Artolazabal sailburuak esan du prebentzioa eta eragileen eta sistemen arteko lankidetza ezinbestekoak direla haurrenganako indarkeriarekin amaitzeko

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Donostian esan duenez, “haur eta nerabeenganako indarkeriarekin amaitzeko, ezinbestekoak dira prebentzioa eta detekzio goiztiarra, eragileen eta sistemen arteko lankidetzaren bidez”. Hala esan du UPV/EHUren “La entrevista forense para la prueba preconstituida de niños, niñas y adolescentes víctimas de violencia” Uda Ikastaroaren inaugurazioan.

Sailburuak Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentearekin eta Carmen Adán EAEko fiskal nagusiarekin batera egin du agerraldia, eta kezkatuta agertu da, indarkeria-modalitate horrek izan duen gorakadagatik; “nagusikeriaren modu gaitzesgarrienetako bat” dela esan du.

Artolazabalen iritziz, haur eta nerabeenganako indarkeria “hura jasan dutenen bizi-garapenean aztarna iraunkorrena utzi dezakeen eskubide-urraketetako” bat da.

Zeuk Esan Eusko Jaurlaritzako haur eta nerabeei arreta emateko Zerbitzuaren datuek Artolazabal sailburuaren hitzak berresten dituzte: azken bost urteotan, adingabeenganako indarkeria % 32,4 hazi da EAEn.  Kasuen % 45,5 familia barruko indarkeriaren biktimak dira (gehien hazi dena), baina sexu-indarkeriaren kasuan ere areagotu dira (% 24,2).

Sailburuaren ustez, gaur egun indarkeria horren aurreko erantzuna ez da adingabeen beharretara egokitzen. “Sarriegi ez dugu instalazio edo prestakuntza espezializatu egokirik izaten, esku-hartzea haien behar espezifikoetara egokitzeko, eta horrek bigarren mailako biktimizazioa, ulertezintasuna, hitzordu eta prozeduren atzerapena edo esperientzia zenbait aldiz gogorarazi behar izatea dakartza”, esan du Artolazabalek.

Zehazki, 2022-2028rako EAEko Justiziako Plan Estrategikoaren funtsezko jarduketako bat da ume eta nerabeetara egokitzen den justizia lortzea, Europako Kontseiluak umearen eskubideen inguruan duen estrategia berriarekin bat etorriz (2022-2027).

“Funtsezkoa da justiziarekin harremanetan jartzen diren umeek sistema ulertu ahal izatea eta hartan konfiantza eduki eta hura erabiltzean segurtasuna sentitu ahal izatea”, esan du sailburuak.