Indiako energia eolikoaren txostena

0

India munduko seigarren ekonomiarik handiena da,  hirugarren herrialdea energia-eskariari dagokionez, Txinaren eta Estatu Batuen atzetik, eta energia-eskaria handitzen ari da. Indiako gobernuak 2030erako 450 GW energia berriztagarri izateko helburua ezarri du; beraz, nahiz eta gaur egun mix energetikoan iturri termikoak nagusi izan, energia berriztagarriek 2030erako mix % 50 hartzea espero da, energia fotovoltaikoaren eta eolikoaren garapen handiak bultzatuta.

Proiekzioen arabera, 38 GW-eko ahalmen eolikoa instalatuko da hurrengo 8 urteetan, gero eta erritmo handiagoan, 2030ean urteroko 6 GW-7 GW-ra irits daitekeena, azken urteetan urtero instalatutako 1,5 GW-2 GW-koa izan ostean. Ahalmen txikiagoa den hau, batez ere, enkante-sistemaren aldaketaren ondorioa da, hain tarifa baxuen eskaintza eragin baitu, non proiektuen errentagarritasuna murriztu egin baita.

Indiako merkatu eolikoak mundu mailako enpresa nagusietako asko ditu, urtean 10 GW inguru sortzeko gaitasuna dutenak, eta tokiko merkatuaren uzkurduraren aurrean, India turbinak eta osagaiak esportatzeko hub handi bat bihurtu da. Merkatuan presentzia izateko, produkzio-ezarpena gomendagarria da, eta oso lagungarria izan daiteke tokiko bazkide bat izatea ere; izan ere, gutxienez osagai askoren produkzioaren % 80 lokalizatu behar da, baina beste osagai batzuen inportazioa (batez ere, espezializatuena) beharrezkoa da oraindik ere. Sartzeko oztopoek barne hartzen dute merkatuaren eskakizun handia, lehiakide kopuru handia dagoelako, bai eta ezartzeko fase goiztiarretan bolumen handiak hornitzeko beharra ere, merkatuaren gorabeherei erantzuteko behar den malgutasunaz gain. Beste oztopo batzuk ziurtagiriak lortzeko egin beharreko izapideak dira, baita araudiaren konplexutasuna eta oztopo kulturalak ere. Muga-zergen eta zergen arloko legeria aztertzea ere zaila da, eta, beraz, komeni da adituen aholkularitza izatea.

Euskal enpresentzako aukerei dagokienez, nabarmentzekoa da Indian ezartzeak eskaintzen duen erakargarritasuna esportazio aukerak direla eta. Gainera, ahalmen handiagoko turbinak fabrikatzeko gero eta eskari handiagoa dagoenez, 3 tonatik gorako galdaketa-piezen eskaria sortuko da. Horretaz gain, aldaketa-kutxen kasuan, India hub globala bihurtzen ari da osagai horiek fabrikatzeko ere, munduko produkzioaren % 10-a hornituz. Sorgailuen ekoizpena ere lehiakorra da Indian, baina oraindik erronka handia da lehengai egokiak eskuratzea. Azkenik, tokiko merkatuari dagokionez, nabarmendu behar da parke kopuru handi batek modernizazioa behar duela edo, beharbada, berrindartzeko politikak bultzatu egingo dira. Itsasoko teknologia eolikoari dagokionez, industria bultzatzeko ahaleginak egiten ari diren arren, Indiak batez ere lurreko energia eolikoaren merkatua izaten jarraitzea aurreikusi da, Indiako merkatua kostuekiko oso sentikorra delako eta balio-katearen garapenean mugak daudelako.

Indiako Energia Eolikoaren txostenean informazio gehiago aurki dezakezu, HEMEN.

2206-BasqueTrade-informe-analisis-india-energia-eolica