Klima-aldaketa eta emakumeen eta gizonen berdintasuna genero-ikuspegitik tokiko politiketan

0

Gaur goizean “Klima-aldaketa genero-ikuspegitik, tokiko erronka” jardunaldia ospatu da Gasteizko Montehermoso Kulturunean Emakundek, IHOBEk eta EUDELek antolatuta. Saioa toki administrazioko berdintasun eta ingurumen arloetako teknikariei eta politikariei zuzenduta egon da bereziki, Lorena Aguilar nazioarteko adituaren bisita dela eta. Aditu hori Latinoamerika eta Kariberako Batzorde Ekonomikoko (CEPAL) ingurumen eta generoan aditua da, eta Emakundek gonbidatu du Euskadira.

Jardunaldian Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak, Gasteizko Udaleko Berdintasuneko zinegotzi Miren Fernández de Landak eta IHOBEko klima-ekintzako zuzendari Mª del Mar Alonso Martínek parte hartu dute, eta Lorena Aguilarrek “Klima-aldaketari erantzuteko emakumeen berdintasuna eta ahalduntzea sustatzen duten tokiko praktikak” izeneko hitzaldia eman du.

Datorren ekainaren 30ean eta ekainaren 1erako Donostiako Miramar Jauregian Emakundek antolatutako “Klima aldaketa eta feminismoa” udako ikastaroan parte hartuko du Aguilarrek eta arrazoi horregatik dago egunotan Euskadin.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogorarazi du jardunaldia ekainaren 15ean aurkeztu zen Berdintasunerako eta indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri-Itunaren testuinguruan kokatzen dela, hau osatzen duten hamar konpromisoen artean genero-ikuspegia duen trantsizio ekologikoa jasotzen baita.

Lorena Aguilarrek nabarmendu du beharrezkoa dela generoaren eta ingurumen-faktoreen arteko loturei buruzko ikerketak bultzatzea, sexua eta intersekzionalitatearekin eta kultura aniztasunarekin lotutako aldagaiak biltzea ingurunearekin lotutako administrazio-datuen iturrietan, eta klima-aldaketaren aurkako politikek, estrategiek, neurriek eta ekintzek emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna kontuan hartzea.