Bilboko Udal Musika Bandak denboraldi berria aurkeztu du

0
PRUEBA

Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Ana Madariaga Bilbao Musikako Zuzendari Gerenteak, José R. Pascual-Vilaplana Bilboko Udal Musika Bandako zuzendari titularrak eta Iñaki Urkizu zuzendariordeak lagunduta, gaur goizean aurkeztu dute Bilboko Musika Bandak 2022-2023ko udazken/neguko denboraldiari begira eskainiko dituen kontzertuen zikloa.

Espazio soinudunak” izeneko denboraldia irailaren 9an hasiko da Azkuna Zentroan eta 2023ko apirilaren 28an amaituko da Bilboko J.C. de Arriaga Kontserbatorioan.

Bilboko Udal Bandak, denboraldi honekin, oroitzapenekiko lotura sentsoriala izan nahi du, eta, aldi berean, espazio berriak, leku ezezagun berriak deskubritzera eramango nahi du publikoa, “gehiago ikasteko, gehiago izaten laguntzeko. Artea etorkizuneko tresna izan daiteke, eta hala izan behar du” adierazi dute. Publikoak lagunduta, programa bakoitzean, entzuleak hunkituko dituzten espazio soinudunak partekatuko dira, bizipen errepikaezinak bizitzeko aukera emango duten melodiak. “Espazio soinudun horiek une musikal paregabeak izango dira, gure arima eta adimenaren elikagai izango direnak” azaldu dute aurkezpenean.

Bandak hirurogeina obra interpretatuko ditu, horietatik 4 estreinaldiak izango dira, 3 absolutuak eta bat Europa mailakoa.

Bandaren zuzendari titularrak denboraldiko hamasei programetatik hamar zuzenduko ditu. Eta gainerako hitzorduetan, bere batuta utziko die hala nola Mario Ortuño Gelardo 2022ko Zuzendaritza Orkestalaren VI. Topaketen irabazleari; Iker Sánchez, Bilboko Sinfoniettaren zuzendariari; gaur egun Hego Amerikako orkestren zuzendari ezagunenetako bat den Ligia Amadiori; eta Iñaki Urkizu Bandako zuzendariordeari.

Bandak berriro ere artista mordoa jasoko du bere programazioan. Bakarlari gisa Ernesto Aurignac (saxofoi altua), Toño Miguel (kontrabaxua), Ramón Prats (bateria), Diego Suárez (pianoa), Esteban Batallán (tronpeta), Alberto Urretxu (tronboia), David Abellán (bonbardinoa), Iñaki Gurruchaga (flautina), José M. Rochina (tuba) eta Carlos Cano (flauta) arituko dira.

Ahotsetan Sol Antolín Herrero arituko da lehenengo kontzertuan aurkezle gisa, eta ondoren Olatz Saitua sopranoa, Carlos Mena (kontratenorra), Toni Marsol (baritonoa), Ainara Ortega eta Noa Lur, besteak beste.

Gainera, Carl Orff alemaniarraren “Carmina Burana” obrarako, bandak Iruñeko Orfeoia izango du lagun urrian. Per Poc txotxongilo taldea kontzertu bisual eta poetiko batekin agertuko da Bandaren eskutik azaroan. Eta abenduan taldeak amaiera emango dio urte musikalari 22/23 Denboraldi Sinfonikoan, bere mendeurrena dela eta Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) batera eskainiko duen emanaldiarekin.

Aurten ere, Bandak Musikenerekin duen konpromisoari eutsiko dio, eta kontzertu bat eskainiko du, Bilboko Udal Bandak ikastetxeko ikasle nabarmenekin batera.

Jose R. Pascual-Vilaplana zuzendari titular eta artistikoak diseinatzen duen zortzigarren denboraldia da jarraian. Guztira 16 kontzertu izango dira Azkuna Zentroan, Euskalduna Jauregian, Bilboko J.C. de Arriaga Kontserbatorioan eta La Encarnación elizan.

AZKUNA ZENTROA

2022-2023 denboraldiko lehenengo kontzertua Azkuna Zentroko Kulturen Atarian izango da. Irailaren 9an, ostirala, izango da, 19:00etatik aurrera. «Isilarazitako oroitzapenak» lelopean, programari izena ematen dion Mª José Belenguerren obra baten erabateko estreinaldiaz gozatu ahal izango dugu. José Rafael Pascual Vilaplana zuzendari titularraren zuzendaritzapean, Bandarekin batera Sol Antolín Herrero idazle, irakasle eta filologoa izango da aurkezle lanetan. Errepertorioan, gainera, Shelley Hanson, Erika Svanoe eta Ida Gotovsky konpositoreen obrak entzungo dira.

Irailaren 23an, ostirala, taldea Azkuna Zentroan izango da berriz, “Argi eta iluntasun-espazioak” kontzertuarekin. 2022an Bilbao Musikak antolatutako orkestra zuzendaritzari buruzko VI. Topaketen irabazlea izan zen Mario Ortuño Gelardo zuzendari gonbidatuaren gidaritzapean, Bandak Roque Bañosen ‘Twilight’ eta Johan de Meijen ‘The Lord of the Rings’ lanak interpretatuko ditu.

EUSKALDUNA JAUREGIA

Urrian, Bilboko Udal Musika Bandak Euskalduna Jauregiko kontzertu-zikloari ekingo dio, eta 11 kontzertu eskainiko ditu guztira.

Lehenengo hitzordua urriaren 1ean izango da. “Carmina Burana”, alegia. Euskalduna Jauregiko Auditorioan biltzen diren pertsona guztien gozagarri izango den ikuskizuna. Jose R. Pascual-Vilaplana zuzendari titularraren gidaritzapean, Bandak Carl Orffen obra interpretatuko du Juan Vicente Mas Quilesen moldaketekin. Ahotsetan Olatz Saitua sopranoa, Carlos Mena kontratenorra, Toni Marsol baritonoa eta Iruñeko Orfeoia izango dira protagonistak, Igor Ijurrak zuzenduta.

Urriaren 23an “Egunsentiaren zurrumurrua” emanaldiak jarraituko dio. Oraingoan, Iker Sánchez Bilboko Sinfoniettaren zuzendariak zuzenduko du Banda, zuzendari gonbidatu gisa, eta publikoak Ferrer Ferrán, John Mackey, Philip Sparke, Marcc Camphouse eta Thomas Dossen lanak izango ditu entzungai.

Azaroaren 6an, Banda eszenatokira itzuliko da, «Bizi-eskuak…» kontzertuarekin gozatu arazteko. Berriro Pascual-Vilaplanaren gidaritzapean, Per Poc txotxongilo konpainiarekin batera, oraingoan bandak kontzertu bisual eta poetikoa eskainiko du, Franco Cesariniren ‘El gato con botas’ eta Sergei Prokofieven ‘Pedro y el lobo’ interpretatuz.

Bandak azaroaren 20an jarraituko du bere kontzertu zikloarekin, «E Jazz & +» emanaldiarekin. Iñaki Urkizuk zuzenduko du Banda Ainara Ortega eta Noa Lur lagun izango dituelarik. Jazz, blues, bossa nova eta beste estilo batzuetako abestiak joko dituzten bi euskal emakume gazte entzuteko aukera paregabea izango da.

Emanaldi horren ondoren, jada abenduan, abenduaren 4an, berriro taularatuko da «Jazzarekin topaketak» kontzertua eskaintzeko. Oraingo honetan, Ernesto Aurignac saxo altuaren, Diego Suárez pianistaren, Toño Miguel kontrabaxuaren eta Ramón Prats bateria-jotzailearen laguntza izango du bandak. Eta beste behin ere, zuzendari titularrak hartuko du batuta, Ernesto Aurignacek berak jazz eta banda laukotearentzako konposatutako ‘The Music of the Future’ obra zuzentzeko.

Eguberriak baino lehen, abenduaren 22an eta 23an Bandak BOSrekin kolaboratuko du bere mendeurreneko kontzertu berezi batean, BOSen 2022/2023 Denboraldiko “Gabonetako Kontzertuan”, Esteban Batallán tronpetarekin eta Alberto Urretxo tronboiarekin batera. José R. Pascual-Vilaplanak zuzenduta, publikoak BOSak interpretatuko duen Ricardo Molláren ‘Concierto para trompeta, trombón y orquesta’ obraz, Bandak joko duen Franco Cesariniren ‘Urban Landscapes’ lanaz eta bi taldeek batera interpretatuko duten ‘Sinfonía sobre temas de zarzuela’ konposizioaz gozatzeko aukera izango du.

2023ko lehenengo kontzertua, «Irudi entzungarriak», urtarrilaren 22an izango da Euskalduna Jauregian. Oraingoan David Abellán bonbardinoaren laguntza izango du Bandak. Eta berriro ere, zuzendari titularrak taldearen gidaritza hartuko du Nancy Galbraith, Satoshi Yagisawa eta Georges Bizeten obrak zuzentzeko.

Euskalduna Jauregiko kontzertu zikloak otsailaren 5ean jarraituko du, luxuzko gonbidatua izango duen “Ventos brasileros” kontzertuarekin. Lidia Amadio, zuzendarien artean izen handiena duen orkestra zuzendari brasildarra, izango da Banda zuzenduko duena bere kulturako soinuak interpretatzeko eta aniztasun handiko soinu-espazio bat eskaintzeko.

Hilaren erdialdean, otsailaren 13an, Bandak eta Jose R. Pascual-Vilaplana zuzendariak Iñaki Gurruchaga flautina eta José M. Rochina tuba izango dituzte lagun. Oraingo honetan, Shakespearrek, bere legatuak eta berriz ere jaiotzeko itzulera eternalak gidatuko dute “Haizea espiralean” izeneko kontzertu honen arima. Gainera, Ginés Carrión-en ‘Yorick’ obraren erabateko estreinaldiaz gozatuko dute bertaratzen direnek.

Martxoaren 12an, Bandak denboraldiko azken-aurreko kontzertua eskainiko du Euskalduna Jauregiko Auditorioan. “Itsasoaren eta zeruaren artean” lelopean, J. Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari titularrak bertaratutakoei trabak haustea, batzea, gehitzea, eta aniztasunetik denak bat izatea proposatuko die. Interpretatuko dituzten lanen artean, Luis Serranoren ‘Spanish Dances (Book one)’ Europa mailako estreinaldia nabarmentzen da.

Euskalduna Jauregiko kontzertu zikloa martxoaren 23an, igandea, amaituko da. “Haizeen arteko espazioak” denboraldiko emanaldi berezienetako bat izango da; izan ere, enklabe horretako azkena izateaz gain, Bandak eta Jose R. Pascual-Vilaplana zuzendariak Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko ikasleak izango dituzte lagun. Kontzertu honetan, besteak beste, J. Crisóstomo de Arriagaren ‘Los esclavos felices’, Richard Straussen ‘Don Juan’, Armando Blanquerren ‘Triptic per banda’ eta Musikeneko konposizio saileko estreinaldi bat entzungo dira.

JUAN CRISÓSTOMO ARRIAGA KONTSERBATORIOA ETA ENKARNAZIO ELIZA

Euskalduna Jauregiko kontzertu zikloaren ondoren, Bandak agertokia aldatuko du eta J.C. de Arriaga Kontserbatoriora lekualdatuko da martxoaren 24an. Bertan, Jose R. Pascual-Vilaplana buru duen taldeak hainbat kulturatako ibilbidea eskainiko du musikaren bidez. “Kulturak eta soinuak” izenburupean, Ralph Vaughan Williamsen ‘English Folk Song Suite’, Jesus Guridiren ‘Diez Melodías Vascas’, Pablo Olivas Marcoren ‘Fantasía Lucentina’ eta Adam Gorben ‘Danses from Creta’ izango dira entzungai.

Emanaldi horren ondoren, taldeak agertokia aldatuko du berriro, eta bere ohiko agertokietako beste batera joango da, Enkarnazio elizara, martxoaren 31n, “Intimitate espazioak” emanaldia eskaintzeko. Bandak, Iñaki Urkizu zuzendariordeak zuzenduta, Maurice Ravelen ‘Pavane pour une infante défunte’, Tomaso Albinoniren ‘Adagio’, Albert W. Ketèkbeyren ‘Wedwood Blue’ eta ‘Bells across the Meadows’ eta José Gonzalo Zulaikaren (Aita Donostia) ‘Preludios vascos’ interpretatuko ditu.

Azkenik, eta denboraldiari amaiera emateko, apirilaren 28an, Banda J.C. de Arriaga Kontserbatoriora itzuliko da, “Espazioak irudikatzen” programarekin. Kontzertu horretan, Pascual-Vilaplanak Banda zuzenduko du berriro eta Kontserbatorioak berak izendatutako bakarlari baten laguntza izango du. Besteak beste, Heitor Villa-Lobosen ‘Suite’, Josu Ortiz Delgadoren ‘The Himalayas Suite’, Norman Dello Joioren ‘Scenes from Louvre’ eta Roger Cichyren ‘Quartets’ lanekin agurtuko dute denboraldia.

ORKESTRA ZUZENDARITZAREN INGURUKO TOPAKETAK – BILBAO MUSIKAKO ZUZENDARITZAKO NAZIOARTEKO LEHIAKETA SARIA

Orkestra zuzendaritzari buruzko VII. Topaketen barruan, aurtengo edizioan Bilbao Musika Zuzendaritzako Nazioarteko Saria Lehiaketaren deialdia egin da. Lehiaketaren amaierako kontzertua urtarrilaren 13an izango da Bilboko J. Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan.

José R. Pascual-Vilaplana izango da zuzendaria, eta Isabelle Ruf-Weber, nazioarteko batutarik onenetakoa, irakasle gonbidatua eta epaimahaiburua. Lehiaketaren azken faseko kontzertu honetan, hiru batuta finalistek izango dute Banda gidatzeko aukera eta Giacomo Pucciniren ‘La Bohème Suite’ (Mold. C. Janssen), J. Vicent Egearen ‘Poema Sanférmico’ eta Percy A. Grainerren `Lincolnshire Posy ‘ interpretatuko dituzte