Sexu erasoen inguruko informazio eta sentsibilizazio kanpaina abiatu dute Azpeitiko Udalak eta Emakume Txokoak, festen atarian

0
Azpeitiko Udalak eta Emakume txokoak, festen atarien azken urteotako lanari jarraituz, eta bi urteko festen hutsunearen aurrean duten kezkaren baitan, sexu erasoen inguruko sentsibilizazio eta formazioa eskainiko dute. Uztailaren 6an, eraso bat jasan ostean dauden bideein inguruko xehetasunak eskainiko dituzte. Uztailaren 8an, berriz, neska gazteei zuzenduta autodefentsa ikastaroa eskainiko da, doan. Horretarako aurrez izena eman behar da Emakume Txokoan edo Gaztelekuan.

Bi urteko hutsunearen ostean, aurten uztailean eta abuztu hasieran Santio eta Saninazio festak izango dira Azpeitian. Festak giroaz zein konpainiaz gozatzeko momentuak izan ohi dira. Tamalez, ordea, sexu erasoak ere notizia izan ohi dira.

Azken urteotako lanketari jarraituz, aurtengoan, bereziki sakondu nahi du Udalak Emakume Txokoarekin eta Emakume Mahaiarekin elkarlanean, sexu erasoen lanketan, eta ohikoaz gain beste hainbat hitzaldi eta tailer ere antolatu dira uztailean zehar.

Hala, uztailaren 6an  eta 8an, hitzaldia eta tailerra izango dira. Uztailaren 6an, asteazkenean, 17:00etan hasita ‘Sexu erasoak festetan. Zein salaketa eta defentsa aukera ditugu?’ hitzaldia eskainiko du Irule abokatuak elkarteko kideak. Emakumeei zuzenduriko saioa izango da. Uztailaren 8an, egun osoan zehar, autodefentsa feminista ikastaroa eskainiko da neska gazteei zuzenduta. Ikastaroa doakoa izango da, baina ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako Emakume Txokoarekin (688 751 000 edo emakumetxokoa@azpeitia.eus) edo Gaztelekuarekin (943 15 71 61 edo gazteria@azpeitia.eus) jarri beharko da harremanetan.