Energia berriztagarriaren autokontsumoa izapidetzea errazteko proposamenari argi berdea eman dio Gobernu Kontseiluak

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak ontzat eman du energia berriztagarriaren autokontsumoa izapidetzea errazteko lege proposamena aintzat hartzea. Horrela, EH Bildu legebiltzar taldeak egindako Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea aldatzearen alde agertu da.

Gaur Gasteizen egindako bileran, Gobernu Kontseiluak legea aldatzearen aldeko irizpidea adierazi du. Izan ere, lege horretan proposamena egin duen taldeak zenbait kasutan energia berriztagarriaren autokontsumorako instalazioetako lizentzia baldintzak salbuestea planteatzen du.

Gobernu Kontseiluaren ustez, lege proposamena bat dator energia berriztagarrietan oinarritutako eredu baterako trantsizio energetikoaren erronkarekin, energia fosilen eta kanpoko ekoizpenaren iturriekiko dugun mendekotasuna murrizteko. Era berean, bat dator Europako erakundeek arlo horretan duten ikuspegiarekin, bai eta autokontsumorako komunitate partekatuak eta tokiko energia-komunitateak sortzea sustatzen duen lege erregulazioarekin ere.

Proposamenak lizentzia salbuespena ematen die eraikinen barruan dauden ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuei. Ildo horretan, mugikortasun sisteman ibilgailu elektrikoan oinarritutako eredu baterantz eboluzionatzea zein garrantzitsua den balioetsi du Gobernu Kontseiluak, horrek azpiegitura beharrak eta erabilera instalazio berriak areagotzea ekarriko baitu.

Horregatik guztiagatik, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio lege proposamena kontuan hartzeari, bat baitator Eusko Jaurlaritzaren helburuekin, administrazio izapideak sinplifikatzeari dagokionez. Izan ere, batzuetan, oztopo dira horrelako ekimenak garatzeko.