Zorrotzako ortu ekologikoetako bat eskuratzeko eskabideak aurkez daitezke

0

Gaurtik, ekainaren 28tik (martitzena) uztailaren 27 arte, Zorrotzako ortu ekologikoetako bat eskuratzeko eskabideak aurkez daitezke.

Nora Abete Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkariak gaur goizean aurkeztu ditu Bilboko Udalak Zorrotzako bizilagunen eskura jartzen dituen ortu horiek, “ortu ekologikoak lantzeko aukera izan dezaten eta, aldi berean, naturarekin harremana izan eta izandako esperientziak partekatu ditzaten”.

Horrela, “urian garapen jasangarria sustatzen duen kultura- eta aisialdi-alternatiba bat eskaintzen zaie adin guztietako pertsonei”.

LURZATIEN EZAUGARRIAK

Partzela Zorrotzako Archer Marinelaren kalean dago eta 20 ortu modular egiteko espazioa dago; horietako bakoitzak, gutxi gorabehera, 13,5 metro karratu ditu eta L formako jardinera bi.

Baratze bakoitzean gehienez ere lau pertsona arituko dira lanean, elkarteei esleitutakoetan izan ezik. Lurzatiak ekipamendu komuna du: armairu indibidualak eta komuna dituen etxola bat, erremintak gordetzeko espazio itxi bat, harraska bat, ureztatzeko ura eta euria biltzeko ur-tanga bat, eta edateko uraren iturri bat.

Erabiltzaileak egunero sartu ahal izango dira ortuetan, 08:30etik 18:30era, udazken-neguko ordutegian, eta 08:30etik 21:00etara, udaberri-udan.

ORTUAK ERABILTZEKO BALDINTZAK

Lurzatiaren esleipendunek urte bitan landuko dituzte ortuok, beste batez luzatzeko aukerarekin. Ortuetan lortutako produktuak norbere kontsumorako izango dira, ezin izango dizkiote beste inori saldu, horrelako ekimenetan ohi bezala.

Ortu horien laborantzak elikadura osasuntsuaren garrantziaz jabetzeko ere balio du, fruta, barazki eta lekaleen kontsumoa areagotuz eta ingurumena zaintzen lagunduz.

Ortuak loteka emango dira, onuradunen arabera:

    • Auzokoen lotea.

 

    • Auzoko denbora luzeko langabetuen lotea.

 

    • Desgaitasunen bat duten pertsonentzako edo haien elkarteentzako lotea

 

    • Irabazi asmorik gabeko auzoko elkarteentzako lotea.

 

    • Bilboko Eskolako 2030 Agendarekin lotutako jarduerak

 

Lurzatia doan erabiltzen da, baina landatzen dutenek lagundu egin behar dute espazioa mantentzen eta ingurumen-balioak hedatzeko egiten diren dinamizazio-jardueretan.

Era berean, ortua etengabe landu beharko dute, eta bi hilabetez baino gehiagoz erabiltzen ez badute, baimena galduko dute. Era berean, konpromisoa hartuko dute ura arduraz kontsumitzeko, Udalak ezarritako irizpide ekologikoei jarraituz landatzeko eta beren jardueraren ondorioz sortutako hondakinak arduraz kudeatzeko.

Ortuak erabili ahal izateko, eskatzaileek Zorrotzan erroldatuta egon behar dute, eta pertsona bat edo bi izendatu behar dituzte Udalaren aurrean ordezkari gisa jarduteko.

Eskariak aurkezteko epea uztailaren 27an amaituko da. Oinarriak eta dokumentazioa Bilboko Udaleko Erregistro Orokorrean (Ernesto Erkoreka plaza, 12), barrutiko udaltegietan, hitzordua eskatuta (8:30etik 13:00etara), eta udalaren webgunean (www.bilbao.eus) kontsulta daitezke.

SARE SOZIALAK: