Barakaldok FEMP federazioaren sari bat jaso du eskola-absentismoa prebenitzeko proiektuaren jardunbide egokiengatik

0

Barakaldoko Udalak jardunbide egokien arloko beste aintzatespen bat jaso du, kasu honetan, hezkuntzarekin zerikusia duena. Aste honetan bertan, Udalerrien eta Probintzien Espainiako Federazioaren eskutik (FEMP-Federación Española de Municipios y Provincias), Barakaldok aintzatespena jaso du hemezortzi proiekturen artean informazioa kudeatzeko udal-sistemetan eskola-absentismoa prebenitzeko programa bat barne hartzeagatik.

Udaleko berrikuntza teknologikoko zerbitzuak egin du lan hori, zeinak beste hiru sari jaso baititu aurten Udala Etxean herritarrentzako arreta-programan egindako lanagatik. «Kasu honetan, zorion-adierazpena bikoitza da; izan ere, sariak bi arlori eragiten die, Berrikuntza Arloari eta Hezkuntza Arloari, zehazki, Eskola Absentismoa Prebenitzeko Zerbitzuari, eta, beraz, oso harro gaude egiten ari diren lanaz», esan du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak.

Hain zuzen ere, proiektu honen bidez, orain arte Absentismoan biltzen ziren datuak sartu dira duela urte batzuk Gizarte Zerbitzuen udal-informazioa kudeatzeko sortutako aplikazioan. Horrela, bi zerbitzuek datuak partekatzen dituzte, eta arreta hobea eskaintzen diete eskola-absentismoa prebenitzeko zerbitzura jotzen duten familiei; gainera, datuen bilaketa arindu eta gizarte-langileekin hitzordurik izan den egiaztatu dezakete.

«Azken batean, lan koordinatua eta arina sortu nahi da, udal-zerbitzu hori erabiltzen duten familiei kudeaketa-lan hobea eskaini ahal izateko. Horrela, arloen arteko zeharkako lan bat sortu dugu, 2015ean alkatetzara iritsi ginenetik ezarritako lan-metodologia azpimarratzeko asmoz, eta FEMP federazioak balio erantsitzat jo du Udalak egiten duen hezkuntza-lana», nabarmendu du alkateak.

UDALAK LAU SARI JASO DITU
Barakaldo Udala saritu dute Jardunbide Egokien VI. Lehiaketan, 20.000 biztanletik gorako udalerrien kategorian. Lehiaketa horretan, eskola-absentismoari aurre egiteko eta eskola-bizikidetza hobetzeko esku-hartzeei lotutako beste hamazazpi programa baloratu dira. Barakaldoko Udalak azaroaz geroztik jaso duen laugarren saria da hau, izan ere, hiru sari eman dizkiote Udala Etxean programari eta Tramitafacil tresnari, zeinak herritarrei Barakaldoko Udalaren egoitza elektronikoan izapideak online egiten laguntzen eta gidatzen dien.

Barakaldon, ikasturte honetan matrikulatutako ikasleen % 4,16 absentismoa prebenitzeko zerbitzutik igaro da. Horrek esan nahi du eskola-absentismoa prebenitzeko zerbitzuak 506 kasu artatu zituela iaz; aurreko urtean, aldiz, 448 kasu izan ziren. «Jakina, eskerrak eman nahi dizkiet aintzatespen berri hori lortu duten arloei, gure kudeaketa hobetzeak herritarrei eskaintzen diegun zerbitzua hobetzea dakarrelako» adierazi du alkateak.