Gobernu Kontseiluak alokairurako 60 BOE eraikitzeko Lekeitioko Udalarekin egindako hitzarmena baimendu du

0

Gobernu Kontseiluak ontzat eman du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak Lekeitioko Udalarekin sinatutako hitzarmena, Karabiako esparru berrian alokairuko babes sozialeko 60 etxebizitza eraikitzeko.

Bi erakundeen arteko akordioaren arabera, Etxebizitza Sailak zenbait finka pribatu desjabetzeko espedientea, birpartzelazio-proiektua, urbanizazio-proiektua eta eraikuntza-proiektua egingo ditu eta, orobat, obrak kontratatu eta egikarituko ditu —bai eraikinarena, bai 6.393,65 metro karratuko esparruaren urbanizazioarena—.Bestalde, Udalak Hiri Antolamenduko Plan Berezia bultzatuko du, erabilera publikorako eraikuntzarik gabeko finka bat jasoko du urbanizatu ondoren, eta gehienez lau etxebizitza izango ditu ordezko bizitokiak emateko.

Hitzarmenak etxebizitza duina, egokia eta irisgarria izateko euskal herritarren eskubidea bermatzeko beharrari erantzuten dio, eta, kasu honetan, zehazki, Bizkaiko udalerri horretan erroldatutako pertsonena. Izan ere, dokumentuan adierazten denez, etxebizitza-premia egiaztatuak daude errenta-ahalmen txikia duten eta etxebizitzaren merkatu librera sartu ezin diren familia edo pertsonentzat.