Bilboko Udalak abian jarri ditu jada aisialdiko eta kontziliazioko udako 5 programak

0

Bilboko Udalak abian jarri ditu jada aisialdiko eta kontziliazioko udako 5 programak, zientzia, balioak, kirola eta musika protagonista dituen programazioarekin.

Goizeko Udalekuetan, Eguneko Udalekuetan, Udan primeran kirola eginez, Campus Berezietan eta musika-udalekuetan egiten diren jarduerak uriko barruti guztietan banatzen dira, eta uda osoan zehar 3 eta 18 urte bitarteko 6.000 adingabek baino gehiagok hartuko dute parte.

Bilboko Udalaren helburua da laneko eta familiako bizimodua uztartzen laguntzea, eta, aldi berean, lekuak eta aukerak eskaintzea umeek trebetasun berriak eta jokoak ezagutzeko eta beren inguruko adingabeekin harremanak izateko.

Gaur goizean, Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak eta Juan Ibarretxe eta Iñigo Zubizarreta Gizarte Ekintzako zinegotziek Eguneko Udalekuetan parte hartzen duten taldeetako bat bisitatu dute. Zehatz esateko, Zorrotzako Institutura joan dira. Bertan, Gure Lurra elkartearen eta Elhuyarren laguntzarekin, Bizilabe programa garatzen ari dira, STEAM gaitasunak sustatzea helburu duena, hau da, zientzia, teknologia, ingeniaritza, arte eta matematikarekin lotutako gaitasunak.

Horrela, gaur goizean, 10 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek tailer bat egin dute eguzki-labearen prototipo bat eraikitzeko, ondoren bertan elikagairen bat prestatu ahal izateko.

Bizilabe programa Zorrotzako udalekuetan garatzen da lehen aldiz, eta Otxarkoagakoetan bigarren urtez jarraian. Horrela, Udalak bere konpromisoa indartzen du zientzia garatu eta hiriko auzo guztietara hurbiltzeko, «haur guztiei aukera emanez trebetasun zientifiko eta teknologikoak modu dibertigarrian garatzeko aisialdiko espazio eta denbora batean», Errotetak nabarmendu duenez.

Bilbok lehen Bizilabe zentroa inauguratu zuen 2017an, Deustun. Ordutik, milaka gaztek parte hartu dute beren jardueretan. 2021-2022 ikasturte honetan jarduera Otxarkoagako Gaztegunean ere egin da eta 2022-2023rako Bizilabe gune berria egongo da Zorrotzan.

Zientziaren eta teknologiaren alorra, Erroteta zinegotziak gogorarazi duenez, eskaintza zabal baten parte da, adingabe guztien gustuetarako pentsatua. “Gure udal-programek balioekin, bizikidetzan, aniztasunean eta inklusioan edo berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzen laguntzen diguten jarrerekin lotutako jarduerak ere badituzte. Gainera, kirolzaleentzat eta musikazaleentzat jarduerak eskaintzen ditugu”. “Helburua haurren gustuak ahalik eta modu zabalenean asetzea da”, ondorioztatu du.

Azkenik, Errotetak gogorarazi du Eguneko udalekuek zuzeneko esleipenerako 485 plaza gordetzen dituztela kalteberatasun-egoeran dauden familientzat, “adingabeek inguruko beste haur batzuekin lotzeko eta integratzeko loturak ezar ditzaten, bakoitzaren egoera kontuan hartu gabe eta elikadura-beharrak beteta izan ditzaten”. Gainera, aurten Ukrainatik etorritako haurrek ere parte hartzen dute. Une honetan Bilbon bizi dira, eta aisialdirako, dibertsiorako, entretenimendurako eta harremanetarako gunea eskaintzen zaie.

SARE SOZIALAK: