objektuak daude bertan, bai eta erakusketa bisitatzen duenaren ikuspuntua duten interakzioak eta jokoak ere.
Eusko Jaurlaritzak sortu duen erakusketak argiarekin ere jokatzen du, eta gune intimo eta ilunenetik abiatzen da, ETAren historiaren zatirik ankerrena islatuz. Horien artean dago Miguel Ángel Blanco hil zuteneko 25. urteurrenari eskainitako lekua. Euskadiko mapan bildutako leku horretan bideo bat ikus daiteke, atzera-kontaketako formatuan, nolabait ere bere bahiketaren 48 orduetan bizi izandako larritasun soziala islatzen duena. Bestalde, leku horretan egongo den bitrina batean hil zutenetik gaur arte egin den ikerketa osoa biltzen duen polizia-atestatuko 12 liburukien erreplika bat ikusi ahal izango da.
Hortik aurrera, erakusketan pixkanaka-pixkanaka argia sartzen hasten da, eta hurrengo guneetan Ertzaintzaren egungo lana eta gizartearekin duen elkarreragina, gazteen eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako egungo ikasleen lekukotasunak eta euskal gizartearen erresilientzia eta etorkizunera begiratzeko gogoa egiaztatzen duten hainbat esaldi erakusten dira.
Era horretara, erakusketa beirate handi batean amaitzen da, tranpantojo moduan antolatuta: esaldi batzuk alderantziz idatzita daude, eta ikusleak, irakurri ahal izateko, ispilu-azalera baten aurrean jarri beharko du eta ispiluak esaldiak ongi eratuta itzuliko dizkio eta horien artean bere isla ikusi ahal izango du. Erakusketan urruneko errealitate baten ikusle gisa sartzen diren eta bidaia hunkigarri horretan bizi izandako historiaren parte eta protagonista sentituz irteten diren pertsonekin egiten den jokoa da. ETAk eragindako kaltearen gainean hausnarketa egiteko eta norberak bere konpromisoa hartzeko gonbidapena da. Gainera, liburu bat jarriko da nahi duenak, gero, bere desioak edo sentimenduak adierazi ahal izateko.
Omenaldia eta aitorpena
Ertzaintzak Ermuako Izarra Centren egin duen lanak ETAren biktima izan ziren agenteak oroitzeko eta omentzeko une batzuk ere izango ditu. Horrela, familiartekoen eta indarkeria jasan duten agenteen lekukotasunak biltzen dituen bideo bat egongo da. Horrez gainera, terrorismo-urteetan euskal gizarte osoa babesteko, polizia-eginkizun guztiz ezezagunetan, isilean eta modu anonimoan, aritu diren agente guztiei berariazko aitorpena adieraziko zaie.
Azkenik, txoko batean 15 txapel eta su-ontziaren erreplika bat jarriko dira ETAk hildako 15 agenteak gogora ekartzeko. Jatorrizkoa egurrez, burdinez eta zementuz egindako eskultura bat da, eta Iñigo Urkullu lehendakariak Euskal Poliziaren Museoan inauguratu zuen “Hemen Gaude” gunean dago, ETAk hildako hamabost ertzain horiek betiko gogoratzeko: Jorge Díez Elorza, Ramón Doral Trabadelo, Carlos Díaz Arcocha, Iñaki Totorika Vega, Luis Hortelano García, Mikel Uribe Aurkia, Alfonso Mentxaka Lejona, José María Aguirre Larraona, Juan José Pacheco Cano, Genero García de Andoain Larrinaga, Javier Mijangos Martínez de Bujo, Ana Isabel Arostegui Legarreta, Joseba Goikoetxea Asla, José Luis González Villanueva eta Iñaki Mendiluze Etxeberria.
Erakusketa eraikinaren 11. solairuan dago, eta jendearentzat zabalik egongo da uztailaren 8tik 24ra bitartean.