Hezkuntza Sailak 10 milioi euro bideratu ditu ikertzaileen prestakuntza eta hobekuntzarako, doktoratu aurreko kontratuen bidez

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2022-2023 ikasturtean Doktoratu aurreko Programan laguntza berriak deitu eta lehendik zeudenak berritzen dituen Agindua, doktore ez den pertsonal ikertzailearen prestakuntzara zuzenduak.

9.950.893 euroko diru-kopuru globala duen deialdi honek, ikertzaileen prestakuntza sustatu nahi du, Doktore titulua lortu ahal izan dezaten, eta kalitatezko ikerketa zientifikoari lotutako gaitasun eta trebetasunak eskuratu ditzaten, Doktoretza Programa baten barruan. Deialdiak bere barne hartzen du bai beka berriak ematea, eta baita aurreragoko deialdietan emanikoak berritzea ere. Zehazki, kopuru horretatik 2.480.947 euro laguntza berriak emateko bideratuko dira, eta gainerako 7.469.946 euroak lehendik indarrean zeudenak berritzeko, era honetan banaturik:

 

 

Lerroak:

 

 

Guztira

 

 

Laguntza berriak (ikerketa orokorrean)

 

 

2.385.487 €

 

 

Laguntza-berritzeak (kerketa orokorrean)

 

 

7.378.732 €

 

 

Laguntza berriak (berariazko ikerketan)

 

 

95.460 €

 

 

Laguntza-berritzeak (berariazko ikerketan)

 

 

91.214 €

 

 

guztira

 

 

9.950.893 €

 

Deialdi berriak aurreko ikasturtekoarekin alderatuta dakarren berritasun nagusia doktorego-ikasketak nazioartekotzearen alde egiten duen apustua da; horrela, onuradunek 4 eta 6 hilabete arteko ikerketa-egonaldia egingo dute atzerrian, ezarpen-zentroaz bestelako zentroetan. Baldintza horrek doktoregoaren nazioarteko aipamena lortzea erraztuko du. Atzerriko egonaldia doktoratu aurreko laguntzaren lehen 3 urteetan egingo da, eta modu jarraituan. Helburua da programa amaitzean prestatzen ari diren ikertzaile guztiek nazioarteko aipamena eta profila duen tesi bat izatea.

Era berean, 2021-2022ko deialdiarekin alderatuta, Hezkuntza Sailak programarako diru-kopurua % 10 handitu du (ia milioi bat euro gehiago), eta deitutako plaza berrien kopurua ere handitu egin du, desgaitasuna duten pertsonentzako plazen kupo gehigarri bat barne.

Aldi berean, berritasun gisa, deialdi honetan gehigarri bat sartu da doktoregoko irakaskuntzetan matrikula egiteak dakartzan gastuak ordaintzeko.

398 ikertzaile 2022-2023an

Horrela, 2022-2023 ikasturtean, 398 euskal ikertzailek doktoretza aurreko kontratua izango dute: 288 kontratu berrituko dira eta 110 doktoretza aurreko laguntza berri emango dira. 2021-2022 ikasturte honetan 374 euskal ikertzailek jaso dituzte doktoratu aurreko kontratu horiek: 107 laguntza berri gisa izan ziren – horietako bat neutronikaren eta partikulen azelerazioaren arlo espezifikoan –, eta gainerako 267 kasuetan, berritzeak ziren.

Doktoratu aurreko kontratuak

Laguntza hauen onuradun izango dira, unibertsitate lizentziatura edo gradu bat izanik tesi-proiektua egingo duten pertsona fisikoak, betiere egoitza EAEn dutenak. Laguntza horiek doktoratu aurreko kontratu baten ezaugarriak izango dituzte, urtebeteko iraupenarekin. Kontratu hori bere ikerketa garatuko duen aplikazio-zentroarekin izenpetuko du ikertzaileak. Kontratuaren xedea izango da proiektu zehatz eta berrietan ikerketa-lanak egitea, lanaldi osoko erregimenean. Kontratua beste hiru alditan ere luzatu ahal izango da (gehienez elkarren segidako 48 hilabetez), laguntza berrituz gero.

Laguntza hauek jasotzeko aplikazio-zentroak, eta beraz, ikertzaileekin kontratuak sinatuko dituztenak, unibertsitate edo ikerketa erakundeak izango dira, publiko zein pribatuak, I+G-an ahalmen eta jarduera ezaguna dutenak. Zentro hauek izan dezakete egoitza EAEn (A modalitatea), Estatuan (B modalitatea), edo atzerrian (I modalitatea). Hirugarren modalitate honen kasuan, ikertzaile onuradunak Zientziaren Euskal Fundazioarekin, Ikerbasquerekin, sinatuko du kontratua. Kontratu horretan osagarri bat ere ezartzen da atzerriko zentrora joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko urtean.

Ikerketa orokorra eta espezifikoa

Doktoratu aurreko programak bi jarduera-ildo edo arlo nagusi ditu: ikerketa orokorreko arloa eta ikerketa espezifikoko arloa. Arlo horietako bakoitzak kontratu berriak eta berritzeak jasotzen ditu.

Ikerketa orokorraren ildoak honako jakintza-arlo hauetan garatu beharreko ikerketak biltzen ditu: oinarrizko Zientziak; Bizitzaren eta Osasunaren Zientziak; Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura; eta Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak.

Berariazko ikerketaren eremuan, datorren 2022-2023 ikasturterako deialdi honek neutronika eta partikulen azelerazioan ikerketa bultzatzeko diru-laguntza lerroari eusten dio. Ikerketa arlo hau interes berezikoa da egun Europako Batasunean eta bereziki Euskadin, balio estrategiko handia baitu EAEko zientzia, teknologia nahiz industriaren etorkizunerako. Gainera, Euskadiko I+G+b garatzeko abagunea ere eskaintzen du. Gure erkidegoko zientzia-komunitatea arlo honetan sendotzea eta areagotzea lehentasunezko helburua da, Europako Batasunak ESS Lund espalaziozko neutroi iturriaren inguruan ezarri dituen helburu zientifikoak indartzeko. Ekimen hau, gainera, ikerketa estrategikoak bultzatzeko Hezkuntza Sailaren Ikur Estrategia berriaren baitan kokatzen da.

Neutronikarekin batera, deialdi honetan eusten zaio -berariazko ikerketa eremuaren barruan- Hezkuntza arloari ere ikerketa-ildo gisa. Helburua hezkuntzaren arloko ildo estrategiko batzuetan ikerketa sustatzea da, hala nola digitalizazioa (metodologiak eta gaitasun tekno-pedagogikoak), gaitasun zientifiko-teknologikoak eskuratzea STEAM proiektuen bidez; edo kulturartekotasuna eta eskola-arrakasta.

Arlo hau balio estrategikoko eremua da euskal hezkuntza-sistemaren etorkizunerako, eta, gainera, aukera bat da I+G+b-ren etorkizunerako, euskal hezkuntza-sistemarekin lankidetzan. Euskadin arlo horretan komunitate zientifikoa indartzea eta zabaltzea lehentasunezko helburua da Hezkuntza Sailarentzat, bikaintasuneko ikerketaren emaitzak barne hartzen dituen politikaren barruan.

Doktoratu aurreko programa hau ikerkuntzako giza baliabideak sustatzeko politikan sartzen da, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Planean (2019-2022koan) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planean; ildo horretatik, programaren helburua da lanbide-jarduera ikerkuntzara bideratu nahi duten goi-mailako tituludunen berariazko prestakuntza bultzatzea. Halaber, zientzia eta teknologia gaietan lekukoa hartuko duen belaunaldi berriaren prestakuntza sustatzea ere bada programaren xedea.