Bilboko Udalak uria eta bertako auzoak hobetzeko 577 proposamen jaso ditu

0

Bilboko Udalak uria eta bertako auzoak hobetzeko 577 proposamen jaso ditu. Bilbotarrek Parte-hartze bidezko Aurrekontuak 2023 programaren testuinguruan Udalari helarazitako ideiak dira.

Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak eskerrak eman dizkie herritarrei «parte hartzeagatik, laguntzeagatik eta inplikatzeagatik». Agirregoitiak gogorarazi du Parte-hartze bidezko Aurrekontua herritarren parte-hartzea islatzen duen programetako bat dela, eta nabarmendu du «oso tresna baliagarria bihurtu» dela, «herritarren beharrizan edo gurarien berri jaostzeko eta, baita ere, horiei erantzun egokia emateko».

PROPOSAMENEN PROFILA

Udalak 577 proposamen jaso ditu, guztira. Proposamenak egin dituzten norbanako eta elkarteen profilari dagokionez, % 52,34 emakumeek aurkeztutakoak izan dira, eta, % 78,68, norbanakoek.

Barrutika, ideia gehienak Ibaiondorako dira (% 25,30). Jarraian datozkio Deustu (% 14,21) eta Errekalde (% 10,57).

Azkenik, proposamenen edukiari dagokionez, alor hauek nabarmentzen dira: ekipamenduak (% 42,98), garapen osasuntsua (% 15,25), irisgarritasuna (% 8,84) eta parte-hartzea (% 8,32).

HERRITARREN BOZKA, IRAILAREN 15ETIK 25ERA

Irailera arte, udal sailek lehenetsi eta hautatu egingo dituzte teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren ideiak, interes orokorraren, egokieraren eta udal-estrategiaren irizpideei erantzuten dietenak.

Prozesu horretatik, herritarrek bozkatzeko fasera igaroko diren proposamenak aterako dira (antzeko edukia duten proposamenak proiektu bakarrean bilduko dira, bozketarako).

Irailaren 15etik 25era, bilbotarrek botoa eman ahal izango dute www.bilbao.eus webgunean, Bilborako onenak iruditzen zaizkien proiektuen alde.

Bozketan, Bilbon erroldatutako edozeinek parte hartu ahalko du, 16 urte baino gehiago baditu, eta pertsonako boto bakarra eman ahalko da. Horretarako, inprimaki erraz bat prestatuko da, non identifikazio-agiria eta jaiotze-data baliozkotuko diren, erroldaren bidez. Behin baliozkotzeak eginda, nahi adina proposamen hautatu ahal izango dira, baina ezingo da gainditu parte-hartze bidezko aurrekontuetarako ezarritako zenbatekoaren gehienekoa (2 milioi euro).

SARE SOZIALAK: