Vitoria-Gasteizek bat egin du Mugiment Kirol Txartelarekin

0

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak eta Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean aurkeztu dute, Zabalganako auzo etxean, Gasteiz Mugiment Kirol Txartelean sartu izana.

Mugiment Kirol Txartelaren helburua bikoitza da: batetik, baliabide publikoen kudeaketa hobetu nahi du, eta, bestetik, herritarrei kirol eskaintza handiagoa eskaini.

Txartel birtual honen bidez, ia 89.000 gasteiztar sartu ahal izango dira Mugiment Kirol Txartelera atxikitako beste 71 udalerritako kirol-instalazioetara. Hori guztia, erabiltzaileentzat inolako kostu erantsirik eragin gabe; izan ere, instalazioetara doan sartu ahal izango dira – Sarrerarik ordaindu gabe –, eta ikastaroetarako edo kantxak, pistak edo zelaiak erreserbatzeko abonatutako pertsonen tarifa berberak izango dituzte.

Aurkezpenean, Zupiria sailburuak azpimarratu du “udalek ekimen honetan duten zeregina nabarmendu behar dela. Udalek kudeatzen dute Euskadin kirolari eskaintzen zaion gastu publiko gehiena, eta horregatik dira gure aliatu nagusiak bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko orduan, kasu honetan, kirola egitean oinarrituta. Eta hori da Mugiment kirol txartelaren helburua. Herritarrei kirol-eskaintza handiagoa eskaini nahi diegu, bizi diren, lan egiten duten edo une horretan bizi diren udalerrian kirola egin ahal izan dezaten. Eta, era berean, baliabide publikoen kudeaketa hobetu nahi dugu”.

Bestalde, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak adierazi duenez, “Mugiment Kirol Txartelarekin bat eginda, Gasteizko udal kirol-instalazioetako abonatuek Euskadiko beste 71 udalerritan egin ahal izango dute ariketa fisikoa, beren kirol-instalazioetara sartuta. Hiri honentzat jarduera fisikoa sustatzea da bizitza osasuntsu baterako funtsezko pieza eta balioetako bat. Eta ekimen honek, hain zuzen ere, kirol-instalazio eta -praktika gehiago eskainiz bat egiten du helburu horrekin. Gainera, baliabide publikoak hobeto kudeatzea lortzen da, kirol-azpiegituren erabilera optimizatuz. Mugiment Kirol Txartelarekin denok irabazten dugu”.

Atxikipena uztailaren 1ean gauzatuko da, eta Vitoria-Gasteizko instalazioak Zabalgana gizarte-etxeko igerileku estalia eta jarduera fisikorako aretoa eta Abetxuko, Lakua 03 eta Adurtzako frontoiak dira. Irailaren 1etik aurrera instalazioa eta ekipamendua gehiago gehitu ahal izango direla aurreikusten da.

110.000 erabilera baino gehiago

Gaur egun, Vitoria-Gasteiz sartzearekin batera, 72 udalerri daude Mugiment Kirol Txartelari atxikita: Bizkaiko udalerri guztiak, Gipuzkoako 21 eta Laudio, Amurrio eta, orain, Vitoria-Gasteiz, Araban. Hauek dira atxikitako udalerriak: Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena, Abanto-Zierbena, Sestao, Barakaldo, Muskiz, Arrasate Aretxabaleta, Bergara, Eskoriatza, Oñati, Amurrio, Laudio, Ugao-Miraballes, Bakio, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Bermeo, Erandio, Gernika, Lemoa, Sopela, Durango, Berriz, Elorrio, Sondika, Zamudio, Lekeitio, Mungia, Markina-Xemein, Mundaka, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mutriku, Mendaro, Deba, Zumaia, Zestoa, Getaria, Amorebieta-Etxano, Bilbao, Azpeitia, Orio, Urduliz, Zumarraga, Derio, Legazpi, Abadiano, Larrabetzu, Getxo, Gorliz, Galdakao, Beasain, Ondarroa, Ordizia, Lezo, Orozko, Zalla, Güeñes, Igorre, Leioa, Balmaseda, Urretxu eta Maruri, Orduña eta Vitoria-Gasteiz.

Vitoria-Gasteiz sartzearekin batera, 400.000 abonatu izan daitezke programaren onuradun, 124 kirol-instalazioz eta ia 1.000 jardueraz gozatzeko.

2017an Mugiment Kirol Txartela martxan jarri zenetik, 110.000 erabilera baino gehiago izan ditu. Erregistratutako erabileratzat hartzen da beraiena ez den udalerri batetik proiektuari atxikitako beste udal-kirol-instalazioetako batera kirola egitera joaten den erabiltzaile-kopurua.

Mugiment Kirol Txartelaren zerbitzuez baliatzeko baldintza bakarra da atxikitako herrietako udal kirol zerbitzuetan abonatua izatea. Doakoa eta birtuala denez, Interneteko konexioa duen gailu mugikor bat baino ez da behar Mugiment Kirol Txartelaren aplikazioa deskargatzeko. Google Play-n eta App Store-n dago eskuragarri. Deskargatu eta instalatu ondoren, erregistratu egin behar da eta datu pertsonalak, helbide elektronikoa eta NANa eman behar dira, zein kirol entitateri ordaindu edo abonatu zaion adieraziz. Dagokion entitateko kide dela egiaztatu ondoren, jakinarazpen bat jasoko da eta Mugiment Kirol Txartela erabiltzen hasi ahal izango da. Erabilera edo sarbide bakoitzean, erabiltzaileak txartel digitala erakutsi beharko du gailu mugikorrean, NANarekin batera, eta kirol-instalazioaren arduradunak egiaztapen-kode bat jarriko du erabiltzailearen gailuan, eta instalazioan sartzeko aukera emango zaio.

Ekimenari atxikitako herri bakoitzak bere zerbitzu eta ordutegi eskaintza ezarri du Mugiment Kirol Txartela dutenentzat. Kiroldegi bakoitzean kontsulta daiteke.