UPV/EHUk Ipar Euskal Herriko ikus-entzunezkoen eta zinematografikoen sektorearen ikerketa egingo du

0

Ipar Euskal Herriko ikus entzunezko eta zinemako sektorearen gorakadaz jabetuta, sei instituzioek lan-talde bat sortu dute sektorearen garapena eta egituraketa ahal bezain modu eraginkorrean laguntzeko xedez. Lan-talde instituzionala Akitania Berriko Liburu Zinema eta Ikus entzunezkoen Agentziak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak, Euskal Elkargoak, Akitania / Nafarroa / Euskadi Euroeskualdeak, Euskal Kultur Erakundeak eta Euskararen Erakunde Publikoak osatzen dute.

Honen lanak oinarritzeko eta laguntzeko asmoarekin, lan-taldeko kideek erabaki dute lehenik eta behin ipar Euskal Herriko zinema eta ikus entzunezko sektorearen egoeraren azterketa bat burutzea, azterketa horrek lurraldeko hizkuntzen errealitatea kontutan hartuko duelarik. Honela, aipatutako sektorearen egoera ezagutzeko lan-talde honek eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmena sinatu dute Baionan.  Helburua da ikerkuntzaren eta ezagutzaren transferentziaren arloan aldeen arteko lankidetza-esparru bat sortzea, Ipar Euskal Herriko ikus-entzunezko eta zinemagintza sektorearen balantzea egiteko. Balantze horrek lurraldeko ekoizpen eta koprodukzioak azpimarratuko ditu, baita Frantzian 2015 eta 2021 artean ekoiztutako/batera ekoiztutako euskarazko filmak ere.

Inmaculada Arostegui, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerketaren arloko errektoreordeak lehen hitzarmen hau urtebeteko lanaren emaitza dela azpimarratu du. “Euskal Herriko Unibertsitatea gai sentitzen da burutuko dugun lana egiteko: NOR ikerketa taldeak hainbat ikerlari kualifikatu ditu, senior zein gazte, Ipar eta Hego Euskal Herriko zinemagintza aztertzen dutenak. Horregatik zinez espero dugu lan honen emaitzak baliagarri izatea gainerako erakundeentzat, guretzat izango diren bezala. Eta ondorioz Ipar Euskal Herrirako zinemagintza politika eraginkor bat abian jartzeko.”