«Eskolabideak; jardunbide egokien kasu baten azterketa»

0

«Eskolabideak; jardunbide egokien kasu baten azterketa» txostena aurkeztu dute gaur goizean, Bilboko Udaletxean. Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin eta Solasgune entitate dinamizatzailearekin lankidetzan, uriko zenbait ikastetxetan abiarazitako eskola-bideen proiektuaren garapena, aurrekariak eta inpaktua aztertzen du UPV/EHUren ikerketak.

Azterlana aurkezteko prentsaurrekoan, honako hauek egon dira: Nora Abete, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzia; Itziar Larizgoitia, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Osasun Publikoko eta Adizkioetako zuzendaria; Pedro Blanco, Solasguneko hezitzailea, eta Idoia Legorburu, UPV/EHUko ikertzailea, txostena egiten ibilitakoa.

«ESKOLABIDEAK»

Eskolarako joan-etorrietan haurren segurtasuna eta autonomia sustatzeko eta haurrak hiri-ingurunean ahalduntzeko ezarri zen urian «Eskolabideak» proiektua. Izan ere, ibilgailu pribatuak gero eta gehiago erabiltzearen, eta segurtasunari lotutako beste kontu batzuen ondorioz, hirietako adingabeek gero eta autonomia eta askatasun txikiagoa dute. Horrez gain, haurrentzako gero eta gune seguru gutxiago dago, eta, sarri, eremu horiek hesituta edo ateekin mugatuta egoten dira.

Egoera horri erantzuteko, Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak «Eskolabideak» proiektua ezartzea sustatu du uriko zenbait ikastetxetan, ikasleek eskolarako bidea beren kabuz eta modu aktiboan egin dezaten, oinez, patinetean edo bizikletaz. Bide batez, adingabeen artean ariketa fisikoa sustatzen da, beren osasun-maila hobetzen da, eta ohitura osasuntsuei buruz kontzientziatzen dira. Ekimenaren beste helburuetako bat da joan-etorrietan ekologia eta jasangarritasuna bezalako balioak bultzatzea; alegia, ingurumen-inpaktu txikiagoa duten garraio-alternatibak lehenestea, motordun ibilgailuen aurretik.

Bilboko zenbait ikastetxe publiko eta itunpeko joan dira proiektura batzen, eta, apurka-apurka, ari dira ekimena garatzen. Honako hauek hartu dute parte: Mina del Morro, Pagasarribide Eskola, Indautxuko Eskola eta Gallego Gorria Eskola. Beste hauek, berriz, programaren lehen faseei ekin diete: Artxandape Ikastola, Kirikiño Ikastola, Iruarteta, Tiboli Eskola eta Cervantes Eskola.

Gainera, Bizkaiko hiriburuan, Intxixu Ikastolak, Mujika Eskolak, Maestro García Rivero Eskolak, Karmelo Ikastolak, Luis Briñas Eskolak eta abarrek ere proiektuak garatu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailaren aholkularitzarekin. Eta, nola ez, ezin dugu ahaztu Juan Delmas Eskola: haiek izan ziren beren eskola-bidea martxan jarri zuten Bilboko lehenengo eskola.

«ESKOLABIDEAK» PROIEKTUAREN EMAITZAK

Aurkeztutako azterlana horrelako ekimenen onurei buruzko ikerketa zabal baten parte da. Proiektuaren metodologia eta lan egiteko modua sistematizatzen ditu; bere indargune eta ahulguneak identifikatzen ditu; haurren parte-hartzea, ikastetxeekin izandako lankidetza eta sustatutako prozesuen jasangarritasuna aztertzen du, eta ekimenean parte hartu duten haurrengan izandako eraginari erreparatzen dio.

Ikerketa egiteko eta proiektuaren indargune eta ahulguneak identifikatu eta aztertzeko, datuak biltzeko zenbait teknika erabili dituzte: banakako elkarrizketak, dokumentuen azterketa, kontraste-saioak, denbora-lerroak eta abar.

Honako hauek jasotzen ditu txostenak «Eskolabideak» proiektuaren indargune gisa: adingabeen autonomia handitzea; ibilgailuen trafikoa gutxitzea eta eragindako inguruneetan trafikoa arintzea; haurren artean laguntasuna eta talde-sentimendua areagotzea, eta proiektua etengabe garatu izana, tartean COVID-19aren pandemia egonda ere.

Beste indargune batzuk dira beste udalerri batzuetan abiarazitako antzeko ekimenekin lotzea eta ekimen horiek laguntzea, eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailaren konpromiso zuzena (horri esker, bermatuta egon da bestela lortuko ez zen arreta- eta baliabide-maila).

Beste alde batetik, identifikatutako ahulguneak familia eta ikastetxeen beldurrei lotuta daude, adingabeen autonomia eta hortik eratorritako arriskuak onartzeari dagokionez. Beste arazo bat izan da batzuetan nahaste-borrastea sortu dela parte-hartzaileen artean, eskola-bideen diseinua lantzen hasterakoan, eta, ondorioz, programatik kanpoko eskaerak agertu direla. Azkenik, pandemiak ere eragina izan du parte-hartze eta eztabaida prozesu batzuetan, eta ekimena abiaraztea geldiarazi du.

Balizko hobekuntzei dagokienez, gomendatzen da ikastetxe guztiak bilduko dituen talde eragilea sortzea, Umeen Kontseilua bezalako ekimenekin loturak sustatzea (haurrek parte hartzeko udal organoa da Umeen Kontseilua), eta proiektuari buruzko informazioa eta zabalkundea hobetzea.

Horrez gain, azterlanak gomendatzen du metodologiaren alorreko gai batzuk hobeto definitzea, Informazio Geografikoko Sistema delako tresna proiektu honen eta antzekoen mesedetan erabili ahal izatea, proiektuaren marka eta nortasuna indartzea, bere komunitate-izaera handituta, eta, batez ere, haurrak jartzea proiektuaren aitzin: lehentasunezko tokia ematea, beren iritziak eman ahal izateko eta prozesuan alderdi loteslea izan ahal izateko.

Azkenik, ikerketak proposatzen du egindako lana berreskuratzea eta ekimenari bultzada bat ematea, pandemiaren eraginez hasitako proiektuak baztertu zituzten ikastetxeak erakartzeko.

SARE SOZIALAK: