Esférica Rioja Alavesa abuztuan itzuliko da musika, artea eta gastronomia batzen dituen programa erakargarri batekin

0

Esférica Rioja Alavesa abuztuaren 18tik 21era itzuliko da, eta musika, arte eta enogastronomiako kontzertu programa erakargarria izango du Arabako Errioxako natura eta ondare gunerik ikusgarrienetako batzuetan. Abuztuaren 18tik 21era 15 artistak baino gehiagok parte hartuko dute jaialdiaren bigarren edizioan, besteak beste hauexek: Mon Laferte, Iván Ferreiro, Elena Setién eta Kruder & Dorfmeister.

Eskaintza musikala osatzeko, eskualdeko hainbat espaziotako esku hartze artistikoak eta proposamen gastronomiko bat egingo dira, oraingo honetan Francis Paniego 3 Michelín izarreko sukaldaria gehituta.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eta Carlos Montilla Esférica Rioja Alavesako zuzendariak aurkeztu dute gaur jaialdiaren bigarren edizioko programazioa Artium Museoko ekitaldi aretoan, eta nabarmendu dute Arabako Errioxa eskualdeko turismo sektorean eta oro har Araban duen eragin positiboa.

«Esférica Rioja Alavesa eskualde honetako lehen mailako sustapen elementua da, eta, jakina, bertako turismo sektorerako jarduera ekonomikoa sortzen duen ekitaldia da. 2021eko edizioak 1.300 parte hartzaile bildu zituen, gehienak Arabatik kanpokoak, eta 250.000 euroko eragin ekonomikoa izan zuen eremu honetan. Bigarren edizio honetan zifra horiek 3.000 parte hartzaileraino eta 350.000 euroraino iristea aurreikusten dugu», azaldu du Cristina Gonzálezek.

Javier Hurtado sailburuak azpimarratu duenez, jaialdi honek «musikaz beteko du berriro Arabako Errioxa, turismoa COVID-19aren aurreko zifretara hazten ari den une honetan: 2022ko urtarriletik maiatzera bitartean Euskadira etorritako bisitarien kopuruak 2019ko aldi berean erregistratutakoak gainditzen ditu, eta datuak ditugun azken bi hilabeteetan (apirila eta maiatza) hazkundea etengabea izan da. Esférica Rioja Alavesa ezin hobeto txertatzen da Eusko Jaurlaritzak turismo jasangarriaren alde egiten duen apustuan; izan ere, eskualdearekiko konpromisoa aldarrikatzen du, eta jasangarritasuna eransten dio bere ikusmolde guztiari».

«Eta, ildo horretan, gogoan izan behar dugu jasangarritasuna 3 esparrutan izan behar dela: ingurumen, gizarte-kultura eta ekonomian, tokiko garapena eta destinoan inplikatzea esan nahi baitu. Horrelako ekitaldiek, gainera, halako ekarpenak egin ditzakete», erantsi du.

Esperientzia bakarra

Esférica Rioja Alavesak jaialdiak ulertzeko modu berri bat proposatzen du, jendeari aukera ematen baitio esperientzia bakar batez gozatzeko, Arabako Errioxako espazio berezietan kokatutako kontzertu esklusiboen bidez, bertako ardo eta gastronomia onenarekin lagunduta. 2021eko lehen edizioak arrakasta izan ondoren, jaialdiaren programa lau egunera zabalduko da aurten, abuztuaren 18tik 21era.

Guardia, Bastida eta Lapuebla de Labarca berriro izango dira musika eta kultura kontzertuen agertokiak, eta Eltziego berrikuntza gisa gehituko zaio lau zutabetan (musika, artea, gastronomia eta lurraldea) oinarritutako programazioa duen jaialdi baten egoitza diren udalerrien zerrendari. Arabako Errioxako kultura eta ondare balioak aprobetxatu nahi dira proposamen desberdin eta berezi bat sortzeko, bost zentzumenekin gozatuko dena.

Esférica Rioja Alavesaren bigarren edizioak berriz ere jarriko ditu harremanetan artistak eta publikoa, paregabeko espazioetan 15 kontzerturen bidez, nazio eta nazioarte mailako talde eta bakarlariekin, hala nola  Mon Laferte, Iván Ferreiro, Kruder & Dorfmeister, Tanxugueiras, Glassio, The Excitements, JP Bimeni & The Black Belts, Ele, Dani, Los Mejillones Tigre, Elena Setién, Omago, Germán Salto, Mute All DJ eta Ángel Carmona.

Kontzertu horietako agertokiek natura, ondarea eta ardoaren arkitektura uztartzen dituzte: Ysios eta Marqués de Riscal upategiak, Santiago Calatrava eta Frank Ghery arkitekto ospetsuen sinadura daramatenak, hurrenez hurren; Lapuebla de Labarcako Póveda naturagunea; Eltziegoko San Andres eliza; eta Guardiako Abacial Dorrea edo Villa-Lucía, besteak beste, eta bertan bakarlariak eta taldeak arituko dira.

Tokiko gastronomia eta 0km-ko produktuak izango dira protagonistak hainbat proposamenen bidez; gainera, Eltziegoko Marques de Riscal hoteleko sutegien buru den Francis Paniego 3 Michelín izarreko sukaldariak hartuko du parte; Artium Museoa, Cooperativa Performaren komisariotzarekin, berriz, Esférica Rioja Alavesako esku hartze artistikoaz arduratuko da hainbat espaziotan.

Esférica Rioja Alavesaren nortasun ezaugarriak dira jasangarritasuna eta inklusibitatea. Konpromiso hori islatzen da, besteak beste, mugikortasun plan batean, udalerri desberdinen eta jaialdiko agertokien arteko garraio publikoaren bidez, anezken bidez, Poveda (Lapuebla de Labarca) bezalako espazio berezietan; eta hondakinen kudeaketa arduratsuan, edalontzi/kopa berrerabilgarriak, material naturaletako altzariak eta agertokiak erabiliz, eta hondakinen gaikako bereizketarekin.

Era berean, kontzertuetan espazioak eta sarbideak erreserbatuko zaizkie mugikortasun urriko pertsonei, eta garraio publikoa autobus egokituen bidez eskainiko da.

Argibide gehiago eta sarrerak jaialdiaren web orrian daude eskuragarri: www.esfericariojaalavesa.com