Adierazpena: Turtziozko Manifestuaren 85. urteurrena

0

Legez eratutako Errepublikako erregimenaren aurkako matxinada militarrak gerra zibilaren txinparta piztu zuen Espainiako Estatuan, 1936ko uztailaren 18an.

Errepublikako Gorteek urriaren 1ean Euskal Estatutua onartu ondoren, urriaren 7an Jose Antonio Agirre Lekube lehendakariak kargua zin egin zuen Gernikako arbolaren aurrean: «Euzko lur ganian zutunik». Lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza, egoerarik gogor eta kritikoenean zeuden: gerran. Etsaiak lurraldearen bi heren armen bidez okupatuta zeukan herrialde bateko lehendakaria eta gobernua ziren.

Agirre lehendakaria buru zuen gobernuan, abertzaleek (EAJkoek eta EAEkoek), sozialistek, errepublikanoek eta komunistek parte hartzen zuten. Euskadiren historiako lehen gobernua izan zen. Gobernuaren helburua zen matxinadari aurre egitea, atzeguardiako bizitza zaila antolatzea eta, azken batean, bakea irabazi eta eraikitzea.

Kabinete hura gai izan zen egoera dramatiko haietan gerra gizatiartzeko, modu positiboan gobernatzeko, Euskadi instituzionalizatzeko eta herrialdea eraikitzeko. Euskadiko gerraren zuzeneko lekuko izan zen The Times hedabideko korrespontsal George L. Steer britaniarraren hitzetan, kabinete horrek bederatzi hilabetetan gobernu on eta duin baten adibide polita eskaini zion munduari.

Ezin izan zen: eskopetak ehiza-hegazkinei aurre egiteko, arrantza-ontziak gerra-ontziei aurre egiteko, arrazoia indarrari aurre egiteko. Gernikak eta, aurretik eta ondoren, beste euskal herri ugarik jasan zituzten bonbardaketa-entsegu anker eta krudelek eta matxinatuen nagusitasun militar nabarmenak Euskal Armadaren defentsak makurrarazi zituzten. Euskadi pixkanaka okupatu zuten.

Milaka euskal herritarrek behin betiko utzi behar izan zuten Bizkaiko hiriburua okupazioaren bezperan. Errefuxiatuen ilara luzeek —gehienak zaharrak, emakumeak eta haurrak— Kantabriarako eta beste herrialde batzuetarako bidea hartu zuten; bizitza osoa alde batera utzi, eta, heriotzatik ihesi, etorkizun ezezagunenerako bidean jarri ziren. 85 urte geroago, gure munduan oraindik ere irudi horiek ikusten dira.

Agirreren gobernuak ekainaren 16an egin zuen Bilbon bere azken bilkura. Bilbotik Turtziozera jo zuen, Kantabriaren mugan dagoen Enkarterriko herrira. Gobernuaren egoitza La Puente jauregian instalatu zuten. Berehalako okupazioa ikusirik, ekainaren 30ean lehendakariak manifestu bat kaleratu zuen. Historiarako manifestua: «Lurraldea konkistatuko zuten; Euskal Herriaren arima, ordea, ez; inoiz ez […]Gure gurasoen lurra berreskuratzeko itzuliko gara […]Garaipenaren egunera arte”.

Gaur, 85 urte geroago, Eusko Jaurlaritzak, manifestu hura egin zen egoitza berean bilduta, honako hau adierazten du:

    1. Legez eratutako Errepublikaren erregimenaren aurkako altxamendu militarra gaitzesten dugu. Altxamendu horrek eragindako gerrak diktadura luze eta beltza ekarri zuen, berrogei urtez errepresio gogorra eragin zuena eta oinarrizko eskubide eta askatasunak urratu zituena.

 

    1. Emozio biziko omenaldia egin nahi diegu bizitza kausarik nobleenaren alde, askatasunaren alde, eman zuten gudariei eta milizianoei, haien oroimenak betiko bizirik iraun dezan.Omenaldi eta oroimen hori belaunaldi oso bati luzatzen zaio. Gerraren izugarrikeriak, eta errepresioa, espetxea eta erbestea bidegabe jasan zituen belaunaldi oso bati.

 

    1. Pertsonaren duintasunaren balio gorenaren aldeko konpromisoa berretsi nahi dugu, baita printzipio eta balio etiko eta demokratikoen aldeko konpromisoa eta Giza Eskubideen defentsa, babes eta berme eraginkorraren aldeko konpromisoa ere. Eusko Jaurlaritzak hitz ematen du bere egingo dituela bake, askatasun, demokrazia, autogobernu, gizarte-justizia, errespetu eta elkarrizketaren printzipioak eta balioak. Printzipio horiek inspiratu zuten batasun-gobernu hura, Euskadiko gerran zein erbestean, eta gaur egun ere printzipio horiek aldarrikatzen jarraitzen dugu, Euskadirentzat eta mundu osoarentzat.

 

Esperientzia historiko horrekin eta Adierazpen honen edukiarekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzak gerra oro gaitzesten du, barnean dela horren azalpenik berriena, Errusiaren Ukrainako inbasioa. Eusko Jaurlaritzak gatazkak ebazteko baliabide gisa indarra erabiltzea arbuiatzen du, eta indarkeriarik eza, elkarrizketa, multilateralismoa eta Giza Eskubideen defentsa eskatzen ditu nazioarteko harremanen oinarrizko printzipio gisa.