Mendizaletasunaren txokoa

0

EMMOAren, Euskal Mendizaletasunaren Museo Fundazioaren, eta Elgetako udalaren arteko lankidetzarako hitzarmena sinatu zuten ostegunean bi erakundeetako ordezkariek.

Euskal Herriko Mendi Federazioa Elgetako Mendizale Plazan sortu zen, eta harrezkero Elgetako Udalak eta Elgetako herriak mendizaletasunarekin, oro har, eta euskal mendizaletasunarekin bereziki, duen lotura estuaren lekuko izan nahi du liburutegian sortuko den txoko berriak.

EMMOA Fundazioaren helburua euskal mendizaletasunaren oroimen historikoa babestea eta zabaltzea izaki mendiko liburu ugari jasotzen ditu dohaintzan. Elgetako udalarekin sinatutako hitzarmena bitarteko, liburu horietako batzuk Elgetako liburutegira emango ditu fundazioak. Horrela, liburutegian mendizaletasuna ardatz duen gune berezi bat sortuko da, edukiak erabiltzaileendako eskuragarri ipintzeko.

Emarien erritmora, liburuak jaso eta kudeatu ahala hasiko gara liburutegiko funtsera gehitu eta liburutegian txoko berria prestatzen. Gune berria bisitatzeko prest dagoenean jakinaraziko dizuegu.